Zientzia eta artea eskutik doaz Erroibarko Elutseder elkarteak eta Erro-Orreagako Parke Mikologikoak elkarrekin antolatu duten zientzia ilustrazioari buruzko ikastaroan. Biharkoa dute hirugarren saioa, eta denera sei eginen dituzte, Erroko Etxean. Ainhoa Lekuona (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996) eta Maria Pinta (Zaragoza, Espainia, 1974) marrazkilariak ari dira irakasle. Uztailaren 17an, lumak marrazten ikasteko saioa antolatu zuen Lekuonak, eta bihar, berriz, ikastaroko hirugarrena eginen du Pintak. Abuztuaren 21era bitarte ariko dira, larunbatero.
«Oso kontent gaude, ikastaroak arrakasta handia izan baitu; ia saio guztiak beteta dira jada», nabarmendu du Elutseder elkarteko kide Manuela Prestok. Kultur elkarte bat da Elutseder, eta Erroibarko ondareari balioa ematea du helburu nagusi; ondare naturalari ere bai. «Artea, natura eta zientzia lotu ditugu jarduera berean», erantsi du.
Prestok garbi du irakasleengatik piztu duela ikastaroak hainbertzeko jakin-mina. «Lehen mailakoak dira». Lekuona eta Pinta, hain zuzen, lehendabizikoz ari dira elkarrekin, eta biek eskertu dute Erroko ikastaroak emandako aukera.

Lekuonak zuzendu du aurreneko saioa, eta abuztuaren 1ean eta 8an emango ditu hurrengo biak. «Oso gustura ari naiz; tokia zoragarria da». Lekuonak txikitatik marrazten du, edo, hobeki erranda, inoiz ez dio marrazteari utzi. Biologiako ikasketak egiten ari zenean, irakasle batek gelara eramaten zituen lurreko ornodun disekatuak marrazten hasi zen: «Detaile guztiak harrapatzen saiatzen nintzen; ikasteko modu bat zen niretzat. Irakasleak behin esan zidan nire marrazki horiek zientzia ilustrazioak zirela».
«Pasioz» bizi du Lekuonak ilustrazioaren esparruko lana; biologiaren eta zoologiaren arlokoa ere bai. Biak uztartzen ditu, oraingoz, eta natura eta fauna bilakatu ditu bere ilustrazioen oinarri. «Zientziaren eta gizartearen arteko zubi lana egiten du zientzia ilustrazioak», azpimarratu du, eta erantsi «zorroztasuna» duela ezaugarri nagusi.
Inguruari balioa eman
Lekuona hasiberria da zientzia ilustrazioari buruzko ikastaroen esparruan, eta aitortu du inpostorearen sindromeari aurre egin behar izaten diola, oraindik ere: «Duela urtebete baino gehiago hasi nintzen, eta oraindik ere urduri jartzen naiz. Halere, saioak bukatutakoan, jendea niregana hurbiltzen ohi da asko ikasi duela esatera. Horrek asko pozten nau». Zientzia ilustrazioaren arloan, hain zuzen, badu bide bat egina jada, eta Aranzadi zientzia elkartearentzat egin ditu lanak, bertzeak bertze. «Zorroztasunez» aritzeko beharra berretsi du, eta zientzia ilustrazioek «balio handia» dutela erantsi.
Maria Pintak bide luzeagoa badu egina, eta nabarmendu du, hain zuzen, esperientzia hori baliatzen duela Erron antolatu dutenaren gisako ikastaroetan, zientzia ilustrazioaren ingurukoak zabaltzeko. «Ni, baina, ez naiz biologoa, eta ezagutza hori da Ainhoak [Lekuona] ikastaro honi ematen diona».

Pintak biharkoa izanen du bere bigarren saioa; uztailaren 24koan, ilustrazio botanikoari buruz aritu zen ikasleekin. Zehazki, akuarela eta tenpera teknikak landu zituen. Pintak eskertu egin du Erron aritzeko aukera, eta Erroibar ikastaroa egiteko «toki paregabea» dela azpimarratu du. Ibarreko faunari eta landareei eginen die so bere saioetan. «Nire asmoa da jendeak inguruan duenari balioa ematea. Egunero txori bat entzun baina ikusten ez duen horrek ikas dezala zein hegazti dituen inguruan, bertzeak bertze».
Zientzia ilustrazioek «balio artistikoa» ere badutela erran du Ainhoa Lekuonak, eta «dibulgaziorako» tresna ere badirela. Horixe uste du Maria Pintak ere; erantsi du, gainera, zientzia ilustrazioek zorroztasuna oinarri izan arren «nork bere estiloa» baduela, eta artistak «bere arima» uzten duela ilustrazio orotan. «Lan handia dago marrazki baten atzean, eta lan hori sumatzen da azken emaitzan».

Lekuonak ere nabarmendu du «ikerketa lan handia» egin behar dela zientzia ilustrazio bat egiten hasi aurretik, marraztu nahi den hori «zehaztasun osoz» jaso ahal izateko. «Zientzia ilustratzaileak erabakitzen du ikuslearen atentzioa nora bideratu; abantaila hori du: artistak nahi duena nabarmentzen ahal duela, zorroztasun eta zehaztasun osoz», erantsi dute bi ilustratzaileek. Pinta Erron izanen da bihar; Lekuona, berriz, abuztuaren 1ean itzuliko da. Erroko fauna eta landareak marrazten segituko dute ikastaroko parte hartzaileek.