Aurkitu dute Anetoko gurutzea

Astearte arratsaldean, mendizale bat salbatzeko operazioan, helikopterotik begiztatu zuten Guardia Zibileko GREIM taldeko kideek. Mendiaren ipar aurpegian zegoen, erdi lurperatuta. «Segurtasunagatik», Benasquera (Aragoi, Espainia) jaitsi dute.

Anetoko gurutzea, erdi lurperatuta. HUESCAKO GREIM
Anetoko gurutzea, erdi lurperatuta. HUESCAKO GREIM
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 17a
08:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaberriko eguzkiak bere lanak egin ditu, eta, elurrak urtzearekin batera, Anetoko gurutzea azalerarazi du elurpetik, desagertu eta bi hilabetera justu. Apirilaren 8tik 14rako tartean norbaitek zerra erradial batekin errotik ebaki eta mendian behera amilarazi ondoren, Pirinioetako gailur garaieneko ikurra desagertuta egon da bi hilabetean. Astearte arratsaldean begiztatu zuten Guardia Zibilaren Mendiko Erreskate Taldeko (GREIM) kideek, airetik, mendizale bat salbatzeko operazioan. Mendiaren ipar aurpegian zegoen gurutzea, gailurretik 200 metro beherago desnibelean, horma baten oinarrian.

Mendizalea salbatzeko operazioa bukatu ondoren, gurutzea zegoen lekura itzuli ziren GREIMeko kideak helikopteroan, eta baieztatu zuten objektu hura Anetoko gurutzea zela, elurretan erdi lurperatuta. «Leku arriskutsu samarrean» zegoenez, segurtasunagatik, handik kentzea erabaki zuten, helikopteroaren garabiarekin, eta Benasqueko kuartelera (Aragoi, Espainia) eraman zuten. Orain, Guardia Zibilak jakinarazi du ikerketa judizialarekin jarraituko dutela, «ekintza bandalikoa nork egin duen argitzeko aztarnen bila», eta, ondoren, Benasqueko Udalaren esku utziko dutela gurutzea.

Gurutzea apirilaren 8tik 14rako egunen batean desagertu zen. Apirilaren 8an igo zirenek adierazi zuten han zegoela, eta 15ean igo zirenek, aldiz, falta zela. Anetoko gurutzeak 75 urte beteko zituzkeen aurten Pirinioetako sabaian. 1951ko abuztuaren 12an jarri zuen Kataluniako Txangozale Elkarteak, taldearen 50. urteurreneko ospakizunen barruan. Alpeetako gailur handietako ohiturari jarraituz, Anetok ere bere ikurra izatea nahi zuten. Bost urteren buruan, berriz, Pilareko Ama Birjinaren irudi txikiago bat ere jarri zuten tontorrean, garbi gera zedin hura Aragoi zela.

Gurutzea hiru metrotik gora garai da, eta besoak, bi metro zabal. Pisua, berriz, 100 kilo ingurukoa du. Duela 75 urteko hartan, laurogei boluntariok igo zuten, piezaka, eta gailurrean bertan muntatu. 2023ko irailean, berriz, Benasqueko Udalaren ekimenez, kendu egin zuten zaharberritzeko, eguraldi gogorraren eta hainbat ekintza bandalikoren ondorioz hondatu samar baitzegoen. Ia bi urteko zaharberritze prozesu konplexuaren ondotik, Benasqueko GREIMek atzera bere lekuan jarri zuen gurutzea 2025eko abuztuaren 6an. Doi-doi zortzi hilabete iraun zuen zutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE