Atzo abiatu zen 2025eko Red Bull X-Alps proba, mendiko parapentea, trail running-a eta alpinismoa uztartzen dituen munduko proba gogorrena. Zeharkaldia bera igandean hasiko da, baina atzo atariko etapa bat izan zuten 33 partaideek, tartean Mattin Iñiguezek (Zegama, Gipuzkoa, 1985), eta euskal selekzioaren ordezkariak «oso ondo» ekin zion probari. «Oso ondo atera zen dena. Ordu eta erdi besterik ez dugu galdu, huskeria da hori halako zeharkaldi baten atarian, eta sentsazioak oso onak izan dira. Oraindik ere kosta egiten da sinistea hemen gaudela, munduko onenen artean hegan», adierazi du Iñiguezek.
Atariko proba horretan lortutako denbora aldearekin ekingo diote aurrenekoek, eta lehen hirurek, gainera, night pass gehigarri bat izango dute. Hau da, gauean derrigorrezkoa den atsedenaldia egin gabe aurrera jarraitzeko aukera izango dute. Izan ere, partaideek 22:00etatik 05:00etara geldirik eta atseden hartzen egon behar dute nahitaez. Night pass horrek, beraz, malgutasun taktikoa emango die hiru aurrenekoei.
Atariko proba Maxime Pinot frantziarrak irabazi zuen. Bigarren Tim Alongi izan zen, frantziarra hau ere, eta hirugarren Lars Meerstetter suitzarra. Epaileek, ordea, ordubeteko zigorra ezarri zioten Meerstetterri arau-hauste bategatik, eta, beraz, Shane Tighe australiarra izan zen azkenean hirugarren. Iñiguez 19. izan zen atarikoan.
Partaideak 11:00etan abiatu ziren Austriako Kirchberg herritik, abiada bizian abiatu ere, Gaisberg gailurrerako (1.254 m) aldapa pikoan. «Igoera oso azkarra izan zen. Aurrenekoek asko estutu zuten, eta gu 28 minutuan iritsi ginen gora. Hala ere, eguna oso motel hasi zen haize aldetik: termikak oso makalak ziren, eta asko kostatzen zen airean gora egitea. Orduan, denbora dezente ibili ginen denok altuera hartu ezinda», azaldu du parapentelari zegamarrak.
Pazientzia izan zen atzoko giltzarria. «Airean, zuhur samar joan nintzen une oro. Mundu mailako onenetako batzuk altuera baxuagoan modu oldarkorragoan hegan egiten saiatu ziren, eta lurrera joan ziren», jakinarazi du Iñiguezek. Hala, lur hartu eta berriro oinez aireratzeko puntura igo beharrean izan ziren faboritoetako batzuk, besteak beste Christian Maurer bera —2009tik X-Alps probaren aldi guztiak irabazi dituena—, Aaron Durogati eta Simon Oberrauner. «Altuera irabazteko pazientzia handixeago eduki genuenok, berriz, hegan jarraitu ahal izan genuen, eta abantaila lortu».
«Airean, zuhur samar joan nintzen une oro. Mundu mailako onenetako batzuk altuera baxuagoan modu oldarkorragoan hegan egiten saiatu ziren, eta lurrera joan ziren»
MATTIN IÑIGUEZParapentelaria
Eguneko zortzi balizetatik aurrenekoa oinez igaro zuen zegamarrak, baina gainerako guztiak hegan. «Horri esker, fisikoki ere ez nuen neke handirik pilatu. Guztira ordubete ere ez nuen oinez egin: hasieran ordu erdi aldapa pikoan gora, eta gero beste ordu laurden bizi korrika. Helburua hori zen: iganderako fisikoki ez asko higatzea eta lurrera ez joatea».
Igandetik ekainaren 27ra, Alpeak alderik alde zeharkatu beharko dituzte munduko 33 parapentelari onenek, 1.283 km guztira, Austriako Kitzbuhel herritik abiatu eta Zell am See herrian bukatu, tartean aireko hamasei baliza edo koordenatutatik igarota. Joan-etorri moduko bat izango da: Austrian abiatu, Suitzatik barna Frantziara iritsi, eta ekialderanzko jira hartuta, Suitzatik eta Alemaniatik barna, berriro Austriara. Erresistentzia, talde lana, estrategia, hegan egiteko abilezia, haizea aztertzen jakitea, aireratzeko puntuetarako biderik egokiena zein den asmatzea... ertz asko ditu abenturak. Hegan egiteko baldintza egokirik ez bada, hainbat egunetan ultratrail distantziatik gorako ibiliak egin beharko dituzte partaideek. Eta haizea lagun badute, egunean 150 kilometrotik gorako hegaldiak egin ahal izango dituzte. Aldea itzela izan daiteke.
Igandeko lehen etaparako, eguna haize baldintza onekin hasiko dela diote aurreikuspenek, baina gero ezegonkortasun handia datorrela. «Arratsalderako ekaitzak ematen dituzte Dolomitetan, eta, beraz, azkar egin beharko dugu hegan, ekaitzak iritsi aurretik. Tre Cime di Lavaredon ferrata bide bat ere egin beharko dugu, eta ea ekaitza iritsi baino lehen gainditzen dugun, bestela arriskutsua izan daiteke eta». Horixe lehen etaparako helburua.