Lasterketaz betea izan da joan den asteburua. Besteak beste, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bosgarren ekitaldia jokatu zen larunbatean, eta beste behin giro bikaina nagusitu zen Azpeitian eta inguruko herrietan, baita mendi inguruetan ere. Ohiko moduan, bi distantzia izan ziren: 65 kilometroko proba nagusia eta 15 MLK izenekoa, 26 kilometrokoa. Guztira, 580 korrikalari aritu ziren proba luzean, haietatik 60 emakumezkoak. Distantzia laburrean, berriz, 450 korrikalari lehiatu ziren.
Proba luzean, Borja Zubizarreta azkoitiarra (Gipuzkoa) izan zen garaile (5.58.58), bigarrenez. Domusa Teknik Lana Trail taldeko korrikalariak ezin izan zuen 2023an berak ezarritako marka hobetu (5.53.33), baina berriro ere sei ordutik behera amaitu zuen lasterketa. Iazko irabazlea, Julen Calvo kataluniarra, izan zen bigarren (6.03.56), eta Pello Berrizbeitia eibartarra (Gipuzkoa) hirugarren (6.07.22).
Gizonezkoen artean, lasterketa Mandubi eta Samiño arteko zatian hautsi zen. 30. kilometrora arte, Zubizarreta, Calvo, Berrizbeitia eta Mikel Auzmendi batera joan ziren ia. Samiñorako bidean, ordea, Calvok erritmoa azkartu zuen, eta Zubizarretak eutsi egin zion. Ikasberrirako jaitsieran, azkoitiarrak aldea ireki zuen, eta Xoxoteko azken igoeran eta Azpeitirainoko azken kilometroetan aldea handitzea lortu zuen.
Emakumezkoetan, Mayi Mujika elgoibartarra izan zen garaile (7.25.24). Mujikak hasieratik hartu zuen lasterketaren burua, eta, kontrolez kontrol, aldea pixkanaka handitzea lortu zuen, gainera. Ainara Arkarazo abadiñarra (Bizkaia) izan zen bigarren (7.39.39), eta Oihana Azkorbebeitia, hura ere abadiñarra, hirugarren (7.42.44).
Domusa Teknik 15 MLK proban, berriz, Aritz Egea urretxuarra izan zen azkarrena (2.04.58), hirugarren urtez jarraian. Bere marka onena (2.02.13) hobetu ez bazuen ere, burua lehengo lepotik duela erakutsi zuen beste behin. Urretxuarrak Xoxoterako igoeran hautsi zuen lasterketa. Ibai Angulo azpeitiarra –Aloñako igoerako irabazlea– izan zen bigarren (2.07.09), eta Mario Mirabel espainiarra, hirugarren (2.09.05).
Emakumezkoetan, Onditz Iturbe izan zen garaile (2:29.45) lasterketa laburrean, iazko bigarren postua hobetuta. Podiuma Lola Oiarzabalek (2:32:25) eta Irati Azkargortak (2:34:40) osatu zuten.
Domusako bi distantzietako sailkapen guztiak, esteka honetan.

Maider Unanue eta Oier Zubeldia Txindokiko Bertikalean
Txindokiko kilometro bertikala ere larunbatean jokatu zen, eta Euskal Herriko Kilometro Bertikalen txapelketa eta Euskal Herriko Bertikalen Kopako lehen proba ere izan zen, aldi berean. Haize bolada zakarrek baldintzatu zuten igoera, eta inork ez zuen Juan Mari Garin zizurkildarrak 1993an jarritako marka (33.34) hobetzerik lortu. Marka gainditzen zuenarentzat 2.000 euroren saria zegoen.
Emakumezkoetan, Maider Unanue aramarra (Gipuzkoa) izan zen garaile. 46 minutu eta 22 segundo behar izan zituen Unanuek Larraiztik Txindoki tontorrera iristeko. Bigarren Leire Elola tolosarra izan zen (46.59), eta hirugarren, Eider Zubeldia amezketarra (47.19).
Gizonezkoetan, Txindoki magalean sortutako semea, Oier Zubeldia amezketarra (Gipuzkoa), izan zen azkarrena. Zubeldiak 36 minutu eta 50 segundo behar izan zituen igoera osatzeko. Bigarren Thomas Darrodes frantziarra izan zen (37.55), eta hirugarren, Jokin Tolosa anoetarra (Gipuzkoa), (37.56).
Master mailan, A kategorian, Ainhoa Lendinez eta Iñigo Lariz izan ziren azkarrenak; B kategorian, Anartz Etxeberria, eta C kategorian, Jexux Zelaia.
Txindokiko bertikaleko sailkapen guztiak, esteka honetan.
Sara Gutierrez eta Ander Amonarriz, Kanpezu-Ioar proban
Kanpezu-Ioar mendi maratoi erdia atzo jokatu zen, Arabako mendialdeko herri hartan. Euskal Herriko Kopako hirugarren proba izan zen Kanpezukoa, eta 400 lasterkari bildu ziren irteeran. Proba luzeak 26 km eta 1.930 metroko goranzko desnibela izan zituen, eta lasterketa laburrak, 13,5 km eta 750 metroko goranzko desnibela.
Sara Gutierrez Aranzabal izan zen irabazle (3.15.35) emakumezkoen artean, Kiara Angulo bigarren (3.21.02) eta Oihane Unzalu hirugarren. (3.33.18). Gizonezkoetan, berriz, Ander Amonarriz izan zen garaile (2.36.09), Iñigo Guereta bigarren (2.37.28) eta Aritz Kortazar hirugarren (2.39.00).
Larterketa laburrean, berriz, Jone Garcia (1.26.14), Eider Cardeñosa (1.27.08) eta Klaudia Erkiaga (1.34.11) igo ziren podiumera. Eta gizonezkoetan, Xabier Urbina (1.11.02), Kimetz Aranburu (1.11.11) eta Koldo Callao (1.11.26).
Euskal Herriko Kopako liderrak Ander Amonarriz eta Kiara Angulo dira uneotan. Hurrengo proba, laugarrena, Lakuntza-Aralar mendi lasterketa izango da maiatzaren 31n.
Beatriz Males eta Aimar Larrea X. Izazpirako igoeran
Korrika egiteko giro ederrarekin eta ekaitza lehertu aurretik egin zen atzo Ezkiotik Izazpirako igoera (6,3 km), aro modernoko hamargarrena. Emakumezkoetan Beatriz Males ekuadortarra izan zen azkarrena, eta gizonezkoetan, Aimar Larrea antzuolarra (Gipuzkoa).
Lehia estua izan zen Beatriz Males eta Lucia Urkiolaren artean. Izazpiko gurutzera 25 segundoko aldearekin heldu zen Males, baina beherakoan Lucia Urkiola ikaragarri gerturatu zitzaion. Azkenean segundo bakarreko aldea izan zen bien artean. Amaia Garcia izan zen hirugarren (53.23).
Gizonezkoetan, Aimar Larreak izan zuen aurkaririk izan. Larreak 34 minutu eta 12 segundo behar izan zituen Ezkiotik Izazpira igo eta atzera Ezkiora jaisteko. Pello Garin zizurkildarrak 1982. urtean ezarritako markak (31.26), beraz, bere horretan jarraitzen du. Iazko irabazlearen denbora ia lau minututan ondu zuen Larreak, baina errekorra urrun izan zuen. Xabier Sanchez izan zen bigarren (37.57) eta Jose Talavera hirugarren (38.07).