Zinemagilea

Luis Arrieta: «Ohartu dira istorioak, Nafarroan gertatu arren, unibertsalak direla»

Luis Arrieta zinemagilearen ‘Sustraiak’ lanak hamaika sari irabazi ditu abenduan Bilbon estreinatu zutenetik. Trentoko jaialdian jaso berri duena izan da «bereziena».

Luis Arrieta zinemagilea, 'Sustraiak' dokumentalaren egilea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Luis Arrieta zinemagilea, 'Sustraiak' dokumentalaren egilea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Italiatik bueltan, «pozarren» da Luis Arrieta zinemagile nafarra (Iruñea, 1983), mendiko zinemagintzako Trentoko jaialdiko Mario Bello saria eskuratu baitu haren Sustraiak. Raíces perdidas dokumentalak: mendizaletasunaren balioak hobekien islatzen dituen lanari ematen zaiona, hain zuzen. Nafarroara bakarrik etorri diren gazte migratzaile batzuen istorioa kontatu du Arrietak, eta nabarmendu eskalada izan dela gazteok sare bat ehuntzen hasteko tresna nagusia. Haiekin ospatuko du, gaur, filmak abenduan Bilbon estreinatu zutenetik Trenton eta bertze hainbat jaialditan hamaika sari jaso izana.

Hainbat sari jaso dituzu. Nolakoak izan dira azken hilabeteok?

Oso politak. Hamar jaialdi ingurutan egon da filma: Ingalaterran, Suedian, Italian, Frantzian... Orain, gainera, Errumaniatik eta Hego Koreatik deitu gaituzte.

Espero zenuen halako oihartzuna izatea?

Amets bat da hau guztia niretzat. Batez ere, Trentoko jaialdiko saria jaso izana.

Zergatik da berezia Trentokoa?

Mendiko zinemagintzaren esparruan, munduko jaialdirik zaharrena da, historia handikoa. Gainera, Italian egin nuen Erasmus, eta Alpeetan aritzen nintzen eskalatzen. Trentok garrantzi handia du niretzat. Italian eman nuen urte hartan, ikusle gisa egon nintzen jaialdian, eta orduan ezin nuen imajinatu ere egin hainbat urte joan eta gero nik egindako film bat aurkeztuko nuela han. Gauza handia da jaialdian parte hartu eta sari bat jaso izana.

Zehazki, Mario Bello saria eman dizute: mendizaletasunaren balioak hobekien adierazten dituen filmaren saria, alegia. Mendiaren bidez, arlo soziala landu nahi izan duzu zuk. Sariak ongi egin duzula berretsi dizu?

Bai. Gainera, sari hori Italiako Mendi Klubak ematen du, eta Italian egon nintzenean ikasketa garaian, 2007an, taldeko kide egin nintzen. Unibertsitatera baino lehen joan nintzen klubera, federatzeko, eta Italian eskalatu eta eskiatu ahal izateko. Oso berezia izan da; ohartu dira, nire ustez, gure filmeko istorioak, Nafarroan gertatu arren, Italian ere gerta zitezkeela, unibertsalak direla. Trento, hain zuzen, Italia eta Austria arteko mugan dago, eta migratzaile asko pasatzen dira handik Alemaniara bidean.

 'Sustraiak' dokumentalean parte hartu duten Juanjo Moreno, Javier Bermejo 'Txispi', Abderahmane Bari, El Bachir Saidi eta Luis Arrieta, urrian, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan. IÑIGO URIZ / FOKU
'Sustraiak' dokumentalean parte hartu duten batzuk, Juanjo Moreno, Javier Bermejo 'Txispi', Abderahmane Bari eta El-Bachir Saidi, eta Luis Arrieta, urrian, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Nolakoak izan dira Trenton emandako egunak?

Oso politak. Gainera, neska laguna eta biok joan ginen. Hura ere Italian egon zen Erasmus egiten, eta berezia izan da biok elkarrekin itzultzea. Polita izan da ikus-entzuleen berotasuna jasotzea; Trenton, gainera, profesional asko egoten dira, beste jaialdi batzuetako jende asko. Hamaika txokotako zuzendariekin egoteko aukera izan nuen.

Sari honek ateak zabaltzeko ere balio du?

Bai. Finean, Trentoko jaialdia erakusleiho handi bat da, han erakusten dituzten lanak mundura zabaltzeko. Trenton saria jaso eta gero, gainera, animatu naiz beste urrats bat egitera, eta izena eman dut Kanadako Banffeko jaialdian. Hori ere oso garrantzitsua da. Gure lanak beste lan gehienek baino askoz ere aurrekontu urriagoa izan du, baina onenen artean lehiatzeko gai izan da, eta horrek bultzada handia eman dit.

Dokumentalean ageri diren gazteek nola hartu dute sariaren berria?

Saria jaso eta gero, lehen mezua dokumentalean parte hartu dugun guztion arteko taldera bidali nuen. Poz handiz hartu zuten berria. Oso polita izan da gazteon ilusioa ikustea. Maiatzaren 15ean [gaur] Berriobeitin aurkeztuko dugu filma, eta egun hori saria ospatzeko aprobetxatuko dugu.

Zer erran dizute gazteok? Gazte migratzaileak ikusezin bilakatzen dira, anitzetan, eta filmak kontrakoa lortu du: erdigunean jarri ditu.

El-Bachir Saidiren hitzak datozkit orain burua, hark beti esaten baitu harrotasunez betetzen duela filmaren bidez jendeak ikusteak gazteok ongi ari direla. Harro dago, eta gustura aritzen da dokumentala aurkezteko saioetan. Harenaren gisako mezuak behar dira, hedabide askok gazte migratzaileak kriminalizatzen eta estereotipo huts bilakatzen baitituzte. Dokumentalaren bidez, mendiaren ingurukoa oso mundu enpatikoa dela erakutsi dugu, eta balio duela desberdinkeriei aurre egiteko. Jaialdietan, hain zuzen, beste hainbat istorio ezagutu ditut.

«Mendiaren ingurukoa oso mundu enpatikoa dela erakutsi dugu, balio duela desberdinkeriei aurre egiteko»

Nolako istorioak?

Europa ekialdeko Tatra mendietan, adibidez, handik pasatzen diren migratzaileen kontrako mafiak badira. Mendizaleen aterpeak dauden tokietan, berriz, eskalatzaileek toki seguruak sortu dituzte, eta zer jan, zer jantzi eta beste uzten dituzte migratzaileentzat. Halako elkartasun istorioak oso hunkigarriak dira. Mendiaren eta gizartearen arteko loturak ematen ditu halakoak; elkartasuna pizten da. Gure dokumentala Iruñean estreinatu aurretik ere, aurkezpen oso berezi bat egin genuen Elkarri Laguntza elkartearen egoitzan.

Zergatik izan zen berezia?

Kalean bizi diren gazte migratzaileen aurrean erakutsi genuen filma; oso giro berezia sortu zen, eta, amaitu zenean, gazte asko etorri ziren niregana beren istorioen berri ematera. Filmak horretarako ere balio badu, erabil dezatela.

Hasi al zara hurrengo proiektua lantzen?

Bai. Trentoko sariak, gainera, bultzada handia eman dit. Afganistango emakume eskalatzaileen inguruko lan bat egin nahi dut, ingelesez. Gai hori lantzen hasi naiz. Nire hirugarren film luzea izanen da, eta uste dut lan horrekin koska bat gora egin dezakedala nire bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA