RED BULL X-ALPS PROBA

Arazoei aurre eginez, Mattin Iñiguez badoa aurrera

Probako lehen egunak «oso gogorrak» izaten ari dira zegamarrarentzat: erabaki okerren bat, tximista batek elektronika hondatu, arnesa puskatu, belauneko mina... Atzo, hegaldi on bat egin ondoren, Saint Moritzera heldu zen, hainbat postu aurreratuta.

Mattin Iñiguez Tre Cime di Lavaredotik hegan igarotzen, Dolomitetan. LUKAS PILZ / RED BULL
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko osteguneko atarikoaren ondoren, igandean, ekainak 15, hasi zen Red Bull X-Alps proba. 33 hegalari-mendizaleak Kitzhubel herriko (Austria) plazatik abiatu ziren, korrika bizian, Hahnenkamm mendirantz. Han goitik aireratu ziren parapentearekin, ekaitzak harrapatu aurretik. Mittersill herrira bidean, 3.000 metrotik gorako altuerak hartu zituzten ekaitz lainoen artean. Munduko hegalari onenak segituan aurreratu ziren: Chrigel Maurer, Maxime Pinot, Damian Lacaze, Christian Schugg, Tim Alongi, Von Kaenel, Simon Oberrauner...

Lehen egun horretan, erabaki txar baten ondorioz, Iñiguezek altuera galdu zuen, eta ekaitzak bete-betean harrapatu zuen. Lau tximista oso gertu ikusi zituen, eta oinazturek kalte egin zioten elektronika guztiari. Haserreari aurre egin, eta zegamarrak oinez eta korrika egin zituen Sexten-eko lehen balizara heltzeko falta zituen 30 kilometro pasatxoak.

Austriatik Italiara igarota, buruan zihoan taldeko kideek Tolinger Knoten ferrata bidea egin, eta hegan jarraitu ahal izan zuten aurrera. Iñiguezek, berriz, Sexteneko balizan sinatu ondoren, beste lau kilometro aurreratu zituen oinez. Halaxe egin zuen igandeak berea. Iñiguezek ez zuen ametsetako hasiera izan, baina horixe du munduko onenen artean hegan ibiltzeak. Hala, igandeko atzerapena zamatu behar izan du gerozko egunetan.

Astelehena ez zen egun erraza izan partaideentzat, eta are gutxiago euskal selekzioa osatzen duten kideentzat. Hegan egiteko «baldintza delikatuak» izan zituzten parapentelariek, haize handia altueran, eta ibarretan ere haize indartsua; horren ondorioz, arrisku dezente hartu behar izan zituzten airean eginiko maniobretan. Esaterako, Maxim Pinot munduko txapeldun eta atariko probaren irabazleak proba uztea erabaki zuen, baldintza horietan hainbesteko arriskua hartzea ez zuela merezi iritzita. Pinoten erabakiak harrituta utzi zituen denak.

Mattin Iñiguezentzat «gogorrak» izan ziren lehen bi egunak. «Atzo [igandea] erabaki txar bat eta gaur ere [astelehena] ez dugu asmatu, eta hemen gaude penitentzian. Gaur 3.000 metrotik gorako desnibela gainditu behar izan dut oinez. Kilometroak ez dakit zenbat izango ziren, 60-80 artean. Bihar oso ondo egin beharko ditugu gauzak, lasterketan irauteko», adierazi zuen. Izan ere, atzo 08:00etan lehen galbahea zuten partaideek: lasterketako azken sailkatua kanpoan geratzen zen. Datozen egunetan, 48 ordutik behin egingo dituzte halako galbaheak. Guztira bost hegalari geratuko dira kanpoan.

Astelehenean arazoak pilatu egin zitzaizkion Iñiguezi: lurreratze batean arnesa puskatu zuen, eta hura josten eta konpontzen nahikoa lan izan zuten taldekideek; hori gutxi ez, eta «belauna ukituta» bukatu zuen etapa. Zegamarra «leher eginda» heldu zen Antermoiara (Dolomitak).

