Zientzia maite duen irakasle izabar baten memoriak

'Pedro Miguel Etxenike. Euskal zientzialari unibertsala' izenburupean, Izabako fisikariaren biografia ondu du Fermin Erbitik. Iruñean elkartu dira biak, zientziaz eta bertzez aritzeko.

Pedro Miguel Etxenike eta Fermin Erbiti, Iruñean egindako saioan. IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK FUNDAZIOA
Pedro Miguel Etxenike eta Fermin Erbiti, Iruñean egindako saioan. IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK FUNDAZIOA
edurne elizondo
Iruñea
2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Fermin Erbitik lan bikaina egin du, Pedro Miguel Etxenikeren alderdirik humanoena eta, aldi berean, zientifikoena jaso baititu». Horixe erran du Pamiela argitaletxeko editore Lander Majuelok, Erbitik Etxenikeri buruz idatzi duen biografiaz. Pedro Miguel Etxenike. Euskal zientzialari unibertsala izenburuko liburuan, fisikari izabarraren ibilbidea jaso du Erbitik —gaztelaniaz idatzi du, eta Fernando Reyk euskaratu—. Iruñean aurkeztu du lana, Etxenikerekin batera, eta liburuan bezala, haurtzaroaz, zientziaz, politikaz, euskaraz eta bertzez aritu dira, Civican aretoa lepo bete duten herritarren aurrean. Pamielak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak antolatu dute aurkezpena.

Sumatzen zaie konplizitatea; sumatzen da Etxenike eta Erbiti luze aritu direla hitz egiten, elkar ezagutzen, bigarrenak lehenaren biografia osa zezan. Zientzialariaren haurtzaroaz hiru orduz solastatu zirela kontatu du Erbitik aretoko ikus-entzuleen aurrean, eta argi erran dio Etxenikeri laburrago mintzatu beharko dela. Eroso eseri da fisikaria besaulkian, eta, aretoko pantaila handian agertu diren argazkien harira, orain arte egindako bere bideko gako nagusietan eta haien inguruko pasadizoetan murgildu da. Nerea Erbitik, Jokin Zabalzak eta Igor Saezek jarri diote musika ekinaldiari, eta ikus-entzuleek barrez eta bukaeran txalo joz lagundu dute Etxenikeren kontakizuna. Zientziak eta zientzia komunikatzeko nahiak zirrara eragiten diotela aitortu du fisikariak, eta hitzaldian agerian utzi du halaxe dela.

Etxenike fisikari bilakatu zuen bidea, hain zuzen, Euskal Herriko «herririk politenetako batean» hasi zen: Izaban. Han sortu zen Pedro Miguel Etxenike, 1950. urtean. Haurtzaroaz oroitu denean, zientzialariak hitz bat nabarmendu du: askatasuna. Karrikan eta naturan garatu zituen haur bat zeneko jokoak eta abenturak, Javiertxo eta Maite anai-arrebekin batera. Hiruren artean zaharrena da Pedo Miguel. Javiertxo urtebete gazteagoa zen, eta 2024. urtean zendu zen. Hura aipatu duenean, galerak eragindako samina sumatu zaio Etxenikeri. Pantailan elkarrekin agertu dira Cambridgeko Unibertsitatean, eta fisikariari tristura irribarre bilakatu zaio argazkia ikusi duenean: «Anaiak oparitutako puruak ikusten zaizkit jakaren poltsikoan; Montecristoak! A zer erokeria!», erran du, barrez.

Izabatik Cambridgera

Izabako eskolatik Lekarozko institutura mugitu zen Pedro Miguel Etxenike. Berehala nabarmendu zen bertze ikasleen artean, eta ikasle onenaren saria jaso zuen. Unibertsitatean ere, sarien bidean jarraitu zuen. Akademiaren arloko lorpen horiek oroitu dituenean, gurasoak —Pedro Etxenike eta Felisa Landiribar—, eta, bereziki, ama izan ditu gogoan. «Amak hagitz ongi egiten zuen euskaraz; bera bakarrik alfabetatu zen. Hagitz azkarra zen, eta borondate irmokoa». Landiribar maistra joan zen Izabara, Ultzamatik. San Fermin ikastolan aritu zen lanean urte luzez. «Gurasoak bizirik baleude, erabat hunkituta egonen lirateke gaur hemen».

Pedro Miguel Etxenike, gurasoekin, Lekarozen, ikasle onenaren saria jaso eta gero. PAMIELAK UTZITAKOA
Pedro Miguel Etxenike gurasoekin, Lekarozen, ikasle onenaren saria jaso eta gero. PAMIELAK UTZITAKOA

Esker ona agertu die Etxenikek gurasoei; ez haiei bakarrik. EHUko errektore izandako Pello Salaburu ere aipatu du, bertzeak bertze, eta Etxenikek garbi erran du «anitz» zor diola. «Anitz zor diot jende anitzi, zorte handia izan baitut, eta jende anitzek lagundu baitit. Ez naiz fio inori deus zor ez diola erraten duen jendeaz». EHU ez ezik, Nafarroako Unibertsitatea eta Cambridgekoa ere nabarmendu nahi izan ditu.

