Berako etxeko urak Bidasoa ibaia zeharkatzen duen hoditik ailegatzen dira herriko araztegira; berez, Lesakako Udalaren menpeko lurretan da azpiegitura hori, Alkaiagako industrialdean. Herritar talde batek bat egin du atean, Nilsak antolatutako bisitan parte hartzeko asmoz. Dabilen haize zakarrak, tarteka, ura garbitzeko prozesua hasten den biltegian pilatu den zaborraren usaina zabaltzen du inguruan, baina inor ez da mugitu: jakin nahi dute araztegira ailegatzen den ur zikina nola garbitzen duten, berriz ere Bidasora botatzeko moduan utzi arte. Nilsako heziketa programako kide Garazi Garijok azaldu die zer lan egiten duten.
Komunaren Munduko Eguna izan da azaroaren 19a, eta, haren bueltan, araztegien inguruko hainbat ekinaldi antolatu ditu Nilsa enpresa publikoak, Baztan-Bidasoan. Eskoletako haurrekin tailerrak egin dituzte, eta herritar ororentzat bisitak prestatu Berako eta Baztango araztegietara. Azaroaren 21ean egin dituzte Berakoak. Parte hartu duten herritar gehienek lehen bisita dute azpiegiturara, eta jakin-min handiz entzun dituzte Garijok emandako argibideak. Kezka nagusi bat dute denek: Bidasoa ibaiko uraren kalitatea. Araztegirik ez zegoenean amuarrain eta izokin gehiago bazirela erran dute batzuek, eta araztegia dagoenetik ura anitzez ere garbiagoa dagoela erantzun bertze batzuek. «Araztegiak herriko etxeko urak garbitzeko balio du; inportantea da ibaira ur garbia itzultzea, ekosistema ez hondatzeko. Egunko klima aldaketako garaian, halere, ibaiei eragiten dieten bertze hamaika faktore daude, eta denak kontuan hartu behar dira ibaien kalitateari buruz ari garenean», zehaztu du Garijok.
1990eko hamarkadatik
Berako araztegia 1990eko hamarkadaren bukaeran jarri zuten martxan. Araztegira ailegatzen den ur zikina bahetzea da prozesuaren lehen urratsa. «Komunetik botatzen dugun guztia ailegatzen da araztegira; bota behar ez dena ere bai, bertzeak bertze, paper zapi bustiak. Kanpainak egin ditugu, eta egia da lehen baino gutxiago botatzen dituztela, baina oraindik ere arazo bat dira, hodietan pilatzen baitira eta hondatzen baitituzte. Sare osoari eragiten diote», azaldu du Garijok.

Ura bahetzeko lehen geldialdian, hondakinik handienak kentzen dituzte. «Zabortegira doaz zuzenean, horiek ezin baitira berriz erabili», azaldu du Garijok. Prozesuaren hurrengo urratsak eragiten dituen hondakinak, berriz, erabil daitezke bertze zerbaiterako: lurra ongarritzeko erabiltzen dituzte lohi bilakatutako hondakin horiek. Bigarren urrats horretan, hain zuzen, uretan oraindik dauden hondakin organikoak bereizteko lehen lana egiten du araztegiak: dekantazio prozesu baten bidez, hondakin organikoak hondoan pilatzen dira, pisu handiagoa baitute. «Bigarren urrats hori burutu eta gero, ura bakterioak dituen bertze biltegi batera pasatzen da; bakterio horiek ura garbitzen dute, hain zuzen», erantsi du Nilsako kideak. Finean, bakterio horiek ibaian eginen luketen lan bera egiten dute araztegian. «Kontua da araztegian prozesua modu kontrolatu batean egiten dugula. Ur zikin horrek bakterio gehiegi eraginen luke ibaian, eta bakterioek oxigenorik gabe utziko lukete ura. Horrek, noski, ekosistema osoari eraginen lioke».
Bakterioek beren lana egin eta gero, ura bigarrenez sartzen dute dekantazio prozesu bat egiteko biltegi batean, eta, handik, Bidasora itzultzen da berriz. Sumatzen da aldaketa uraren kolorean. Nilsak oroitu du munduan 3.400 milioi pertsonak ez dutela komun bat etxean, eta 1.700 milioi pertsonak ez dutela eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzeko toki bat. Araztegira bisita egin duten herritarrek badute zer hausnartu.