Asteartean, belaun hori zaintzeko asmoz, hegan egiteko estrategia egin zuten euskal selekzioko kideek, eta ondo atera zen. Schennako bosgarren balizatik igaro zen herenegun Iñiguez, atzetik aurrerako ahalegin horretan. «Ibar oso haizetsua zen, eta hegan pasatu ahal izan dut; bigarren hegaldia ere oso ondo atera da, eta ferrata bideraino joan naiz. Ferrata azkar igo, sinatu eta eguna bukatu egin zaigu». Atzekoak gertu zirela jakinda, nightpass baimena hartzea erabaki zuten, hau da, gauez ere jarraitzea. «Gogorra izango da, egunez 3.500 metroko goranzko desnibela egin ondoren orain beste 2.400 ditut aurretik eta gaupasa egitea tokatzen da. Eta biharko eguna ere oso luzea izango da». Horrela laburtu zuen Iñiguezek astearteko eguna.

Astearteko gau horretan, eguneko jipoiaren ondorioz, erdibidean atseden pixka bat hartu behar izan zuen. Goizaldean aurrera jarraitu zuen, eta 08:00ak gainean zirela, planeatze labur bat egin zuen, atzetik zetorren Hugo Alvarez mexikarrak aurreratu ez zezan; izan ere, atzo 08:00etan zuten lehen kanporatzea, eta mexikarra geratu zen azkenean lasterketatik kanpo.

Gaua ia begirik bildu gabe egin ondoren, gorputza maila-maila eginda zuen atzo Iñiguezek. Gainera, gramineoei dien alergiaren batek erasan zion ibilian zihoala, eta laguntzaileen zain egon behar izan zuen alergiaren aurkako tratamendua hartzeko. Goiz erdian, ordea, bere inguruan dabiltzan partaideek baino iparralderagotik hartu zuen zegamarrak, eta mendi kasko batetik aireratuta, termika on samarrak harrapatu zituen. Hala, 3.000 metrotik gorako altueran, hegaldi on bat egin ahal izan zuen, eta lauzpabost postu aurreratu zituen Saint Moritzera bidean. Arratsaldeko bostak aldean heldu zen atzo Saint Moritzera. Hura da ibilbideko mugarri nagusietako bat; joanekoan eta etorrikoan, bietan igaro beharko dute Suitzako herri horretatik.

Red Bull x-alps

Hasiera batean, atzo 21:00ak arte aurrera egitea zen asmoa, baina nekeak gain hartuta, Saint Moritzen bertan atseden hartzen geratzea hobetsi zuten azkenean. Ilunabarrean, «leher eginda», atzoko egunaren laburpen hau helarazi zuen Iñiguezek: «Gaurko eguna luzea izan da. Bart, nightpass-a eskatu genuen, eta erdizka aprobetxatu dugu. Goiz aldera, hegan ateratzeko hiru mila metroko mendi batera igotzen ari ginela, konturatu gara Hugo Alvarez mexikarra oso azkar zetorrela bailaratik eta goizeko zortzietan azkena geratzeko eta kanporatuak izateko arriskuan ginela. Hortaz, azkar-azkar planeatze bat egin dut, eta horri esker, bi kilometro eskasengatik, mexikarra joan da azkenean kalera. Ondoren, eguneko estrategia ondo atera da: beste tontor batera igo naiz, nirekin atzeko aldean zetozenak baino altuago atera naiz eta, leher eginda, baina iritsi naiz Saint Moritzera. Oraintxe, gaupasa eginda, txikituta nago. Atzo 3.400 metroko goranzko desnibela egin nuen, gaur 2.000 metrokoa... Kilometroak ere asko izan dira oinez, baina gustura, azken bi egunetan lortu dugulako postu batzuk aurreratzea. Beraz, abenturan aurrera jarraitzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.