Irudikatu Zegama-Aizkorriko maratoiko jendetza edo Tourreko Pirinioetako etapa batekoa mendi eta ertz elurtuetan, mundu bat mendiko eskiekin mendira igoa, mendiko eskiatzaileak animatzeko. Horixe gertatzen da Areches-Beaufort haranean (Beaufortain, Savoia, Frantziako Alpeak) urtero Pierra Menta proban. Alpeen bihotzeko harantxo hura da mendiko eskiaren bihotza: han, mendiko eskirako kultura berezia dago, bizi egiten dute kirol hau, benetan bizi. Jende asko oraindik ere zintzarri handiekin igotzen da Gran Monttera —hura da haraneko mendi kutuna— jendea hauspotzera; izan ere, gehienak abeltzainak dira, eta behi gazta egitetik bizi dira haraneko gehienak. Horregatik da Pierra Menta mendiko eskiko munduko probarik onena eta bereziena. Aurten, gainera, distantzia luzeko munduko txapelketa ere izan da, eta inoizko handiena izan da maila.
Andoni Areizaga zena eta Imanol Ollakindia 2001ean —duela 25 urte!— izan ziren lehen euskaldunak Pierra Mentan. Mendiko eskiko kultura aipagai dugula, Areizaga izan da Euskal Herrian kirol honi bultzada handiena eman dionetako bat. Geroztik urtero-urtero izan dira euskal eskiatzaileak proba horretan. Aurten, ez bat eta ez bi, 15 euskal eskiatzaile lehiatu dira Pierran, inoizko gehien. Asier Labairu Dani Izquierdo soriarrarekin (Espainia) aritu da, eta gainerako euskal bikoteak hauek izan dira: Axier Alonso eta Ander de Miguel; Jon Ander Aranburu eta Aitor Ugarte; Aritz Arteta eta Aitor Etxeberria; Joseba Tobar eta Jon Artetxe; Aitor Otxoa eta Mikel Nabarro, Aitor Arbulu eta Iñigo Orkaiztegi eta Markel Irizar eta Gorka Galdos.

Asier Labairu (Iruñea, 1996) bosgarren aldiz izan da Pierra Mentan. Bera da gaur egungo Euskal Herriko txapelduna, eta Dani Izquierdo eta biak aurre-aurrekoen artean ibiltzen dira Pirinioetako lasterketetan, aurten sasoiko joan dira Pierrara, baina hura beste neurri batekoa da. «Aurtengoa berezia izan da, distantzia luzeko munduko txapelketa izanik, ohikoa baino maila handiagoa egon baita. Gu, berez, aurreko urteetan baino azkarrago joan gara, baina sailkapenetan atzerago egon gara. Urtetik urtera irabazleek denbora tarte txikiagoa atertzen digute, progresioa ona da, baina asko daukagu oraindik ikasteko».
«Munduko txapelketa izanik, ohikoa baino maila handiagoa egon da. Gu, berez, aurreko urteetan baino azkarrago joan gara, baina sailkapenetan atzerago egon gara»
ASIER LABAIRU Eskiatzailea
Axier Alonsok (Oñati, Gipuzkoa, 1988) ere hori bera berretsi du. «Nik egindako sei Pierra Mentatik mailarik handiena aurten izan da, zalantzarik gabe. Azken urteotan 30 postuen bueltan ibili gara, eta aurten 50 aurrenekoen barnean sartzeko borroka latz egin behar izan dugu Anderrek eta biok. Eta ez gu apalago ibili garelako, jende oso ona etorri delako baizik». Gainerakoan, «oso baldintza onak» izan dituztela nabarmendu du oñatiarrak. «Gozatua hartuta itzuli gara. Lehen bi egunetan ez nuen oso gorputzaldi ona izan, baina azken bi egunetan, kontrakoa, gora egin nuen, eta gozatu egin nuen». Iaz bezala, Ander de Miguelekin osatu du bikoa, eta bai gora eta bai behera «oso ondo» moldatu direla azpimarratu du. «Bigarren eguna nik okerragoa izan nuen, eta Anderrek gomarekin tiraka asko lagundu zidan. Hirugarren egunean alderantziz izan zen, eta azkenekoan biok oso indartsu sentitu ginen. Bikote erregularra izan gara, krisi handirik gabe».
Aitor Ugarte eta Jon Ander Aranburu ere munduko onenen osteko tropel horretan ibili dira, aurre samarrean. Euskal Mendizale Federazioaren ordezkari moduan aritu dira aramaioarra eta urretxuarra distantzia luzeko munduko txapelketan, eta eskertuta agertu dira EMFren babesarekin. Ugarte lehen aldiz aritu da aurten Pierra Mentan, 22 urterekin euskal eskiatzaile gazteena izan da, eta partaide guztien arten ere gazteenetarikoa.
«Nik egindako sei Pierra Mentatik mailarik handiena aurten izan da. Azken urteotan 30 postuen bueltan ibili gara, eta aurten 50 aurrenekoen barnean sartzeko borroka latz egin behar izan dugu»
AXIER ALONSO Eskiatzailea
Gazteak eta beteranoak
Jon Artetxe (Ondarroa, Bizkaia, 1996) lehen aldiz aritu da Pierra Mentan. Probari buruz asko entzundakoa zen Xabi Urkizu herrikidearen, Aitor Otxoaren, Joseba Tobarren eta beste hainbaten ahotik, baina ederki jabetu da ez zirela hitz puztuak. «Ikusgarria da bertako jendeak nola bizi duen mendiko eskia, proba bera... Ederra da aurreko egunetan mendia eskiko arrastoz beteta ikustea, kultura hori... Asko bete nau horrek guztiak». Artetxe eta Aitor Ugarte bezala, Pierra Mentan lehen aldiz aritu dira Aritz Arteta, Aitor Etxeberria, Aitor Arbulu eta Iñigo Orkaiztegi ere.

