Pilotaren geroa, feminismoaren ikuspegitik

Euskal Pilotaren Nazioarteko I. Biltzarra egin dute Iruñean. Bertan, emakumeek pilotari bihurtzeko izaten dituzten zailtasunen zergatiak azaldu dituzte.

Euskal Pilotaren Nazioarteko I. Biltzarra. 'Emakumeak eta pilota' mahai ingurua. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Pilotaren Nazioarteko I. Biltzarra. 'Emakumeak eta pilota' mahai ingurua. IÑIGO URIZ / FOKU
Naiara Santano
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko sinbolotzat jo daiteke pilota. Edozein herritako frontoitan ikusten da jendea pilotan. Baina, beste errealitate batzuen antzera, irudi hori gizartearen nolakotasunak zeharkatzen du; besteak beste, patriarkatuak. Olatz Gonzalez EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak argi dauka: «Pilotak ez luke generorik izan beharko, baina badu». Emakumeak «kirolaren biziraupenerako oinarrizkoak» direla esaten jarraitu du, baina, hala ere, «sistematikoki baztertuak» izan direla. 

Euskal Pilotaren Nazioarteko I. Biltzarra egin zuten azaroaren 12an. Hainbat mahai inguru egon ziren Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta haietako bat Emakumea eta pilota izenburukoa izan zen. Gonzalez ez ezik, beste hiru emakume ere egon ziren mahaiaren bueltan: Andrea Lusarreta, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko burua; Chus Lopez, Espainiako Pilota Federazioko gizarte arloko presidenteordea; eta Uxue Fernandez Lasa, EHUko irakaslea eta ikertzailea.

Hainbat datu eman zituzten, eta deigarrienetako bat lizentzia kopuruena izan zen. Pilotan orotara 10.000 lizentzia daude, eta horietatik 1.300 inguru baino ez dira emakumeenak. Lopezek azaldu duenaren arabera, espeleologian bezainbeste lizentzia daude pilotan, baina emakumeak askoz gehiago direla dio: %40. 

Lopezen aburuz, generoaren araberako «sozializazio moduak» daude datu horien atzean. Neska-mutilek patriarkatuaren eskakizunen arabera sozializatzen dute, eta «horregatik daude kirol maskulinizatuak eta kirol feminizatuak». Sozializazioari azpiegitura patriarkala gehitu behar zaio. Pilotako epaile eta jokozainen %13 baino ez dira emakumeak, hau da, erabakitzeko ahalmena duten postuetara iristeko zailtasun handiagoak dituzte. 

Profesionaltasuna mugarri 

Neskek eta emakumeek, adinaren arabera, pilotako kategorietan zer leku duten azaldu dute solasaldian, eta gaur egungo argazki orokorra erakutsi. Benjamin kategorian jokatzen duten haurretatik %1 neska da. «Gurasoek, askotan, pilota gizonezkoen kirol moduan ikusten dute, eta ez dituzte eramaten», azaldu du Gonzalezek, datuari arrazoi bat emate aldera. «Frontoian sartzeko irrikan dauden neskak badaude, baina ez dira sartzen», gaitzetsi du Gonzalezek. Egoera horri aurre egin, eta «jokatzera gonbidatu» behar direla dio: «Txikitatik ikusi behar dute ere frontoia beren lekua ere badela».

Kadete mailan igo egiten da neska kopurua: %25 dira. Seniorretan, berriz, jaitsi: %7 dira emakumeak profesionalen arloan. «Badakite ez dutela osperik frontoiaren erdigunean», argudiatu du Gonzalezek. 

Ospe falta hori argi ikusten da frontoian jasotzen duten tratuan. Emakume jokalariei paternalismoz hitz egiten zaiela salatu du Lopezek: «'Jokoa nola hobetu' erakutsi nahian, publikoko hainbat gizonek pilotariei oihukatzen diete. Zein emakume hasten zaio oihuka gizon pilotari bati bere 'jokoa nola hobetu' gomendatuz?».

Dena den, laurek onartu dute emakume pilotariek ikusgaitasuna lortu dutela. Oinarrizko gauzetan bada ere aurrerapenak lortu dituztela-eta poztu da Lusarreta; izan ere, gaur egun emakume pilotarien partidak ez dituzte «ordutegi txarrenetan» jartzen, eta badute beren gorputzera egokitutako arropa egokia. Fernandezek aitortu du berdintasunaren aldeko borrokan bere zalantzak ere badituela: «Ez dakit benetan berdintasuna lortu nahi den edo politikoki zuzena delako egiten den».

Izan berri den Munduko Pilota Txapelketa ere mahai gainean izan dute. Lopezek emakumeek izandako rola goraipatu du: «Garaipenen %44 emakumeen kategorietakoak izan dira, denak urreak eta zilarrak». Fernandezek, ordea, gehitu nahi izan du ez dela esku pilotan emakumezkoen talderik egon.

Betikoen oztopoak 

Galderen txanda iritsi denean, Labriten argi geratu da zergatik den horren beharrezkoa berdintasunaren inguruko jardunak egitea. Publikoko bi gizonek hartu dute mikrofonoa, eta biak legeak ezartzen dituen berdintasun kuoten aurka agertu dira. «Merituagatik irabazi» beharko lituzketela postuak, eta ez «berdintasuna lortze aldera». Adierazpen horiek kontraesanean daude Lopezek azaldutako sozializazioaren eta azpiegitura patriarkalaren kontzeptuekin. 

Mahaiaren bueltan lau emakume, lau aditu, eta publikotik hitz egitean bi gizonek ez diete txandarik eman beren ihardespenei erantzuteko. Gonzalezek irmo erantzun die: «Feminismoak begiak irekitzen ditu, baita pilotan ere».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA