Beteranoak nagusi

Daniel Agirrek eta Elena Calvillok irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronka, Leitzan.580 korrikalarik parte hartu dute eta ia 500ek bukatu dute.Iker Karrerak marka berria jarri du kilometro bertikalean

Daniel Agirre irabazlea, harkaitzetan jauzika, Done Mikel Aralarkora jaisten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Leitza
2015eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ez dira edozein: Daniel Agirre eta Elena Calvillo. Agirrek aurten parte hartu duen bost lasterketetatik hiru irabazi ditu, eta Zegama-Aizkorrik hemezortzigarren izan zen duela bi aste; Elena Calvillo podiumean izan ohi da parte hartzen duen lasterketa gehienetan. Biak izan ziren garaile larunbatean Euskal Herria Mendi Erronkan, Leitzan (Nafarroa). Agirre Euskal Herria Mendi Erronka irabazteko hautagaietako bat zen; Calvillo, faborito nagusia. Bata 40 urtera iristear; bestea 40 urteak ondo pasata.

Hala ere, agerian geratu zenmaratoiaren distantziatik gorako lasterketetan gauzak denbora gutxian alda daitezkeela (Leitzako probak 65 kilometro eta 3.600 metroko desnibel positiboa ditu). Gizonetan, esaterako, hiru edo lau aldiz aldatu zen lasterketaren burua; emakumeetan, ordea, Calvillo nagusitu zen hasieratik bukaerara arte. Arriskatu egin zuen eta ez zuen hutsik egin.

Aurreko bi urteetako lau irabazleetatik hiru falta ziren Leitzako irteeran, 580 korrikalarien artean: Anjel Arrieta, Leire Agirrezabala eta Leire Fernandez Abete. Laugarrenak, Iker Karrerak, ez zuen lasterketa irabazteko asmorik. Eguraldia lagun, ikusle asko izan ziren Leitza inguruko ibilbidean. Irumugarrietako, Albiko eta Lekunberriko anoa guneak jendez gainezka zeuden.

Lasterketaren antolatzaileek sona handiko bi parte hartzaile izango zirela zabaldu zuten sare sozialen bidez, biak ere munduko onenetakoak: Iker Karrera eta Aritz Egea. Hala ere, biek argi utzi zuten ez zutela lehiatu nahi: Karrerak Neritz anaiari lagundu nahi zion; Egeak, berriz, Madeiran (Portugal) ekainaren 13an jokatuko den lasterketarako entrenamendu luzea egin nahi zuen. Egeak esana zuen bere lasterketa Lekunberrin amaituko zela. Halaxe egin zuen.

Bi izen handi horiez gain, baziren gehiago: Javi Dominguez—2013an UTMBn hirugarren—, Jabi Olabarria —iaz bigarren—, Iker Oliveri —Zegama-Aizkorrin 36.—,Xabier Zarranz —Apuko Xtremeko irabazlea aurten—, Daniel Agirre —Espainiako Kopako lehen ultrako garailea—, Elena Calvillo, Izaskun Zubizarreta, Leire Martinez, Aitziber Osinalde...

Lasterketaren gakoa Irumugarrietako gaina (1.431 metro) izan zen. Gailurrera iristeko kilometro bertikalak —sari berezia zuen han denborarik onena egiten zuenak— bakoitza bere lekuan jarri zuen. Hara iritsi arte, Dominguez, Olabarria, Oliveri, Agirre eta Zarranz izan ziren lasterketaren buruan. Olabarria pasatu zen aurrena Irumugarrietatik.

Karreraren erakustaldia

Hala ere, eguneko erakustaldia Iker Karrera amezketarrak eman zuen. Gaintzako anoa gunera (18. kilometroa), anaiarekin iritsi zen. Bertan, bapo edan eta jan ondoren, denbora kontrola igaro bezain pronto, izugarrizko abiaduran irten zen Irumugarrietako gailurrerantz. Karrerak pasatu zituen korrikalariek ezin zuten sinetsi Karrerak zein abiaduratan gainditu zituen. Korrikarako dauzkan gaitasun guztiak erakutsi zituen igoeran. Iaz berak jarri zuen marka tarte horretan. Aurten zazpi minutu azkarrago egin du. Kostako da marka hori hobetzea. Tarte horretan bigarren denbora egin zuenari, Olabarriari, sei minututik gorako aldea atera zion. «Iaz ez bezala, banekien behin gora iritsita atseden hartu ahal izango nuela, anaiaren zain», azaldu zuen Iker Karrerak.

Olabarriak ia lau minuturen aldea atera zien hurrengoei Irumugarrietan, baina hurrengo bi orduetan lasterketa asko aldatu zen: Oliveri erretiratu egin zen, eta Agirre zen lehena Lekunberrin, 45. kilometroan. Atzetik zituen Dominguez eta Olabarria. Dominguezek bigarren postuari eutsi zion bukaerara arte. Olabarriak, aldiz, asko sufritu zuen, eta hamargarren postura arte atzeratu zen azkenean. Agirre, Dominguez eta Zarranz izan ziren hiru lehenak.

Emakumeetan Elena Calvillo izan zen protagonista nagusia. Erakutsi zuen gustuko dituela maratoiaren distantziatik gorako probak. Oso erritmo azkarrarekin ekin zion lasterketari, kilometro bertikaleko igoeran estutuko zuten beldurrarekin. Lehiakideek ezin izan zioten eutsi Calvilloren erritmoari.

Gaintzako anoa gunean (18. kilometroan) zortzi minuturen aldea zeukan Izaskun Zubizarretarekiko. Igoeran abantailari eusteko gai izan zen, eta handik aurrera, berak gustuko zuen tartean, abantaila nabarmen handitu zuen. Atzetik, hirugarren posturako lehia estua zen Osinalderen eta Martinezen artean. Martinezek lau postu ere aurreratu zituen lasterketaren bigarren zatian.

Lekunberriko kontrol gunerako Calvillok abantaila handitu zuen, eta Zubizarretak bigarren postuari eutsi zion. Hirugarren postuan ziren zalantzak. Aitziber Osinalde lehenago iritsi zen hara, baina atzetik aurrerako lasterketa egin eta gero, Leire Martinezek aurrea hartu zion. Helmugako bere negar malkoek agerian utzi zuten lasterketan pasatako sufrimendu guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.