Maddi Olaetxea eta Josu Urrestarazu izan dira garaile Asteasuko I. Mendi Duatloian

Ehundik gora lagun lehiatu dira 2025eko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko lehen proban, eguraldia lagun, Anttine elkarteak antolatuta. Erreleboka, Aitor Aizkorbe eta Koldo Herrera biko nafarra izan da irabazle.

Asteasuko I. Mendi Duatloia
Josu Urrestarazu, Asteasuko proban, mendiko bizikletako saioan. ATARIA
ramon olasagasti
2025eko irailaren 29a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hasi da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua (EHMDZ), ondo hasi ere. Larunbatean egin zen Asteasuko I. Mendi Duatloia (Gipuzkoa), eguraldi bikaina lagun –bero gehitxo, aukeran, zenbaiten esanetan–, Anttine elkarteak antolatuta. Bakarka, 50 lagun lehiatu ziren, eta erreleboka, 28 bikote; guztira ehundik gora lagun, beraz.

Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa) bikain hasi da aurten ere, garaipenaren bidetik (1.51.26). Joan den urtean, zirkuituko lau probetan lehiatu zen; hirutan izan zen irabazle –Amasan, Aian eta Adunan–, eta Ibarrakoan, berriz, bigarren. Alabaina, Durangoko eta Kanpezuko lehen bi probetan ez zen atera, eta, ondorioz, EHMDZko sailkapen orokorreko garaipena Nekane Pradera mallabitarrarentzat (Bizkaia) izan zen, oso erregular aritu baitzen proba guztietan. Aurten, datorren asteburuan Durangon egitekoa den proban izan ezik, gainerakoetan parte hartzeko asmotan dela jakinarazi du Olaetxeak.

Usurbildarraren atzetik bigarren Ainhoa Marquinez idiazabaldarra izan zen (2.00.37), eta hirugarren, Nekane Pradera mallabitarra (2.03.24).

Asteasuko I. Mendi Duatloia
Ainhoa Maquinez, Maddi Olaetxea eta Nekane Pradera, lehen hiru sailkatuak. ATARIA

Pozik zen Olaetxea Asteasuko helmugan. «Iazkoaren ondoren bigarren urtea dut zirkuitua egiten, eta oso gustura nago. Azkarregi atera naiz, eta gero sufritu egin dut pixka bat, beroarekin ere bai, karranpak ere izan ditut, baina gustura. Gozatzera etortzen naiz proba hauetara, presiorik gabe. Datorren asteburuan mendiko bizikletako Tierra Estella Epic proba daukat, eta ez naiz Durangon izango, baina printzipioz beste duatloiak egiten saiatuko naiz», jakinarazi zion Tolosaldeko Ataria-ri.

Mutiletan, Josu Urrestarazu (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994) indartsu hasi da aurten ere. Aspalditik dabil Urrestarazu zirkuitu honetan, maila bikainean beti: 2022an eta 2023an Zirkuituaren irabazle izan zen, eta iaz bigarren, Eneko Gurrutxagaren atzetik. Asteasuko lehen proban, korrikako saioan aldea atera eta mendi bizikletan tarte hori ondo kudeatuta lortu zuen garaipena Urrestarazuk (1.25.13). «Aurreko bi asteburuetan, Axeri Trail txikian eta Beriaingo bertikalean gorputzaldi onean sentitu nintzen, eta hirugarren asteburuan jarraian ere hala sentitu naiz. Korrika –hor moldatzen naiz hobekien– tartea atera dut, 50 bat segundo, eta bizikletan ere karrera sendoa egin dut, estropezurik eta erorikorik izan gabe, eta ondo eutsi diot. Oso berezia izan da Asteasuko I. Mendi Duatloi hau irabaztea». Zorionak eman zizkien irabazleak antolatzaileei.

Urrestarazuren atzetik bigarren Paul Bereziartua durangarra (Bizkaia) izan da (1.25.55), eta hirugarren, Alberto Gomez del Rio (1.27.56).

Asteasuko I. Mendi Duatloia
Paul Bereziartua, Josu Urrestarazu eta Alberto Gomez del Rio, hiru aurrenekoak. ATARIA

Erreleboka, Aitor Aizkorbe eta Koldo Herrera bikote nafarra izan zen irabazle Asteasuko lehen proban (1.20.21). Koldo Herrera txirrindulari sunbillarra (Nafarroa) txapeldun izan zen iazko zirkuituan ere, Dani Iparragirre Arantzako (Nafarroa) korrikalariarekin bikoa osatuta. Aurten, Aitor Aizkorbe korrikalari goizuetarrarekin (Nafarroa) ariko da Herrera. Pozik ziren biak Asteasuko helmugan. «Lasterkako zatian, nahiko fuerte hasi naiz, goiti pixka bat sufritu dut, beroarengatik baita ere, baina egia esan gustura bukatu dut, eta gero Koldok errematea eman dio bizikletan». Herrera: «Gustura, egia erran. Eguraldi ederra zegoen, eta denak lagundu du. Elkarrekin lehen aldia genuen, eta kontent». Agian probaren batean ezingo dutela, baina printzipioz zirkuitua elkarrekin egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten bi nafarrek.

Errelebokako proba horretan, Jon Aldalur eta Andoni Egiguren bidaniarrak (Gipuzkoa) izan ziren bigarren (1.26.58), eta Unai Esnaola eta Haritz Artano (1.27.15) hirugarren.

Bakarkako sailkapen guztiak, esteka honetan, eta errelebokakoak, beste honetan.

Hurrengo mendi duatloia Durangon izango da, asteburu honetan bertan, eta asteazkenera arte zabalik izango da izena emateko aukera, EHMDZren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.