Mendia. Kirol eskalada

Bederatzigarren dimentsiora, elkarren eskutik

Dabid Gambusek eta Gorka Karapetok 9a mailako 'Esclatamasters' bidea eskalatu dute, egun berean, Kataluniako Perles eskalada gunean. Gambusentzat zailtasun horretako lehenengo kateatzea da; Karapetorentzat, aldiz, bigarrena.

Gorka Karapeto eta Dabid Gambus. GORKA KARAPETO.
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Zenbakiak zenbaki dira, ez besterik, baina kirol eskalatzaileentzat badute halako esanahi berezi bat. Eskalatzaile bakoitzak, duen mailaren arabera, jartzen du begia zenbakietan: 4, 5, 6, 7, 8…Azken urteetan kirol eskaladaren bilakaerak bederatzigarren dimentsiora eraman du kirola. Urrun geratu da Iker Pouk Action Directe bidea eskalatu zuen eguna, 2000. urteko ekainean. Frankenjuran, Alemanian, jarri zion puntu gorria Iker Pouk bide mitiko hari —Wolfgang Gullichek ireki zuen, 1991n—, eta euskal eskalada 9. dimentsiora eraman zuen. Hamar urteren buruan loditu egin da zailtasun mugarri hori gainditu duen eskalatzaile zerrenda. Patxi Usobiaga, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi, Gorka Karapeto, Iban Larrion, Ekaitz Maiz… Zerrenda potoltzen azkena Dabid Gambus izan da. Modu berezian sartu da, gainera; ezustean, eta egun berean Gorka Karapetorekin batera Lleidako Perles eskalada guneko Esclatamasters bidea gaindituta (Herrialde Katalanak). Urtarrilaren 21ean izan zen, San Sebastian egunaren ondorenean.

Lleidako Pirinioaurrean dago Perles eskola. Ez da eskalatzaile askoren bilgunea izaten. Seigarren eta zazpigarren mailako bideak biltzen ditu, batez ere, baina tartean badira zailtasun hori gainditzen dutenak ere. Horietako batean jarri zituzten begiak Gambusek eta Karapetok: Esclatamasters. Salva Serranok ireki zuen bidea 90eko urteetan, eta Ramon Julian izan zen eskalatzen aurrena, 2006an. Ordutik Dave Grahamek eta Patxi Usobiagak gainditu zuten. Azkenak izan dira Karapeto eta Gambus. Bi eskalatzaileak bizi dira Katalunian, eta eskutik egin zuten jauzi bederatzigarren dimentsiora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.