Hamalaugarren ekitaldia izango du Ehunmiliak mendi lasterketak. Ekaitz arriskua dela eta, ordutegiak aldatzea erabaki du antolakuntzak, eta beraz, gaur beharrean, bihar goizeko 11:00etan abiatuko da lasterketa luzea, Beasainen (Gipuzkoa), eta 19:00etan Goierriko Bi Handiak proba —Marimurumendin ez da aldaketarik izango—. Ehunmiliak lasterketaren kasuan, ibilbidea ere murriztu dute: 171 kilometro ordez 125 kilometro izango ditu ultrak.
Erlazionatuta
Aldaketak aldaketa, 1.260 korrikalari izango dira Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak, eta Marimurumendi lasterketetan. Hamahiru herrialdetako korrikalariak ariko dira hiru lasterketetan; horietatik 51, kanpotarrak. Probari izena ematen dion Ehunmiliak lasterketa nagusia izango da lehena abiatzen. Bihar 11:00etan abiatuko dira izena emandako 360 korrikalariak, Beasaingo plazatik. 125 kilometroko distantziari egin beharko diote aurre, eta Aralarko eta Aizkorri-Arazko parke naturalak izango ditu ardatz lasterketak. Gehieneko denbora, berriz, 31 ordukoa izango da.
Irteeran izango direnen artean, Fidel Fernandez, Igon Manzisidor eta Unai Dorronsoro dira aipagarrienak. Hirurek badakite zer den podiuma zapaltzea. Iazko ekitaldian irabazle izandakoa, Fidel Fernandez, bigarrengoz saiatuko da garaipena lortzen, baina Igon Manzisidor —azken bi urteetan bigarren izan da— eta Unai Dorronsoro —2018an eta 2019an hirugarren— gipuzkoarrak izango ditu aurkari zuzenenak. Biek ala biek gutxik bezala ezagutzen dute ibilbidea. Baina ez dira bakarrak izango irabazteko borrokan. Izan ere, irteeran izango dira Jean-François Cauchon, Christophe Cantanheira eta Jesus Gil ere, besteak beste.
Iaz bezala, aurten ere emakumeen arteko lehia oso parekatua izatea espero da. Halere, denen artean izen esanguratsu bat dago: Chelo Velasco asturiarra, iazko garailea. Ezustea emango dutenetako bat Martina Poelzelbauer txekiarra izango da agian. Esperientziadun emakumea da, eta hainbat ultra lasterketa egindakoa. Miriam Llop, Maria Victoria Soler, Severine Duhalde eta Cristina Bataller ere ezustekoa emateko prest iritsiko dira Beasainera. 28 emakume izango dira aurtengoan irteera puntuan.
Lasterketa nagusiaz gain, Goierriko Bi Handiak lehia (88 kilometro eta 6.000 metroko goranzko desnibela) azken urteetan lortutako famari jarraipena ematen saiatuko da. Eguraldi iragarpenagatik, gaur 23:00etan ez baizik bihar 19:00etan abiatuko da. 500 korrikalari baino gehiago lehiatuko dira G2Hn. Gizonezkoetan, azken bi urteetako irabazlea, Ioseba Eskudero, ez da irteeran izango, eta, beraz, irabazteko hautagaien artean izen aipagarri bat dago: Ander Iñarra. Iaz egin zuen debuta G2Hn, eta bigarren izan zen. Faborito nagusiak huts eginez gero, Mikel Auzmendi, Iñigo Arantzamendi eta Iraitz Legorburu dira gehienen ahotan dabiltzanak.
Emakumeen arteko lehiak berrikuntza bat ekarriko du aurtengoan. Beste irabazle bat izango da aurten, azken bi urteetako garaileak —Mayi Mujika eta Oihana Azkorbebeitia— ez baitira irteera puntuan izango. Olatz Azazeta da hautagai nagusia. Iaz bigarren sailkatu zen, Mujikaren atzetik, eta denbora bikaina egin dezakeela erakutsi zuen. Leire Martinez santurtziarra izan daiteke estutu dezakeenetako bat. Distantzia luzeetara oso ohituta dago Martinez, eta 2016an bigarren izan zen G2Hn. Hauek dira beste izen aipagarri batzuk: Raffaella Ciavola, Davinia Corrales eta Oihane de los Ojos.
Ehunmiliak festari amaiera emango dion proba, Marimurumendi maratoia (42 kilometro, +2.300 metro), igandean jarriko da martxan, 08:00etan —lasterketa horretan ez da aldaketarik izan—. Polita izango da Elena Calvilloren eta Ainhoa Intxausti iaz garaile izandakoaren arteko lehia. Jokatutako aldi guztietan podiumean izan da Calvillo, baina, martxoan izandako istripu bat dela medio, ez da sasoirik onenean arituko. Aipatutako bi lasterkariez gain, Henar Lazaro, Isabel Sandoval, Lorea Totorika eta Alba Loras ere kontuan hartu beharreko korrikalariak dira.
Gizonen arteko lehian ere garaile berria izango da aurten. Hauek dira hautagai nagusiak: Endika de las Heras (hirugarren iaz), Markel Urigoitia, Ruben Ruzafa, Jacob Pinazo, Gaizka Lasa eta Asier Azkarate. Denera 350 korrikalari baino gehiago izango dira Marimurumendi maratoian.