Debuta egin dutenen ondoan, Aitor Otxoa (Oñati, Gipuzkoa, 1972) 21. aldiz aritu da Pierran. Martxa honetan, Areches-Beauforteko seme kutun izendatuko dute Buetraitzeko yetia. Otxoa da, Joan Maria Vendrell katalanaren ondoren, Pierra gehien osatu dituen eskiatzailea —Vendrellek hogeita bosgarrena egin du aurten—, eta «ahal duen bitartean», itzuliko da berriro ere Arechesera. Aurten bi beterano aritu dira buruz buru: Aitor Otxoa eta Mikel Nabarro. «Sekula lasterketa batean bikote moduan atera gabeak ginen, eta ederki moldatu gara. Ni dena emanda ibili naiz, baina oso gustura. Urte pila bat daramatzagu biok, eta badakigu bakoitzak zer egin behar duen», adierazi du oñatiarrak.
«Ikusgarria da bertako jendeak nola bizi duen mendiko eskia, proba bera... Ederra da aurreko egunetan mendia eskiko arrastoz beteta ikustea, kultura hori...»
JON ARTETXE Eskiatzailea
Jon Artetxek beterano bat izan du ondoan bere estreinako Pierran: Joseba Tobar (Tolosa, Gipuzkoa, 1976). «Oso berezia» izan da Tobarrentzat aurtengoa, hamabost urte baitziren azkenekoz Pierra Mentan atera zela. «Joseba Ormazabalekin nintzen orduan, eta urte hartan istripua izan zuen lagunak: tibia eta peronea hautsi zituen, eta orduan hasi zen bere gurutze bidea. Aurten bi aldiz pasatu gara istripua izan zuen leku beretik, eta une berezia izan zen niretzat. Jaisten, buila handi bat egin nuen: 'Joseba!', laguna gogoan. Emozio handikoa izan da». Tobarrek bosgarren Pierra zuen: 20. urteurrenekoan hartu zuen parte lehen aldiz, eta aurten, 40. urteurrenekoan osatu du bosgarrena.
Artetxeri batek eta besteak esana zioten «Tobar baino artzain hoberik ez zuela topatuko lehen Pierra Mentarako», eta hala izan dela berretsi du: «Lasaitasun handia eman dit hasiera-hasieratik. Pila bat lagundu dit, makalaldietan animoak ematen, jaitsierak markatzen... Asko ikasi dut eta asko gozatu dut». Tobarrek ere hitz onak izan ditu lagunarentzat: «Daukadan adinarekin, ni ez noa Pierra batera edonorekin. Benetan gustura sentiaraziko nauen norbait nahi dut ondoan, eta ilusioa egiten zidan gazte batekin joateak. Oso-oso ondo moldatu gara».
«Hamabost urte geroago, aurtengoa berezia izan da niretzat. Bi aldiz pasatu gara Joseba Ormazabal lagunak istripua izan zuen leku beretik. Jaisten, buila handi bat egin nuen: 'Joseba!'»
JOSEBA TOBAR Eskiatzailea
Otxoaren eta Vendrellen «meritua»
Aitor Otxoaren esanetan, «benetako Pierra» izan da aurtengoa, osagai guztiekin. «Ertzak, korridoreak, Gran Monteko ertz luzea, azken eguneko basoko etapa zaila eta ederra, jaitsiera konplikatuak... denetarik izan da. Grande Journee igotzen ez zela ere urte pila bat ziren, eta aurten bai, igo da. Azken urteotako Pierra osoenetakoa izan da». Bat etorri dira gainerako euskal eskiatzaileak ere.
Joseba Tobar ilusioz beterik itzuli da, datorren urtean edo ahal denean Joseba Ormazabalekin bueltatzeko. «Aurten ezin izan da etorri, baina egunero bidaltzen nion partea, eguna nola joan zen, eta abar. Esan dit hurrengoari begira entrenatzen hasiko dela. Buruan dauka Pierrara bueltatzea».

Jon Artetxek Pierra Menta «erronka benetan handia» izan dela nabarmendu du. «Mendi lasterketak, ultrak, denak dira erronka handiak, baina nik, kirolari moduan, inoiz egin dudan handiena hauxe da». Horregatik, bukatutakoan, aitortza egin nahi izan zien Otxoari eta Vendrelli. «Lehen ere baloratzen nuen haiek egindakoa, baina orain askoz gehiago. Izugarria eta meritu handikoa da 21 eta 25 Pierra egitea: prestatu, etorri, egin, momentu txar asko pasa eta hurrengo urtean berriro ere itzuli... izugarria iruditzen zait».
Otxoarentzat pozgarria izan da aurten hainbeste euskal eskiatzaile eta hainbeste gazte ikustea. «Pena aurten emakumezkorik ez dela izan. Ea hurrengo batean... Izan ere, mendiko eskia gustuko duenarentzat hau bezalakorik ez dago». Alde horretatik, Tourrean ez bezalako zortea dutela nabarmendu izan du beti oñatiarrak. «Gu, gure mailan, munduko onenekin batera, profesionalekin batera, lehiatu gaitezke, eta hori ederra da».
«Mendiko eskia gustuko duenarentzat hau bezalakorik ez dago. Gu, gure mailan, munduko onenekin batera, profesionalekin batera, lehiatu gaitezke, eta hori ederra da»
AITOR OTXOA Eskiatzailea

Munduko onenak
Munduko onenak, aurten, Emily Harrop eta Margot Ravinel eta William Bon Mardion eta Xavier Gachet izan dira. Bi bikote frantziarrak gailendu dira 40. Pierra Mentan eta, beraz, baita munduko txapelketan ere. Hala emakumezkoetan nola gizonezkoetan, ikusgarria izan da frantziarren arteko lehia. Emakumezkoetan, Harrop eta Ravinel Olinpiar Jokoetako esprintean lehiatzetik zetozen —Harropek zilarra lortu zuen bakarka, eta urrea erreleboka— baina Pierra Menta arnasa luzeko proba da 1,5 kilometroko esprinten aldean. Hori dela eta, faboritoak Axelle Gachet-Mollaret eta Celia Perillat-Pessey ziren. Alabaina, Harropek eta Ravinelek ederki erakutsi dute motzean ez ezik luzean ere ondo baino hobeto moldatzen direla. Lau etapetatik hiru irabazi dituzte.

Gizonezkoetan ere ikusgarria izan da William Bon Mardion eta Xavier Gachet eta Samuel Equy eta Anselme Damevin bikoteen arteko lehia. Bikote bakoitzak bina etapa irabazi ditu, eta azkenean 38 segundo eskaseko aldearekin irabazi dute etxekoek, Beaufortain haraneko bi eskiatzaileek.
Pierra Mentako sailkapen guztiak, esteka honetan.