Ultzamaldeko zaintzaileen omenez

Ultzamaldeko gizarte zerbitzuek jardunaldi bat egin dute Larraintzarren, eskualdeko zaintzaileen lanari balioa emateko ondu duten dokumentala aurkezteko eta zaintzaren auziari buruzko gogoeta sustatzeko. Isabel Saezek zuzendu du lana.

Ultzamaldeko zaintza lanei buruz egindako dokumentala aurkezteko ekitaldia, Larraintzarko gizarte etxean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ultzamaldeko zaintza lanei buruz egindako dokumentala aurkezteko ekitaldia, Larraintzarko gizarte etxean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Larraintzar
2026ko martxoaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adineko hiru emakumek elkar agurtu dute, Larraintzarko gizarte etxeko areto nagusian sartu baino lehen. Dotore jantzita agertu dira hirurak, eta ile apaindegitik pasatu direla ematen du. Elegante egon nahi izan dute dokumentalaren aurkezpenerako. Ultzamaldeko gizarte, osasun eta berdintasun zerbitzuek eskatuta egin du lana Isabel Saez zinemagileak, eskualdeko zaintzari buruz. Balioa eman nahi izan dio zaintzaileen lanari, eta zaintzari buruzko gogoeta sustatu. Larraintzarren estreinatu eta gero, eskualdeko bertze hainbat herritan aurkeztuko dute datozen asteotan.

Emanaldia hasi baino ordubete inguru lehenago iritsi dira Ultzamaldeko gizarte zerbitzuetako langileak Larraintzarko gizarte etxera. «Urduri» dira estreinaldiagatik. Omenaldi xume bilakatu nahi izan dute aurkezpena, eta lore sorta batzuk gorde dituzte oholtza gainean, gero dokumentalean agertzen diren zaintzaileei eta zaindutako herritarrei oparitzeko. «Eskualdeko herritarrak gero eta zaharragoak dira, eta hizpidera ekarri nahi izan dugu zaintzaren kontua. Gero eta jende gehiagok behar du nork zaindu, eta landa eremuan dauden oztopoen inguruan gogoeta egin nahi izan dugu», erran du gizarte zerbitzuetako kide Josune Ibarrak.

«Eskualdeko herritarrak gero eta zaharragoak dira, eta hizpidera ekarri nahi izan dugu zaintzaren kontua»

JOSUNE IBARRA Ultzamaldeko gizarte zerbitzuetako kidea

Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen du. Alizia Ilarregi da langileetako bat, eta Isabel Saezek dokumentalerako elkarrizketatu dituen zaintzaileetako bat. «Zerbitzu horretaz gain, zahar etxea bada eskualdean; beste herritar batzuek zaintzaileak kontratatzen dituzte, orduka, edo egoiliar gisa», zehaztu du Ibarrak.

Elva Contreras orduka aritzen da, eta Liliana Pereira, berriz, egoiliar gisa. Biak ageri dira Saezen lanean, baina ezin izan dute aurkezpenean parte hartu. Pereira Maria Esther Arano zaintzen aritu da azken urteotan; urtarrilaren 15ean zendu zen. Haren iloba Teresa Rodriguez igo da Larraintzarko gizarte etxeko oholtzara, izebaren izenean gizarte zerbitzuek eskainitako loreak jasotzera. «Hunkituta» ikusi du dokumentala, eta nabarmendu du «anitz» estimatzen duela Lilianak eta haren gisa landa eremuan zaintzaren esparruan ari direnek egiten duten lana.

«Opari» bat Saezentzat

Isabel Saezentzat «opari» bat izan da Ultzamatik zaintzari buruzko lana egiteko deia jaso izana. Izan ere, fikziozko film labur bat prestatzen ari da, eta zaintza da lantzen ari den gaietako bat. Laster dirua biltzeko kanpaina bat jarriko du martxan, filma zabaldu ahal izateko. Oroitu du emakume migratuak ari direla zaintza lanetan nagusiki, eta haien lan baldintzak, anitzetan, eskasak direla. «Landa eremuan zailtasun handiak dituzte; mugitzeko arazoak izaten dituzte, eta lanetik kanpo bertze lagunekin bat egiteko gune gutxi». Larraintzarren egon da dokumentalaren estreinaldian, eta elkarrizketatu zituen herritarrak agurtzeko aukera izan du. Eskertu du denen babesa.

Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Josu Larretxea, Maria Josefa Berasain eta haren alaba Amaia Berasain, lore sorta jasotzen, Larraintzarko gizarte etxean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Josu Larretxea, Maria Josefa Berasain eta haren alaba Amaia Berasain, lore sorta jasotzen, Larraintzarko gizarte etxean. IÑIGO URIZ / FOKU

Saezen dokumentalean agertzen direnetako bertze bat da 82 urteko Maria Josefa Berasain. Alabarekin egon da Larraintzarren, eta ondoan izan du hainbat orduz zaintzen duen emakumea ere, Virginia Eleta. Dokumentalean sumatzen da haien arteko harremana estua dela; Berasainen alaba Amaia Berasainek biziki eskertu du Eletaren laguntza. «Gizarte langileak ere pasatzen dira amaren etxetik», erantsi du, esker onez. Maria Josefa Berasain aretoko lehen lerroan egon da dokumentalari so, eta bukatu denean kontatu du «ongi» aritu zela filmatzeko lanetan. Eskertu du zaintzaileen ardura, eta oroitu du bere etxe bereko bigarren solairuan seme bat duela. «Ez nago bakarrik».

Askotarikoa da Ultzamaldean ari diren zaintzaileen egoera, eta askotarikoa, halaber, zaintza behar dutenena ere. Eskualdean sinatua dute zaintzaren aldeko itun bat, eta horren barruan egin dute Saezek zuzendutako dokumentala. Larraintzarren estreinatu eta gero, zabaltzen segituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.