Janja Garnbretek beste erreferentzia bat ezarri du eskaladaren bibliografiarako

Esloveniarrak 9b+ zailtasuneko ‘Bibliographie’ bidea kateatu du Frantziako Alpeetako Ceuse mendigunean, eta agerian utzi du lehiaketetan eta rokodromoan ez ezik harkaitzean ere inoizko eskalatzaile onena izateko bidean dela.

Janja Garnbret 'Bibliographie' bidea (9b+) eskalatzen
Janja Garnbret 'Bibliographie' bidean (9b+). JESSICA GLASSBERG / RED BULL CONTENT POOL
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josune Bereziartu izan zen 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hastapenetan kirol eskaladaren mugak hautsi zituena: haren hatz puntak izan ziren munduan lehenak 8c (Honky Tonky, Araotz), 8c+ (Honky Mix, Araotz) eta 9a (Bain de Sang, Saint Loup, Suitza) zailtasuneko bideak gainditzen. Azken hamarkadan, berriz, Janja Garnbret esloveniarra izan da haren lekukoa hartu eta kirola muga sinesgaitzetara eraman duena. Lehiaketetan eta murru artifizialetan, inoizko eskalatzailerik onena izan da eta da: bi aldiz izan da txapeldun olinpikoa — 2020ko Tokio eta 2024ko Paris—, hamar aldiz munduko txapeldun, eta 49 proba irabazi ditu Munduko Kopan, hala zailtasunean nola boulderrean, denetan moldatzen baita ondo. Eta orain, harkaitzean ere eskalatzaile osoa dela agerian utzi du munduaren aurrean, 9b+ zailtasuneko bide mitiko bat kateatuta: Bibliographie, Frantziako Alpeetako Ceuse mendigunean.

Garnbretek, 27 urterekin, eskaladaren bibliografiarako hainbat mugarri utzi ditu dagoeneko. Lehiaketan ageriko nagusitasuna agertu du azken hamarraldian, baina harkaitzean gehienez ere 9a gradua zuen kateatuta orain arte. Iazko apirilean, Brooke Raboutou estatubatuarrak Excalibur eskalatu zuenean, emakume batek kateatutako lehen 9b+ bidea, alegia, eskalada mundua esloveniarrari begira geratu zen, hark zer egingo. Bada mundua harriturik utzi du beste behin, Garnbretek, 9b+ gradurainoko jauzia emanda. Bigarren emakumea izan da zailtasun hori gainditzen, eta lehena Bibliographie kateatzen. Bide horren seigarren igoera izan da esloveniarrarena. Eskaladan, 9c gradua da orain arteko sabaia, eta, beraz, eskailera koxka bat beherago baino ez dago Garnbret. Berez, gainera, Alexander Megos eskalatzaileak 2020an Bibliographie lehen aldiz kateatu zuenean, 9c zailtasuna proposatu zuen bide horrentzat, baina gerora Stefano Ghisolfi italiarrak —bigarren igotzaileak— 9b+ graduan finkatu zuen.

«Erronka mentala izan da batez ere, pazientzia gutxiko pertsona bainaiz, eta dena segituan nahi izaten dut. Bide honek konpromiso eta pazientzia handia eskatzen zuen, erritmoa jaistea eta mentalitatez aldatzea»

JANJA GARNBRET Eskalatzailea

Janja Garnbretek aspalditik zuen begiz joa Bibliographie. 2024ko abuztuan proiektuari heldu zionetik, bost bidaia egin ditu Ceusera, eta 60 bat egunetan egin ditu saiakerak lerro hori eskalatzeko. Horrek berak agerian uzten du erretxinazko murru artifizialetatik harkaitzerako trantsizioak zer eskakizun duen, baita txapeldun handienentzat ere. «Erronka mentala izan da batez ere, pazientzia gutxiko pertsona bainaiz, eta dena segituan nahi izaten dut. Bide honek konpromiso eta pazientzia handia eskatzen zuen, erritmoa jaistea eta mentalitatez aldatzea: igo, behin eta berriro saiatu, porrot egin, berriro ekin... Erronka honek erakutsi dit burua lasai edukita eta pazientziaz dena lor daitekeela. Inoiz ez dugu geure burua gutxietsi behar», adierazi du eskalatzaile esloveniarrak.

«Hegan nindoala sentitzen nuen»

Larunbatean kateatu zuen Garnbretek Bibliographie, hilaren 6an. Bi mila metrora —altuera horretan dago bideatenperatura 15 gradu ingurukoa zen, aurreko egunetan baino zertxobait freskoagoa, eta haizea harro samar zebilen arratsaldez. Zailtasun goreneko eskaladan ez da ñabardura hutsala hori, kareharria tenperatura egokian egotea garrantzitsua baita helduleku ezdeusen eta hatzen arteko sentikortasuna fin-fina eta doi-doia izateko. Ordu laurdeneko ahalegina izan zen. «Oso ondo sentitu nintzen. Beroketan jada, hegan nindoala sentitzen nuen. Hala esan nion neure buruari: ‘Ondo zagon, eskala ezan normalean entrenamenduetan egiten dunan bezala’. Eta horrela egin nuen. Baina, aldi berean, erabat kontzentratuta ere banengoen. Gozatu egin nuen».

Janja Garnbret 'Bibliographie' bidea (9b+) eskalatzen
Bidea kateatu ondoren, pozarren. JESSICA GLASSBERG / RED BULL CONTENT POOL

Orain, berriro ere mundua Janja Garnbreti begira geratu da, noiz helduko ote dion 9c graduari. Eskaladan bost gizonezkok proposatu dute gradu hori beraiek eskalatutako bideentzat: Adam Ondrak, Seb Bouinek, Jakob Schubertek, Sean Baileyk eta Jorge Diaz-Rullok, baina oraingoz inork ez ditu errepikatu haien bideak, eta, beraz, berresteko dago gradua. Ez harritu, noizbait, Garnbreten ibilbideari lotutako bibliografian, mugarri horren erreferentzia ere aurkitzea.

Euskal Herrian, Ainhize Belar (Atxondo, Bizkaia, 2006) da gradu horretara gehien hurbildu den emakumezkoa. 2024ko irailean, 18 urterekin, Iñi Ameriketan bide historikoa (9a+) kateatu zuen Belarrek, Iñigo Basterrak ekipatu eta Rikar Otegik 2002an lehen aldiz eskalatutako lerroa. Euskal Herrian 9a+ gradu hori gainditzen zuen lehen emakumea bihurtu zen, eta geroztik ez du beste inork lortu. Janja Garnbretek bezala, Ainhize Belarrek ere garbi adierazi zuen ez diola mugarik jartzen bere buruari. Oraindik orain, Belarrek Obaba bidea (9a) kateatu du Baltzolako kobazuloan, Iñaki Marco Kongi-k ekipatutako lerroa. Dagoeneko 9. gradutik gorako zortzi bide eskalatu ditu Belarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA