Eskiatzailea

Arrieta Rodriguez: «Hogei onenen artean sailkatzea da helburua»

Rodriguezek aurrerapauso nabarmenak eman ditu azken bi urteetan, eta munduko ehun eskiatzaile onenen zerrendan sartu. Horrek Olinpiar Jokoetan egoteko aukera eman dio. Otsailaren 18an lehiatuko da, eslalomeko proban.

Arrieta Rodriguez eskiatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
Unai Ugartemendia.
2026ko otsailaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrieta Rodriguez eskiatzaileak (Donostia, 2002) ez du berehalakoan ahaztuko urtarrilaren 20a. Egun horretan jakin zuen estreinakoz Olinpiar Jokoetan egongo zela. Geroztik, sinetsi ezinda dago. «Banuen itxaropena, baina barneratuta neukan ez banintzen joaten ez zela ezer gertatuko». 

Azken bi urteetan eman dituzun aurrerapausoek saria izan dute azkenean.

Asko eskertzen da egindako lanak saria izan duela ikustea. Alde horretatik, oso pozik nago. Saria oso handia da gainera, egunero ez baita izaten Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera. Europako eta munduko txapelketak jokatuta nengoen, gaztetxoen mailan. Baina hau beste kontu bat izango da.

Non zeuden Olinpiar Jokoetara joango zinela esan zizutenean?

Suitzan, entrenatzen. Deia jaso baino egun batzuk lehenago, ez nekien zer irizpide bete behar ziren Olinpiar Jokoetara joateko. Inork ez zidan ezer aurreratu. Urtarrileko probetan lortutako emaitzei esker, ehun eskiatzailerik onenen zerrendan nengoen. Iaz ere oso ondo aritu nintzen, eta postu onean amaitu nuen zerrenda horretan. Bada, esan zidaten postu horietan eutsiz gero aukerak izango nituela Jokoetara joateko. Hori entzun eta gero, aita urduritzen hasi zen [barrezka]. Baina entrenatzaileak ez zidan ezer esaten. Nik ere ez nion ezer galdetu nahi. Federazioak hautatuen zerrenda argitaratu baino egun bat lehenago baieztatu zidaten. Baina eskatu zidaten inori ez esateko, ezta gurasoei ere! Biharamunean, ohi bezala, entrenatzera joan nintzen. Sakelako telefonoa estaldurarik gabe izan nuen goiz osoan. Entrenatzetik itzuli nintzenerako, berria zabaldua zen, eta telefonoa piztu nuenean, deiez eta mezuz beteta nuen. Denei erantzuten hasi nintzen. Izugarria izan zen.

Norekin gogoratu zinen Olinpiar Jokoetan arituko zinela baieztatu zizutenean?

Gurasoekin batez ere! Jende askok lagundu dit bide honetan guztian, baina haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen. Gau hartan ez nuen lorik ere egin! Bezperan ere ez, urduritasunagatik. Baina albistearen berri izan ondoren, emozioak galarazten zidan lo hartzea. Olinpiar Jokoak hurrengo egunean hastea nahi nuen. 

Espero al zenuen Cortina d´Ampezzon egotea?

Orain dela urte batzuk oso urruti ikusten nuen aukera hori, baina azken bi urteetan gertuago. Betiko ametsa izan da. Gaztea naiz, baina herrialderik indartsuenetan eskiatzaile are gazteagoak dabiltza lehia horretan. Gainera, eskiatzaile gehiago joan daitezkeenez, lehia gogorragoa dute. Oso eskiatzaile indartsuak dira. Alde horretatik, zortea alde izan dut nik. 

Aurten ere, denboraldi bikaina egin duzu orain arte.

Bai. Hori kontuan hartuta, banuen Jokoetan egoteko itxaropena. Hala ere, ez nuen argi, eta barneratuta neukan ez banintzen joaten ez zela ezer gertatuko. Espainiako Federazioak asko igo du exijentzia, eta nahiz eta irizpideak bete, bazitekeen kanpoan gelditzea. 93. nago munduko zerrendan, baina oraindik ez dut Munduko Kopako proba batean parte hartu. Azaroan jokatu zen lehen proba, Levin [Finlandia]. Han egoteko aukeratu ninduten, baina ezin joan azkenean, arazo fisiko batzuk zirela eta. 

Ondo osatu al zara?

Udan, entrenatzen jarraitu arren, bizkarreko arazo dezenterekin ibili nintzen. Azaroan Suediara joatea erabaki genuen. Han, lehen jaitsiera egin, eta etxera itzuli behar izan nuen, minez. Azaroan ezin izan nintzen batere entrenatu. Izan ere, bizkarra ondo begiratu eta gero, gelditzeko esan zidaten. Infiltrazio batzuk ere egin dizkidate geroztik. Oraindik ere baditut arazo batzuk. Baina, medikuei esker, ez dut arazorik lehiatzeko. Gero ikusi beharko da denboraldia amaitzeko gai naizen. 

«Iazko udatik bizkarreko minez ibili naiz. Oraindik ere arazo batzuk ditut. Baina, medikuei esker, ez dut arazorik lehiatzeko. Gero ikusi beharko da denboraldia amaitzeko gai naizen»

Europako eta munduko txapelketetan lehiatu izan zara azken urteetan. Asko aldatuko al da lehia Olinpiar Jokoetan?

Oraindik ere ez naiz ohartzen non lehiatu beharko dudan! Hara iristean konturatuko naiz. Inguruko jende guztia begira izango dut egun horretan. Jendeak, gainera, pentsatuko du domina bat lortuko dudala, nahiz eta ez den oso errealista. Espainiako selekzioko emakume bakarra izango naiz Jokoetan, gainera.

Bakarra izateak presioa sortzen dizu?

Zerbait bai. Hala ere, Espainiako selekzioko beste eskiatzaileek ez zituzten betetzen irizpideak. Iruditzen zait ni aukeratu ez banindute ez zuketela inor eramango. Ez diot inori lekurik kendu. Horrek presioa kentzen dit.

Eskarmentu faltak kezkatzen al zaitu?

Ez. Europako Kopako probek urduriago jartzen naute. Olinpiar Jokoak oso ondo daude, baina nire entrenatzaileentzat garrantzitsuagoak dira Europako Kopako lasterketak. Halakoetan aukera gehiago ditut emaitza onak lortzeko. Proba horietan emaitza onak lortuz gero, aukera gehiago izango ditut Munduko Kopan lehiatzeko. Olinpiar Jokoetarako, helburua zera da: hogei onenen artean sailkatzea. Hala ere, lehen 30en artean amaitzea ere izugarria litzateke.

DANIEL MILAGROS 27. POSTUAN SAILKATU DA

Daniel Milagros 27. izan zen atzo abiadura patinajeko 1.000 metrokoan. Patinatzaile iruindarrak 1.11,25eko denbora egin zuen, bere marka onena baino segundo bat mantsoago. Jordan Stolz estatubatuarrak irabazi zuen urrezko domina, 1.06,28ko denborarekin. Olinpiar Jokoetan abiadura patinajean lehiatu den lehen euskal kirolaria da Milagros.

Bestalde, gaur lehiatuko dira snowboardercrossean Lucas Egibar eta Alvaro Romero. 10:00etan ekingo diote lehiari, lehen kanporaketa jokatuta. Sailkatuko balira, final-zortzirenetan ariko lirateke 13:45ean; aurrera egingo balute, final-laurdenak jokatuko lituzkete 14:18an; beste urrats bat egingo balute, finalerdietan lehiatuko lirateke 14:39an; lau onenak finalean ariko dira 15:01ean; aurretik, lau okerrenek final txikia jokatuko dute, 14:56an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA