Uxue Juarez
IRITZIA

Tatxers

2026ko urtarrilaren 23a
05:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi aste bukaera igaro dira jada Tatxersen kontzertuan egon nintzenetik. Haien abesti baten letra birmoldatuz, igande horretan denak hotzez gainezka geunden, kaleak ilunpean eta hutsik zeuden. Gazteluko enparantzan topo egin genuen L., A., Y.  eta laurok. A.-k aurkeztu gintuenetik, kontzertuetara joateko nire lagun bilakatu da L. L. Bilbon bizi da eta gutxitan elkartu ohi gara, baina topo egiten dugunero, kristoren barreak egiten ditugu. Gauza bera gertatzen zait Y.-ren ondoan. Nire amakideak dira. Amatasunaren olatuan murgildu nintzenetik eta ia bertan ito nintzenetik, nire komadreak izan dira. Nire ahizpak. Musikak maiz salbatu izan gaitu, salbatzen gaitu. Gure antidotoa da. Eta haiek nire antidotoa dira. Erreza da edozein zalantzari buruz beraiekin mintzatzea, frekuentzia berean bibratzen duten horietakoak baitira.

Horregatik Y.-k EZEZEZ eta Tatxersen kontzertura joateko proposamena egin zigunean, baietz erantzun genion. Are gehiago, Tatxersen gure ikasleak izandako Martinek eta Jonek jotzen dutenez, ilusioa egiten zigun haiek oholtza gainean ikusteak. Ez nuen espero Jonek errekonozituko ninduenik, DBH3-n biboterik gabe ezagutu nuen Jon berberak besarkada erraldoia eman zidan. Eta samurtasun ikaragarria sentitu nuen une horretantxe. Eta berdin sentitu nintzen berriro Tatxersen musikak Indara aretoa bete zuenean, azken boladan hain zaurituak, hain kakaz gainezka zeuden gure bihotzak berotuz, injustiziek eta ultraeskuinaren diskurtsoak zartatuta eta zulatuta dauden gure bihotz beldurtu guztiak musikaz betez, musikaz blaitzen. 

Gure ahizpen ondoan gorputzak astintzen ditugun heinean, musikak eman ohi izan dit beti egunerokotasunaren erokerian aurrera egiteko indar hori

Eta hori guztia pentsatzen ari nintzelarik, Jonek kantatu zuen: Zerk ematen dizu indarra/ Horrekin joan beharko aurrera. Gure ahizpen ondoan gorputzak astintzen ditugun heinean, musikak eman ohi izan dit beti egunerokotasunaren erokerian aurrera egiteko indar hori. Baita azken boladan ezagutzen ari naizen pailazoen eta kaleko antzerkiaren giroak, bertan topatzen dudan umoreak eta nire semeak irudikatzen dituen fikziozko munduak eta hitz jokoek ere. Edota, kontzertutik aterata, hiri bakartia eta izoztua bizikletaz zeharkatzeak etxerako bidean. Aurreko guztiari gehituko nioke kontzertu amaieran nire ikasle ohiengana berriro gerturatu nintzela eta bere azken komeriek barrualdea alaitu zidatela: duela urteak ikusi ez dudan J. Telekoko irakaslea dela NUPen, A. soinu teknikari moduan super gustura ari dela, beste A. eta I. erizainak direla, eta pozik dabiltzala, eta A. Madrilgo antzokietan dabilela antzezle lanetan. Berezia izan zen niretzat 3. DBH-ko talde hura. Zintzoki hitz eginda, maite ditudala esango nuke. Horregatik, gazteak despolitizatuta daudela eta pasiboak direla entzuten dudan bakoitzero, eta azken boladan gizadiak bere autosuntsipena ahalbidetu duela aditzen dudanean, irakaslea naizenetik ezagutu ditudan pertsonita kritiko eta maitagarriekin gogoratzen naiz. Kabroiak betiere egon badaude. Eta, nahiz eta batzuetan kabroikeriari aurre egiteko gai garela ahazten zaigun, eutsi. Kantatuz. Saltoka. Dantza eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA