Ele zaharrez eta ondarez bilbatutako ibilbideak

Josean Gil-Garcia eta Mikel Arrizabalaga BERRIAko kolaboratzaileek liburu bana ondu dute: ‘Kondaira zaharren ibilbideak’ batak, eta ‘Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat’ besteak. Mendi zidorretan ez ezik, iraganaren xendetan ere barneratu dira.

Ollobarrengo harpe arraildua. Jakue apostoluak ezpata kolpez ebakia omen. JOSEAN GIL-GARCIA
Ollobarrengo harpe arraildua. Jakue apostoluak ezpata kolpez ebakia omen. JOSEAN GIL-GARCIA
ramon olasagasti
2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josean Gil-Garciak (Gasteiz, 1965) gogoan iltzatua du gaztetxoa zela mendira joaten hasi zenean lagun batek esan ziona: «Hasierako urte hauetan, inportantea duk gailurrerako bidezidorrak ezagutzea, baina gero konturatuko haiz haien mendi hegaletan eta magaletan mundu askoz zabalagoa dagoela, istorio hau hemen, ele zahar hau han...». Ondarea esaten zaion hori. Midi d’Ossaun galdu zuen Gil-Garciak lagun hura, baina hark esandakoa ez, hori gordeta dauka sekula betiko. Horregatik, gailurretara doazen bideak eta zidorrak ez ezik, herri zahar honen iraganean, historian eta kulturan barneratzen direnak, horiek ere hartu izan ditu aspalditik, eta ezin konta ahala ibilbidetan bilbatuta eman dizkio irakurle erneari. Herriaren ahotik debalde hartu eta herriaren belarriari debalde eman zizkion poeta hark bezala.

Hogeita hamar urte dira Gil-Garcia Euskaldunon Egunkaria-n mendi ibilbideak argitaratzen hasi zela, eta geroztik etenik gabe jarraitu du, fin eta leial, BERRIAko mendiko orriotan. Azken urteotan, berriz, uztailero, udako serie eder bat eman dio irakurleari opari: ibilbideak ur-jauzietara; iragana, harrietan irarrita; ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi?; ingurubirak; literatur ibilbideak iaz... Hain zuzen, testu landu eta ibilbide horietako asko daude argitaratu berri duen liburuaren oinarrian: Kondaira zaharren ibilbideak (Sua Edizioak).

Errobi ibaia, Athekagaitz inguruetan
Errobi ibaia, Athekagaitz inguruetan. JOSEAN GIL-GARCIA

Lekuetan ez ezik tokian tokiko istorioetan sakontzeko duen joera horrek horixe dauka, inor baino barrurago iristen dela. Galdamesko (Bizkaia) behialako meatzari herrixketan barnako ibilaldia egin zuen hartan, esaterako, Urallagako haitzuloaren barrunbeetatik Almanegra-ren aieneak entzutea iruditu zitzaion Gil-Garciari. «Uztailaren 22an Madalenetan erromeria egiten da han, eta argazkiak egitera eta bertakoekin egotera joan ginen. Ele zahar batek dio Almanegra zeritzon gizonezko batek, egindako ekintza higuingarriez damu, bere buruaz beste egin zuela haitzulo hartan, eta geroztik haren lantuak entzun daitezkeela gaur egun barrualdetik jariatzen den ura murmurioka datorrenean...». Gil-Garciak garbi-garbi jaso zituen, baita liburura ekarri ere.

Eta horrelako ele zaharrak beste hogeita bost, herrialdez herrialde, beste horrenbeste ibilbidetan. «Asko mugitzen gara Euskal Herri osoan barna, eta beti gustatzen zait irakurtzea, arakatzea, sakontzea tokian tokiko istorioetan. Garai batean Peña Santiago eta etnografo hauek egiten zuten moduan, mendira joan bai baina zerbait gehiago ere ematea. Eta hauxe da nire harri kozkorra», dio mendizale gasteiztarrak. Finean, Lizardi poetaren asaba zaharren baratzera hurbiltze xume bat da liburua, egileak sarreran dioen moduan. Sinesmen eta jakinduriaren mugaldean, herri zahar honen izatea gorde izan duten ahoz ahoko kontakizunen berri jaso eta, aldi berean, mendi ibilbide bat egiteko gonbita.