Unibertsitateok anitz eman diotela azpimarratu du, eta erakundeotan irakasle eta kide izan dituenek anitz irakatsi diotela ere bai. Cambridgen, hain justu, Nobel saria irabazi duten hainbat irakaslerekin bat egin zuen. Etxenikeren tesia zuzendu zuen John Pendryk ez du oraindik jaso, baina izabarrak irabazletzat zuen aurten egindako kinieletan: «Ziur nintzen emanen ziotela; hurrengo urtean izanen da. Oroitu zaitezte haren izenaz: John Pendry».

Etxenike ere eredu bilakatu da hango eta hemengo zientzialari anitzentzat; bertzeak bertze, ikasle izan dituen gazteentzat. «Umiltasunik gabe erranen dut: uste dut irakasle ona izan naizela. Unibertsitatean, irakasle batek egin dezakeen gauza bakarra da irakasten duen gaiarekiko zaletasuna transmititzea. Gaia benetan maite duenari berez etorriko zaizkio gainerakoak».

Pedro Miguel Etxenike, eskuinean, Cambridgen, Pierre Vaesenekin (ezkerrean) eta Joseph Needhamekin. PAMIELAK UTZITAKOA
Pedro Miguel Etxenike, eskuinean, Cambridgen, Pierre Vaesenekin (ezkerrean) eta Joseph Needhamekin. PAMIELAK UTZITAKOA

Etxenikek garbi du ikasleak ere zientziaren katea osatzen duten begiak badirela. «Zientzia ez da alda ez daitezkeen dogmen multzo bat; zientzia abentura intelektual eta humano bat da, abentura kolektibo bat. Katebegi orok egiten duena inportantea da, baina, noski, tarteka, jauzi handia egiten duten aparteko pertsonak sortzen dira».

Garaikoetxea lehendakariarekin

«Ikasleak behar du gutxieneko ahal tekniko bat; hortik aurrera, sormena sustatu nahi badugu, ikasleak behar du askatasuna, behar du huts egiteko aukera, behar du aitortza, eta behar ditu baliabideak». Duela 25 urte sortutako Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren gisakoen bidez, hain zuzen, ikerketaren aldeko giro hori bultzatu nahi du Etxenik. «Errezeta horrek arrakasta ekar dezake, baina, noski, ezin du bermatu».

Zientziaren arloan bezala, Etxenikek nabarmendu du politikaren esparruan ere gutxieneko ahal teknikoa «ezinbertzekoa» dela edozein proiektuk aurrera egin dezan. Carlos Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izateko deitu zuenean —1980tik 1984ra egon zen karguan—, Etxenikek hiru aldiz erran zion ezetz: «Garaikoetxeak, bere biografian, erraz konbentzitu ninduela erran zuen; baina nik gogoan dut hirutan erran niola ezetz, baiezkoa eman aurretik. Ez nuen uste karguak behar zuen neurria emateko gai nintzenik». Etxenikek lagun izan zuen Garaikoetxea, eta garbi utzi du lehendakariak arrasto sakona utzi diola.

Eusko Jaurlaritzak iaz 1980ko gobernuko kideei egindako omenaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eusko Jaurlaritzak iaz 1980ko gobernuko kideei egindako omenaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Pantailan Nafarroako Ikastolen Elkarteak 2023an egindako omenaldiaren irudia agertu denean, hain zuzen, ekinaldi hartan Garaikoetxea ondoan izan zuela aipatu du, eta horrek bilakatu zuela sari hura berezi. Ez da Etxenikek jaso duen bakarra: hamaika eman dizkiote. Fisikaren munduan egin duen lana aitortu dute guztiek. Etxenikek berretsi du zientziak «izaera kolektiboa» duela, eta, gizakia, finean, izarren hautsa bertzerik ez dela: «Zientzia erabilera praktikoa baino anitzez gehiago da. Azken urteotan, munduari buruzko gure kontzepzioa erabat aldatu da. Ikasi dugu galaxia bateko planeta txiki bat bertzerik ez garela; izarren hautsa bertzerik ez gara, izar berrien hautsa izatera eramanen gaituen halabeharrezko prozesu zikliko batean sartuak». Denbora azkar joan da Iruñeko Civican aretoan. Musikariek goxatu dituzte Etxenikeren azken hitzak. Bukatu da irakasle izabarraren eguneko lezioa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA