Eskalatzaile israeldarrei betoa ezartzeko deia egin dute

Maiatzaren amaieran Madrilen jokatzekoa den Munduko Kopako proban Israelgo ordezkariei parte hartzen ez uzteko eskatu dute 120 eragilek, eta boikoterako deia egin. Israelek okupatuta dauzka palestinarren eskalada eskolak.

Climbers for Palestine kolektiboak hainbat ekintza egin ditu egoera salatzeko. CLIMBERS FOR PALESTINE-K UTZITAKOA
Climbers for Palestine kolektiboak hainbat ekintza egin ditu egoera salatzeko. CLIMBERS FOR PALESTINE-K UTZITAKOA
ramon olasagasti
2026ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil honen amaieran, maiatzaren 28tik 31ra, kirol eskaladako Munduko Kopako proba bat jokatuko da Alcobendasen (Madril, Espainia), boulderreko eta abiadurako modalitatean. Munduko eskalatzaile onenetakoak lehiatuko dira proba horretan, eta oso litekeena da horien artean Israelgo selekzioko kideak ere izatea. Horrek ezinegona eta haserrea sortu du eskalatzaileen komunitate osoan, bai Benjamin Netanyahuren gobernua Palestinan eragiten ari den genozidioagatik, bai Israelek Palestinako eskalada guneetan ezarria duen okupazioagatik. Hori dela eta, Climbers for Palestine taldearen Espainiako adarrak eta Israelen Aurkako Kirol Boikota plataformak deituta, eskalada munduko 120 elkartek, rokodromok eta eragilek eskatu dute betoa ezartzeko Israeli.

«Eskalatzaile palestinarrak eskalada gune bakar batera sar daitezke. Gainerako eremu guztiak okupatuak ditu Israelek»

JIMENA VILLAR DE ONIS Climbers for Palestine kolektiboko kidea

Climbers for Palestine kolektiboko kidea da Jimena Villar de Onis, hartu-eman zuzena du Palestinako Eskalada Federazioarekin eta hango eskalatzaileekin, eta egoera zertan den azaldu du: «Palestinarrak jasaten ari diren egoera latz horren barnean, eskalatzaileak eskalada gune bakar batera sar daitezke; iparraldean dago, Nablus inguruetan. Gainerako eremu guztiak okupatuak ditu Israelek: sei Zisjordanian eta beste bat Golango gainetan. Ondorioz, jatorriz bide horiek zabaldu eta ekipatu zituzten eskalatzaileak ezin dira beren eskalada eremuetan sartu». Israelek nola jarduten d uen azaldu du Villar de Onisek: gune horietan kolonoak ezartzen dituzte, eta inguruko lur eta sarbide guztiak itxi. «Hala, armadarekin batera, kontrolguneak ezartzen dituzte palestinarren ibilgailuei sartzen ez uzteko. Horrez gain, palestinarrak ezin dira Zisjordanian barna batera eta bestera mugitu, eta ezin dira oraindik ere irekita dagoen rokodromo bakarrera joan. Ramallahn dago rokodromo hori».

Euskal Herriko zenbait eragilek ere bat egin dute ekinaldiarekin. Iruñeko Bihatz eskalada guneak, esaterako. Maite Garcia Irisarri, Ana Valencia eta Gorka Karapeto eskalatzaileek sortutako eskalada gunea da Bihatz. «Egitasmoaren berri jaso genuenean, gure artean bildu eta bat egitea adostu genuen, atxikimendua agertzea. Kirola, edozein kirol, bogan dago gizartean, ondo ikusia dago, eta Israelentzat estrategia ona da bere burua eta irudia zuritzeko. Guk ez dugu begi onez ikusten hori, eta horregatik bat egin dugu betoa ezartzeko deialdiarekin», adierazi du Garcia Irisarrik.

Egoera «oso bortitza eta gogorra» jasaten ari dira Palestinako eskalatzaileak, Garcia Irisarriren esanetan. «Zenbaitetan, harritu egiten gara nola diren gai egoera larri horretan eskalatzeko. Palestinaren aldeko Yala Nafarroa elkartekoek Resistance Climbing filma eman zuten hemen, Bihatzen bertan —eskalatzaile palestinarren egoera agertzen du pelikulak—, eta harriturik ikusi genuen zer egoeratan eta baldintzatan eskalatzen duten».

Munduko Kopako Madrilgo probari begira, hainbat herrialdetako federazioek, besteak beste Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (FEDME), mozioak helarazi zizkioten World Climbing organo gorenari, apirilaren 23an Saudi Arabian egitekoa zen batzar nagusian Israel eta oro har, herrialde beligeranteak nazioarteko kirol lehiaketetatik kanpo uztea bozkatzeko. Alabaina, AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako gerra zela eta, batzarra online egin behar izan zuten azkenean, eta World Climbingeko buruek adierazi zuten halako gai delikatua ezin zela online bilera batean aztertu. «Azkenean, World Climbingek ezohiko batzarra egingo du uztailean, gaia aztertzeko eta bozkatzeko», jakinarazi du Villar de Onisek.

«Israelentzat kirola estrategia ona da bere burua eta irudia zuritzeko. Guk ez dugu begi onez ikusten hori, eta horregatik bat egin dugu deialdiarekin»

MAITE GARCIA IRISARRI Bihatz eskalada guneko sortzailea

Bien bitartean, eskalatzaile israeldarrak nazioartean lehiatzen ari dira; asteburu honetan Keqiaon (Txina) jokatu den Munduko Kopako proban izan dira, adibidez. «Madrilgo probarako, ez dakit zer egingo duten. Bi aste lehenagora arte eman ahal izango dute izena, eta ez dakit zer estrategia izango duten. Izena ez ematea garaipen txiki bat izango da», azpimarratu du Climbers for Palestine kolektiboko ordezkariak, Villar de Onisek. Izena ematen badute, ordea, boikoterako deia egingo da. «Israelek nazioarteko zuzenbidea errespetatu behar du, baina ez du egiten, badakielako ez duela inolako ondoriorik izango. Ezin dugu halakorik onartu. Guk ez dugu inor baztertu nahi. Israelgo ordezkariek ez parte hartzeko eskatzen dugu, gobernua egiten ari den krimenengatik. Hainbat kirolarik ezin dute beren federazioaren izenean parte hartu, eta atleta neutro moduan ematen dute izena. Horixe eskatzen dugu: beste herrialde batzuei ezartzen zaien lege bera aplikatzea Israeli ere».

Horregatik, gaur-gaurkoz, boikota jotzen dute egoera salatzeko bide bakartzat. «Gizarte moduan, boikota da baliatu ditzakegun tresnetako bat, eta erabili egin behar dugu: gure esku dagoena egin behar dugu», adierazi du Bihatzeko Maite Garcia Irisarrik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA