Martxan da aurten ere Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua (EHMDZ): bihar izango da lehen proba, Asteasun (Gipuzkoa), eta ehundik gora partaide ariko dira. Lehiakideek 7,2 kilometro osatu beharko dituzte mendian korrika, eta beste 15,8 kilometro mendiko bizikletan. Arratsaldean izango da mendi duatloia, 16:00etan. Goizean, berriz, 11:30ean, haurrentzako mendi duatloia izango da, Danena Txirrindularitza Eskolak antolatuta, txikienei kirol hori erakusteko.
Aurten, zazpi proba izango dira guztira Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan. Asteasukoaren ondoren, urrian eta azaroan izango dira gainerakoak: urriaren 4an, Durangokoa (Bizkaia); urriaren 11n, Idiazabalgoa (Gipuzkoa); urriaren 18an, Kanpezukoa (Araba); urriaren 25ean, Aiakoa (Gipuzkoa); azaroaren 1ean, Ibarrakoa (Gipuzkoa), eta azaroaren 15ean, azkenik, Adunakoa (Gipuzkoa). Kanpezukoa izango da aurten Euskal Herriko Txapelketa, eta ohiko moduan, Adunako probaren ondoren egingo da zirkuituaren amaierako ohiko afaria eta sari banaketa.
Aurten, Amasan (Gipuzkoa) ez da probarik izango, eta horren pena agertu du Juan Zubiak, EHMDZko antolakuntzako kideak: «Hasiera-hasieratik, lehen urtetik, egin da Amasako proba, eta, 32 urtez duatloia antolatzen aritu eta gero, antolatzaileek uztea erabaki zuten iaz. Pena da, klasikoa baitzen». Baina, horren ifrentzu, bi proba berri batu dira aurten egutegira: Asteasukoa eta Idiazabalgoa. «Pozgarriena da, gainera, jende gaztea dagoela atzean; zirkuituan parte hartzen zuen eta duen jendea, engaiatutako jendea. Denak dauka hasiera eta bukaera, eta proba batzuk eroriz joan dira. Gazte hauek ere ohartu ziren, EHMDZk aurrera egitekotan, beraiek ere zerbait egin behar zutela, eta halaxe egin dute». Aiako, Durangoko eta Kanpezuko probak antolatzen ere jende gaztea dabilela azpimarratu du Zubiak.
Zirkuituko proben antolaketari eta egutegiari dagokienez, aurten eskutik joago dira EHMDZ eta Trialoi Federazioa; hori izango da 2025eko beste berrikuntza nagusietako bat. Hala, mendi duatloi horiek Triatloi Federazioaren egutegian sartuko dira, eta federazio horretako epaileek kontrolatuko dute proben martxa egokia. «Bat egite hori onuragarria izango da guztiontzat. Nolanahi ere, EHMDZk eutsi egingo dio bere izaerari eta lan egiteko moduari. Adibidez, triatloi federazioak antolatutako probetan ez dago bikoteka ateratzeko aukera hori —batek korrikako zatia egitea eta besteak mendi bizikletakoa—, baina guk eutsi egingo diogu aukera horri», jakinarazi du Zubiak.
«Aurten Asteasuko eta Idiazabalgo probak batu zaizkigu lehen aldiz zirkuituko egutegira. Pozgarriena da, gainera, jende gaztea dagoela proba horien atzean»
JUAN ZUBIA EHMDZko antolakuntzako kidea
Izan ere, banaka nahiz bikoteka parte har daiteke mendi duatloi hauetan. Binaka, batek korrikako zatia egiten du, eta besteak, mendiko bizikletakoa. Bikoteak, berriz, mistoak, neskez osatuak edo mutilez osatuak izan daitezke. «Bikote mistoek abantaila bat dute sailkapen orokorrean; izan ere, lehen bikote mistoak hiru puntu gehigarri eskuratzen ditu. Hau da, sailkapenean, adibidez, lehen bikote mistoak laugarren egin badu, postu horri dagozkion zazpi puntuez gain, beste hiru eskuratuko ditu, hamar guztira, lehen bikoteak adina. Urteren batean, bikote mistoren batek irabazi izan du zirkuitua bikotekako sailkapen horretan», azaldu du Zubiak.
Bikoteka parte hartzeko aukera hori «egokia» da, EHMDZko antolatzaileen ustez, mendi duatloiak ezagutzeko: «Hurrengo batean, agian, bakarka ere animatuko dira, baina lehenbiziko urratsa hori da: gerturatzea, probatzea eta proba hauek zer diren ezagutzea. Jende asko animatzen da berriz parte hartzera».
Zirkuituko bi irabazleek 500 euroko saria eskuratuko dute; bigarrenek, 300 eurokoa; hirugarrenek, 200 eurokoa, eta laugarrenek, azkenik, 100 eurokoa. Proba bakoitzean sariak eman beharrean, leialtasuna saritu nahi dute aurten ere. Hala, sailkapen orokor horri begira, zazpi probatatik gutxienez lau amaitu beharko dituzte lehiakideek, eta bikoteek ere berdin.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak bat egin du aurten ere Etiketa Berdearen egitasmoarekin, ingurumenaren aldeko eta lasterketa etikoen aldeko mugimenduarekin. Hasiera-hasieratik oinarrian izan du EHMDZk auzolana, ingurumenaren aldeko jarrera eta irabazi asmorik gabeko probak izate hori.
Dagoeneko irekita daude egutegiko proba guztietarako izen emateak. Informazio guztia zirkuituaren webgunean dago.
EGUTEgia
- Irailak 27. Asteasu. Lehen zatia: 8,02 kilometroko mendi lasterketa (336 m+); bigarren zatia: 16,19 kilometro mendi bizikletaz (645 m+).Â
- Urriak 4. Durango. Lehen zatia: 3,57 kilometroko mendi lasterketa (124 m+); bigarren zatia: 9,62 kilometro mendi bizikletaz (298 m+); hirugarren zatia: 3,04 kilometroko mendi lasterketa (125 m+).
- Urriak 11. Idiazabal. Lehen zatia: 5,88 kilometroko mendi lasterketa (166 m+); bigarren zatia: 14,82 kilometro mendi bizikletaz (698 m+); hirugarren zatia: 2,18 kilometroko mendi lasterketa (64 m+).
- Urriak 18. Kanpezu. Lehen zatia: 4,82 kilometroko mendi lasterketa (154 m+); bigarren zatia: 21,68 kilometro mendi bizikletaz (798 m+); hirugarren zatia: 1,53 kilometroko mendi lasterketa (18 m+).
- Urriak 25. Aia. Lehen zatia: 6,21 kilometroko mendi lasterketa (275 m+); bigarren zatia: 13,2 kilometro mendi bizikletaz (642 m+).
- Azaroak 1. Ibarra. Lehen zatia: 4,5 kilometroko mendi lasterketa; bigarren zatia: 16,3 kilometro mendi bizikletaz; hirugarren zatia: 2,4 kilometroko mendi lasterketa.
- Azaroak 15. Aduna. Lehen zatia: 3,66 kilometroko mendi lasterketa (118 m+); bigarren zatia: 14,5 kilometro mendi bizikletaz (541 m+); hirugarren zatia: 1,83 kilometroko mendi lasterketa (59 m+).
Â