Bruselan bertan behera utzi dute nazioarteko eskalada proba bat, Israelen parte hartzea dela eta

Gazte mailako Europako Boulder Kopako azken proba hartu behar zuen Bruselako rokodromoak jakinarazi du uko egin diola txapelketaren egoitza izateari ordezkari israeldarren parte hartzea dela medio.

INDONESIA CLIMBING
Israelgo eskalatzaileen ordezkaritzaren auzia dela eta, World Climbing nazioarteko federazioari eskuak garbitu ordez «jarrera argi eta koherente bat» hartzeko eskatu diote Bruselako rokodromoko arduradunek. MADE NAGI / EFE
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 21a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pauso bat aurrera eman du maiatzaren 30ean eta 31n World Climbing Europe Youth Series txapelketako finala edo azken proba hartu behar zuen Bruselako rokodromoak, eta, «segurtasuna, etika eta morala» aintzat harturik, jakinarazi du ez duela hartuko haren instalazioetan jokatzekoa zen lehia. Rokodromoa kudeatzen duen Le Camp de Base enpresako arduradunek idatzi luze eta argudiatu bat kaleratu dute erabakiaren berri emateko: «Genozidio delitua prebenitzeko eta salatzeko indarrean den konbentzioaren argitan, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa larrien aurka Nazioarteko Justizia Auzitegiak 2024ko uztailaren 19ko Kontsultan kaleratutako ondorioen argitan, gaur egungo egoera kontuan harturik ezin ditugu jarri gure rokodromoa, gure azpiegiturak eta langileak».

Egun bertsuetan, maiatzaren 28tik 31ra hain zuzen, kirol eskaladako Munduko Kopako proba bat jokatuko da Alcobendasen (Madril, Espainia), boulderreko eta abiadurako modalitatean, eta Israelgo selekzioko ordezkariak ere izango dira munduko eskalatzailerik onenen artean. Horrek ezinegona eta haserrea sortu du eskalatzaileen komunitate osoan, bai Benjamin Netanyahuren gobernua Palestinan eragiten ari den genozidioagatik, bai Israelek Palestinako eskalada guneetan ezarria duen okupazioagatik. Hori dela eta, Climbers for Palestine taldearen Espainiako adarrak eta Israelen Aurkako Kirol Boikota plataformak deituta, eskalada munduko 120 elkartek, rokodromok eta eragilek eskatu dute Israeli betoa ezartzeko. Ikusi beharko da Bruselako rokodromoak hartutako erabakiak inolako eraginik duen Alcobendasko azpiegitura kudeatzen duten arduradunen artean.

Bruselako probarako, 30 herrialdetako 250 eskalatzaile zeuden izena emanda, haien artean Israelgo selekzioko hamasei ordezkari. Le Camp de Baseko arduradunek adierazi dute ez dela arin-arin hartutako erabakia izan. «Badakigu proba honek zer esan nahi duen kirolari gazteentzat, haien familia eta entrenatzaileentzat, boluntario, federazio eta ekitaldi honetarako prestatu diren guztientzat. Gure erabakia, ordea, ez da eskalatzaile israeldarren aurkakoa. Nolanahi ere, gure ardura da horrelako ekitaldi bat baldintza baketsu, seguru eta bideragarrietan egin daitekeen ala ez erabakitzea». Izan ere, ekitaldia boikotatzeko eta eteteko deiak izan dira Bruselan ere, eta, beraz, segurtasuna ezin dutela bermatu adierazi dute Le Camp de Baseko kudeatzaileek.

Kirolariek federazio eta herrialde bat ordezkatzen dutela azaldu dute rokodromoaren arduradunek, eta haien desadostasuna horretan datzala. «Gaur egungo Palestinako testuinguruan, Israelek zabalik dauka prozesu bat Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean. Auzitegi horrek adierazi du legez kontrakoa dela Israelek Palestinako lurralde okupatuan duen presentzia etengabea. Beraz, ezin dugu antolatu Israelen ordezkaritza normalizatuko duen lehiaketa bat. Ezin dugu neutraltzat hartu ordezkaritza hori. Ez baita».

Le Camp de Base rokodromoaren iragarpena
Bruselako rokodromoa kudeatzen duen enpresako arduradunek kaleratutako mezua.

Le Camp de Baseko arduradunek beren idatzian azaldu dute duela hilabete batzuk eskatu zietela Belgikako Federazioari eta World Climbing nazioartekoari argitu zezatela zer irizten zioten Israelgo eskalatzaileek parte hartzeari, baina ez dutela halakorik egin. «Horrek egokiera ezinezko batera behartzen gaitu tokiko antolatzaileak, egoitza anfitrioiak, boluntarioak eta langileak: aurrez ebatzita egon beharko zukeen nazioarteko gobernantza auzi bat tokian tokian bertan kudeatzera, hain zuzen».

Israelek okupatuta dauzka Palestinako eskalada gune ia guztiak, eta eskalatzaile komunitatean oso zabaldua da horren gaineko kezka. Idatzian, kezka hori ere bere egin dute Bruselako rokodromoko arduradunek, eta, hori guztia aintzat hartuta, nabarmendu dute World Climbingek «Israelgo ordezkaritzaren auzia aztertu eta erabaki, eta jarrera argi, koherente eta publiko bat hartu» beharko lukeela. World Climbingek erabaki hori hartu artean, rokodromoko arduradunek ahalegina egin dute bitarteko konponbide bat topatzeko, eta planteatu dute eskalatzaile israeldarrei parte hartzen uztea, baina beren ordezkaritzaren ageriko ikurrik gabe; hau da, banderarik, himnorik, elastiko ofizialik eta sinbolo nazionalik gabe. Israelgo Federazioak, ordea, ez du halakorik onartu.

Beraz, segurtasuna batetik eta auzi etikoa bestetik, antolaketari uko egiteko «erabaki morala» hartu behar izan dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE