Arrieta Rodriguez Elosegik (Donostia, 2002) jaitsiera ona egin du gaur goizean Milan-Cortina d’Ampezzoko eslalomean, baina ezin izan du 30 aurrenekoen artean sailkatu bigarren jaitsieran aukeraren bat izateko. Neguko Olinpiar Jokoetan, hogei aurrenekoen artean sailkatzea zuen helburu, BERRIAri emandako elkarrizketan jakinarazi zuenez, eta lehen 30en artean amaitzea ere «izugarria» litzatekeela gehitu zuen, baina ezin izan du helburu hori bete. Lehen jaitsieran, 95 eskiatzaileren artean 39. izan da Rodriguez Elosegi, Olympia delle Tofaneko pista ikonikoan, 51,19 segundoko denborarekin. Mikaela Schiffrin faborito nagusia izan da azkarrena lehen saio horretan: 47,13 segundo behar izan ditu estatubatuarrak, Rodriguezek baino 4,06 gutxiago.
Bigarren saioan, Bat Basque Teameko eskiatzaileak arazoak izan ditu hasieran bastoiarekin, baina ondo gainditu ditu, eta bigarren jaitsiera ere txukun egin du azkenerako (55,64). Bigarren saioan ere Schiffrinek egin du denbora onena (51,97), eta, beraz, berak irabazi du urrea. Bi saioetako denborak batuta, 1.46,83ko denbora egin du Rodriguezek, Schiffrinek baino 7,73 segundo gehiago. Sailkapen guztiak FISen esteka honetan kontsulta daitezke.
«Aurreneko saioan nahiko sendo aritu naiz, eta bigarrenean zailtasun gehiago izan ditut azkartasunari eta jarraitutasunari eusteko, baina azken ateraino jarraitu dut borrokan; beraz, pozik nago. Beti hobetu daiteke, akats txikiak izan ditut, baina uste dut eski maila ona erakutsi dudala»
ARRIETA RODRIGUEZ Eskiatzailea
Proba amaitzean, «zirraraz eta urduritasunez betetako eguna» izan dela adierazi du, eta «oso pozik± agertu da, batez ere bi saioak osatu izanarekin. «Aurrenekoan nahiko sendo aritu naiz, eta bigarrenean zailtasun gehiago izan ditut azkartasunari eta jarraitutasunari eusteko, baina ahalegina egin dut posizioa ez apurtzeko, eta azken ateraino jarraitu dut borrokan; beraz, pozik nago. Beti hobetu daiteke, akats txikiak izan ditut, baina uste dut eski maila ona erakutsi dudala». Emakumezkoen eski alpinoa, eslalomean, «oso maila altuan» dagoela nabarmendu du Rodriguezek. «Ikusi dituzue Schiffrin eta beste guztiak. Haiekin lehian ibilita, harro eta pozik nago, batez ere helmugara iritsi naizelako, eta ondo iritsi naizelako».
Familia ikustean «zirrara handia» sentitu dutela azaldu du. «Beteta dut bihotza. Denborari begiratu aurretik ia, senideei begiratu diet eta haiekin ospatzen hasi naiz. Emaitza alde batera utzita, ni jada pozik nengoen esperientzia hau haiekin konpartitu izanarekin». Lehen Olinpiar Joko hauetatik dena gordeko duela nabarmendu du: «Ona, txarra, hobetu daitekeena... Esperientzia bakarra da bizitzan eta saiatu naiz bete-betean gozatzen, lehen atetik dena eman dut, oldartsu eta ondo eskiatzen saiatu naiz, eta, beraz, asebeteta geratu naiz emaitzarekin».
Duela urte batzuk «oso urruti» ikusten zuen Rodriguez Elosegik Olinpiar Jokoetan egotea; azken bi urteotan, aldiz, «gertuago». Bizkarreko arazoak izan ditu azken hilabeteotan, eta azken ordu samarrean jakin du Milanera joango zela. Lehen jokoetan, eskarmentu faltak ez zuela kezkatzen adierazi zuen. «Europako Kopako probek urduriago jartzen naute. Olinpiar Jokoak oso ondo daude, baina nire entrenatzaileentzat garrantzitsuagoak dira Europako Kopako lasterketak. Halakoetan aukera gehiago ditut emaitza onak lortzeko. Proba horietan emaitza onak lortuz gero, aukera gehiago izango ditut Munduko Kopan lehiatzeko». Olinpiar Jokoetako bi jaitsieretan ere erakutsi du baduela maila nazioarteko lehia nagusietan aritzeko.