Andres Espinosa bekaren deialdia egin du EMFk, alpinismoko proiektuak bultzatzeko

Laguntza 5.000 eurokoa izango da, eta martxoaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. Eskaladako edo alpinismoko egitasmoak eta dibulgaziokoak izan daitezke, besteak beste.

Andres Espinosa mendizalearen marrazkia
Andres Espinosa Aiguille du Midi mendiaren tontorrean. Mendizale zornotzar historikoari eskainitako komikitik ateratako bineta. CESAR LLAGUNO
ramon olasagasti
2026ko urtarrilaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alpinismoarekin, eta, zabalago, mendiarekin lotura duten proiektuak bultzatzeko hainbat deialdi eta laguntza daude martxan Euskal Herrian. Azpeitiko Udalak Joxe Urbieta Takolo mendizalearen oroimenez sustatutako Joxe Takolo beka da horietako bat, 4.000 euroko laguntza. Urretxuko Udalak Xabier Ormazabal mendizalearen oroimenez bultzatutako Xabier Ormazabal beka da bestea. Azken hori mendizale gazteentzat da, 2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat, hain zuzen, eta laguntza 7.000 eurokoa da, Urretxuko Udalak, Mendi Film jaialdiak eta Walk On Project fundazioak finantzatua. Bada, orain, Euskal Mendizale Federazioak Andres Espinosa bekaren deialdia egin du, alpinismoarekin lotutako proiektuak bultzatzeko. Laguntza 5.000 eurokoa izango da.

Beka EMFn federatuta daudenentzat da, banakakoentzat eta taldeentzat. Onuradunek 40 urte baino gutxiago izan behar dituzte, eta gutxienez bi urteko antzinatasuna izan EMFn federatuta. Hala, beka eskuratzeko, alpinismoarekin lotutako proiektu bat garatuko beharko dute deialdiaren urtean. Izan daitezke eskaladako egitasmoak, alpinismo klasikoari lotutakoak, Andeetan, Himalaian edo munduko beste edozein mendigunetan egin asmo dituztenak, dibulgazio lanak (gidak, liburuak edo ikus-entzunezko ekoizpenak)...

EMFren Zuzendaritza Batzordeak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak, besteak beste irizpide hauek kontuan hartuta: proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, mendizaleen aurreko esperientzia, jarritako helburuak eta proiektuak mendizaletasunaren esparruan duten erabilgarritasuna.

Bekaren xedea da hautatutako proiektua garatzen eta gauzatzen laguntzea, eta, bide batez, EMFk «alpinismoa eta diziplina horren barruan maila handiko ekimenak sustatzeko duen konpromisoa sendotzea», deialdian zehazten denez.

Interesdunek martxoaren 27ra arte izango dute aukera proiektuak aurkezteko. Horretarako, proiektuaren asmoa edo memoria eta dagokion aurrekontua aurkeztu beharko dituzte, paperean eta euskarri informatikoan. Memoria edo txosten hori federazioaren egoitzan aurkeztu ahal izango da, aurrez aurre, edo, bestela, posta elektronikoz. Oinarri hauetan daude jasota baldintza, betebehar eta argibide guztiak.

Emandako diru laguntza bi zatitan ordainduko da: erdia adjudikazioa egiten denean, eta beste erdia, berriz, proiektua amaitzean, jardueraren garapenari buruzko azalpen memoria txiki bat, material grafikoa eta bidaia gastuak eta bestelakoak egin direla erakusten duten dokumentuak aurkeztu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.