Muga lotzeko pasabide bat

‘Intzola, pasoko bidea’ liburua argitaratu dute Ziburuko Jakintza eta Berako Mugerri elkarteek. Mugaren alde bien arteko harreman historikoa aztertzen du lanak.

Intzolako bidearen zati bat
Bera eta Urruña arteko Intzolako bideak eta pistak bat egiten duten tokia. PAUL BADIOLA
inaki rubio
2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Intzolako haranean, izen bereko errekastoaren ibilguari jarraikiz, bada bide bat, Urruña eta Bera (Nafarroa) lotzen dituenak. Euskal Herriko edozein txokotako beste pista bat dirudike lehen begi kolpean, baina arreta jarriz gero, andana dira behinola hura bide hagitz berezia izan zela azaltzen duten arrastoak. Hala, Intzola, pasoko bidea liburua argitaratu dute.

«Herrian, guztiok ezagutzen dugu bidea, baina inor gutxik hark ezkutatzen duena», esan du Berako Mugerri elkarteko kide Jon Abrilek. Izan ere, aspaldiko garaietatik ibili da gizakia paraje horietan, eta baita itzala utzi ere. Lehen arrastoak historiaurrekoak dira, eta horren erakusle dira trikuharri, dolmen eta bestelako monumentu protohistorikoen aztarnak, mendi muinoetan han-hemenka.

Germaine Hacala Ziburuko Jakintza elkarteko kideari betidanik sortu dio jakin-mina inguruko ondareak. «Betidanik ezagutu dut bidea, baina kuriosoa iruditu zitzaidan erromanoek jada erabili zutela», esan du. Merkataritza eta kultura harremanak sortu zituzten bertakoekin, eta bestelako bizimoduak zabaldu. Besteak beste, mineralak erauzteko teknika hobeak erakutsi zizkieten baskoiei, jada burdinaren industria hasiberri bat garaturik bazuten ere, Bortzirietan eta Oiartzualdean bereziki. Erromatarrak joandakoan, industria horrek sasoi betean jarraitu zuen, eta burdinola andana eratu zituzten mugaren alde bietan.

Toponimiak ematen du, hain zuzen ere, presentzia horren berri. Hamaika dira -ola atzizkia duten tokien izenak inguru horretan. Intzola da horietako bat, Abrilek azaldu duenez: «Badirudi ihintza anitz zegoen burdinola batek eman ziola izena bideari». Berako eta Lesakako meategietatik minerala atera, eta burdinoletara eramaten zutela ere azaldu du, Donibane Lohizuneko portuan saltzeko gero.

Izan ere, harreman anitz bazen bide horren bitartez, Hacalak argitu duenez. «Idiekin garraiatzen zituzten burdina eta industriari loturikoak; bitxia da bi aldeen arteko lotura burdinaren bitartez sendotu izana».

Horren karira, ekonomia indartsu bat sortu zen inguruan, eta leku estrategiko bilakatu; merkataritzarako, nagusiki. Donibaneko portua hamasei kilometrora baino ez zegoen, eta Bidasoa ibaiak ahalbidetzen zuen produktuen garraioa Oiartzualdera. Izan ere, Bidasoa ibaia soilik uberaz edo itsasontziz zeharkatu zitekeen, 1793an ibaiaren gaineko lehen zubia eraiki zuten arte. Berako haranaren eta Lapurdi mendebaldearen arteko harreman ekonomikoetarako baliatu zuten bidea bertakoek.

Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga bertan ezartzeak ere balio estrategikoa eman zion tokiari; nazioarteko harremanetarako, besteren artean. Horrek, ordea, gatazka anitz sortu zituen iraganean, eta ohikoak izaten ziren gerlak. Mugaren inguruan izandako gorabeherak ezezagunak zitzaizkiola aitortu du Abrilek, eta interesa piztu diotela erantsi.

Harremanak ehuntzen

Bidearen ondare historikoa gordetzearren, ikerketa bat abiatu zuten Guy Lalanek eta Paul Badiolak, hurrenez hurren, Jakintza elkarteko zuzendariak eta zuzendariordeak. «Aspaldi hasi zen Badiola ingurua ikertzen Jacques Blot arkeologoarekin batera; biziki ongi ezagutzen dute lekua», esan du Hacalak. Horixe da, izan ere, Jakintza elkartearen asmo nagusia: tokiko historia zabaltzea eta denen esku jartzea.

Ikerketa horretatik abiaturik egin du Intzola, pasoko bidea liburua Mugerrik. «Ikerketa frantsesez dago, eta guk euskaratzea pentsatu genuen, liburu forma emanez», esan du Abrilek. Hamar bat urte daramatzate bi elkarteek elkarlanean, tokiko ondarea bultzatzeko. Bi aldeen lotunea aldarrikatu nahi izan du Abrilek: «Inoiz baino harreman gutxiago dugu bi aldeen artean, teorian mugarik ez dagoen garai honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.