Okinako zuloa eta Mendikuteko gaztelua, Mari jainkosaren bizilekuak biak ala biak; Saldukeriaren bidexka, behiala Errioxa alderik alde zeharkatzen zuen zidor misteriotsua, mapa zaharretan oraino ere agertzen dena; Altzoko bi handiak, Migel Joakin Elizegi bata eta Imaz bertsolariak landatu zuen pago ikusgarria bestea, zein baino zein itzal handiagokoak biak; Gartxot koblakariak Elkorretako harpean emandako azken egunen lekukotza, eta hango zidorretan barnako ibilia; Muskildi-Urdiñarben nekromantzia eskolak hartzen zituzten ikasle haien kezka leizearen barnean deabruarekin harrapatuta ez geratzeko... Hogeita sei ele zahar eta hogeita sei txango berri, batzuez nahiz besteez gozatzeko.

Josean Gil-Garcia mendizalea eta BERRIAko kolaboratzailea
Josean Gil-Garcia BERRIAko kolaboratzaile eta liburuaren egilea. JOXEPI MONJE

«Han eta hemen badira ahaleginak, baina esango nuke tokian tokiko istorio eta ele zaharren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eteten ari dela oro har, euskaraz behintzat»

JOSEAN GIL-GARCIA Mendizalea

Han eta hemen badira ele zahar horiei bizirik eusteko ahaleginak: «Bargotan (Nafarroa), festetan, aztiaren istorioa biziberritzen dute antzerkiaren bidez; Kanpezun ere (Araba) egiten dute; Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere bai... baina esango nuke tokian tokiko istorio eta ele zaharren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eteten ari dela oro har, euskaraz behintzat». Horregatik, kate maila bat gehitu nahi izan du Gil-Garciak.

Euskal Herria arrano begiz

Mikel Arrizabalaga ere (Donostia, Eibar, 1957) 2000. urtean hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn mendiko ibilbideak argitaratzen, duela 25 urte jada, eta harrigarria da euskaraz idatzi dituen mendi ibilbideen corpusa, mendian bezain nekaezin baita euskararen aldeko jardunean ere. Oraingoan, Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat liburua eman du argitara, Sua argitaletxearen eskutik. Duela bi urte, Aiako Harria eta Jaizkibel mendi gida kaleratu zuen Arrizabalagak, Suarekin orduan ere. Euskal Herria izena duen bildumaren barruan 55. liburua izan zen hura, 54 tituluren ondoren euskarazko lehena. Orain ere, Senderismoa deritzon bildumaren barnean euskarazko lehena da Arrizabalagarena, bildumako 11.a. Bistan denez, ustez hain euskalduna den mendiaren mundu honetan, arrastoa zabaltzen ari diren horietako bat da Arrizabalaga.

«Ibilbideen liburu klasiko bat da», argitu nahi izan du lehen-lehenik. Baina badu ezohikotik ere: sarreran, adibidez, arrano begiekin Euskal Herrian barnako hegaldi luze bat egin du, gure lurraldea lau haizeetara begietsi du airetik, eta modu miresgarrian deskribatu ditu bertako paisaiak, testu luze bezain ederrean. Arrizabalaga arranoaren begiak drone modernoenak baino zoliagoak baitira azaleko paisaietan ez ezik lurralde honen ariman eta historian ere barru-barrura sartzeko. Eta horixe da, hain zuzen, liburu honen lehen bereizgarrietako bat: hain kanpoeder izan gabe gure lurraldea balioesteko aldarria.

Arrizabalaga: «Guk, mendizaleok, bidaiariok, eduki dugu eta badugu halako joera bat beti Euskal Herritik kanpokoa miresteko. Oso urrutira joaten gara, Himalaiara, Andeetara, Alpeetara, Dolomitetara... Eta gero, bueltakoan, kontatzen ditugu gure abenturak eta ibiliak. Eta batzuetan pentsatzen dut ea gure herria behar bezala ezagutzen ote dugun, ez ote dugun miresten kanpokoa gurea ezagutu gabe, eta gure txikian, ez ote ditugun kanpokoak bezain paisaia ederrak. Ez diot kanpokoa ezagutu behar ez dugunik, baina gureari ere erreparatu behar diogula uste dut».

Markizko kobak
Markizko kobak, Araban. MIKEL ARRIZABALAGA

Liburuan itsasaldeko talaia ederrak, oihan sarriak, ibaiak eta aintzirak, ur-jauziak eta padurak, mendiak eta haitzarteak, gazteluak, ermitak eta megalitoak agertzen dira, zidorrez zidor geografian eta ondarean barneratzeko ibilbideak.

Gure herri hau ezagutzeko 56 proposamen dira: hamarna ibilbide Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamabi Ipar Euskal Herrian eta hamalau Nafarroan Garaian. Ibilbide «samurrak» dira, hala desnibelez nola luzeraz, edonork egiteko modukoak, eta normalean helburua ez da gailur batera iristea. Hori da gidaren beste bereizgarrietako bat. «Gerta daiteke bidean tontorrak egotea, eta ibilbide batzuetan badaude, baina ibilbide hauen jomuga ez da tontorra, baizik eta mendi magaleko baso, oihan, herri, baserri eta inguruetan egon daitezkeen elementuak lotzea, ezagutzea... Hau da, gure ondare naturala, kulturala eta historikoa ezagutzera ematea, 56 ibilaldik horretarako ematen duten neurrian». Izan ere, Arrizabalagaren ustez, mendiak baditu tontorraz gainera beste osagai erakargarri asko. Arestian Gil-Garciak aipatzen «mundu askoz zabalago» hori.

Mendi hegal eta magaletan barnako bidezidor horietan, testuak ez dira ibilbideen deskribapen soilak, ondareari buruzko jakingarriak ere badira testuan, eta inguruan dauden altxorrak jendeari agertzeko hainbat azalpen.

Mikel Arrizabalaga mendizalea eta BERRIAko kolaboratzailea
Mikel Arrizabalaga mendizale eta BERRIAko kolaboratzailea.

«Batzuetan pentsatzen dut ea gure herria behar bezala ezagutzen ote dugun, ez ote dugun miresten kanpokoa gurea ezagutu gabe, eta, gure txikian, ez ote ditugun kanpokoak bezain paisaia ederrak»

MIKEL ARRIZABALAGA Mendizalea

Argitalpenaren beste bereizgarri bat hizkuntza da. Euskaraz bakarrik argitaratzea «opari bat» izan da Arrizabalagarentzat. Argitaratu izan ditu liburuak gaztelaniaz, baina berak beti euskaraz idatzi izan ditu, eta ondoren beste norbaitek gaztelaniara itzuli. Horregatik, beti esaten du erdarazko horiek ez direla bereak, itzultzailearenak baizik. «Beraz, euskaraz bakarrik argitaratuko zutela esan zidatenean asko poztu nintzen. Badakit argitaletxearentzat esfortzu bat dela, eta badakit azken urteotan Sua ahalegina egiten dela, edo bi hizkuntzetan argitaratzeko edo tarteka euskaraz bakarrik argitaratzeko. Aisialdiarekin lotutako produktu askok oso salmenta zaila dute, eta garrantzitsua da horiek euskaraz egotea», nabarmendu du Arrizabalagak.

Hauxe Arrizabalaga arranoak, bere hegaldiaren ondoren pausaturik, liburuko sarreraren amaieran utzi duen mezua: «Basoak, aintzirak, oihanak, leizeak, karstak, arroilak, gailurrak, ur-jauziak, ibaiak, labarrak, haranak, larreak, flysch-ak, muinoak, ibaiak, errekak, bokaleak, padurak, lautadak, itsasadarrak, mendilerroak, basamortuak, lakuak, uharteak, iturburuak, gatzagak, hondartzak, osinak, arrailak… urrutira joan gabe, gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia eder, gure euskararen herria maitatzeko hamaika arrazoi».

LIBURU FITXA

  • Titulua: Kondaira zaharren ibilbideak
  • Egilea: Josean Gil-Garcia
  • Argitaletxea: Sua (Euskal Herria bilduma)
  • Orrialdeak: 160
  • Prezioa: 21,10 €

LIBURU FITXA

  • Titulua: Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat
  • Egilea: Mikel Arrizabalaga
  • Argitaletxea: Sua (Senderismoa bilduma)
  • Orrialdeak: 216
  • Prezioa: 22 €
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.