Ziur paradisu hitza ezaguna zaizula, are gehiago, ziur noizbait horren inguruan hitz egin duzula; baina, zer da zuretzako paradisua?
Ez dakit noizbait nirea irudikatzeko denborarik hartu ote dudan; baina ziur noizbait partekatu izan dudala zer legokeen bertan. Hala eta guztiz ere, nahiz eta saiatu, ez naiz gogoratzen. Beraz, orain, horretarako abagunea harturik eta pentsatzen hasirik, kolore berdea, laranja, urdina eta beltza gailenduko liratekeela uste dut: lokatzez blaitutako bidezidorren bat; eguzkia nahiz ilargia ortzi-mugaren infinitua argitzen; hostoren bat itsaslabarrean behera, auskalo. Haatik, jakin badakit ez nintzatekeela ez gose, ez egarri, ez hotz, ez bero izanen eta, halaber, nire gorputzak ez lukeela inolako gaixotasunik edota indarkeriarik jasateko arriskurik izanen. Ildo berean, argi dut ez nukeela kale gorrian lorik eginen, ez nik, ezta beste inork ere; izan ere, inork ez digu sekula esan paradisuan goserik, egarririk, eritasunik, armarik, mugarik, etxegaberik eta indarkeriarik dagoenik.
Apika, horregatik guztiagatik deritzogu paradisua, eta, berebat, agian, horrexegatik dakigu ez garela bertan sekula biziko; jakin baitakigu segur aski paradisuaren ideia mundua ordurako infernu hutsa zelako sortu zutela.
Urteotan sekulakoak eta bi ikusi, entzun eta bizi behar izan ditugu. Pentsaezintzat hartzen genuena aise errealitate izan daitekeela ikusi dugu, eta, maiz, nahi eta nahi ez, horren konplizeak izan gara.
Ildo berean, gizakion bizitzak deus gutxi balio duela erakutsi digute, noizbait baliorik izan baldin bazuen, noski. Horren erakusgarri da Elhadji Ndiayeren kasua. Hamar urte igaro berri dira Elhadji Ndiaye hil zela, Espainiako Poliziak kalean bortizki atxilotu eta polizia-etxera eraman ostean; hamarkada bat Ndiayeren atxiloketaren bideoak eta bertan grabatutako aieneak zabaldu zirela eta Ndiayeren heriotza artxibatu zela.
Gauza gutxi aldatu dira ordutik, eta aldatu direnak ez dakit onerako aldatu ote diren. Dena den, aldaketak aldaketa, indarkeriak norbanakoaren izana osorik zeharkatzen eta berau akabatzen jarraitzen du, gero eta inpunitate handiagoarekin; asko eta asko baitira berau hauspotzen jarraitzen dutenak. Bada, egoera honakoa izanik, ez da harritzekoa guk geuk ere indarkeria normalizatu izana eta gure bizitzan eta gorputzean sartzen utzi izana.
Pentsaezintzat hartzen genuena aise errealitate izan daitekeela ikusi dugu, eta, maiz, nahi eta nahi ez, horren konplizeak izan gara
Orotariko Euskal Hiztegian paradisu hitza bilatu dut, euskaldunok zein testuingurutan erabili izan dugun ikusi nahi izan dudalako, eta Joan Batista Elizanburu bertsolari saratarraren XIX. mendeko honako aipua aurkitu dut: «Mundu huntan berean nahi dute egin bere parabisua». Bada, bai; paradisua eraikitzea posible balitz, bai.
Ziur nago berrehun urte beranduago askok eta askok jarraitzen dugula gure bizitzan ongizatea, bizitza, erosotasuna, babesa eta zoriontasuna aldarrikatzen nahiz eraikitzen. Oraindik ere, mundua bizigarri egiteko nahia dugu: paradisuaren ideia ez da heriotza osteko leku ideala, baizik eta mundu honetan bertan eraiki beharreko bizitza duinaren, justiziaren eta indarkeriarik gabeko norbanakoen ahalegina.