Oraindik ere bada elurrik Pirinioetako mendirik garaienetan, eta bada azken elur mingainak urtu arteko onik ez duen mendiko eskiatzaile amorraturik, baina oro har, urte garai honetarako, eskiak parafinatu, gorde eta beste kirol batzuetan hasiak dira elurzale gehienak. Trailean edo mendiko lasterketetan horietako asko. Apirila trantsizio hilabetea izaten da haientzat: eskiak eta bota zurrunak erantzi, traileko zapatilak jantzi eta giharrak egokitzeko sasoia. Eta kirol batetik besterako zubi horretan, min txikiak sortzen dira han eta hemen, biharamuneko gogordurak...
Asier Labairu da bi denboraldiak bete-betean egiten dituzten horietako bat. Azken urteotan mendiko eskia lehenetsita dabil, eta aurten, besteak beste, Euskal Herriko txapeldun izan da Bandres-Karolo Memorialean, eta Espainiako txapeldunorde binaka, Ander de Miguelekin batera. Azken asteotan, ordea, Zegama-Aizkorri maratoiari begira jarrita dago buru-belarri. «Neguaren ondoren ez naiz guztiz gelditzen, ez dut gustuko, baina entrenamenduen plangintza zurrun hori alde batera uzten dut pare bat astez. Eta gero, zapatilak jantzi eta korrika hasten naiz, pixkanaka. Apirila garbi uzten dut, ez dut inongo lasterketatan parte hartzen, eta normalean maiatzean egiten dut lehen proba». Aurten, Zegama. Ondoren, uztailean, Val d’Aran UTMB proban parte hartuko du, 55 kilometroko distantzian: hori izango du helburu nagusia.

«Batetik, alde fisiko hori dago, inpakturik gabeko orduak metatzea, eta bestetik, alderdi psikologikoa: kanpora ateratzea, mendira joatea, eskiatzea, kirolez aldatzea, gustuko zerbait egitea...»
UXUE FRAILE Mendiko korrikalaria eta eskiatzailea
Igone Camposek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) aurten lehenago eman du amaitutzat mendiko eskiko denboraldia. «Ukondoko lesioagatik iltzeak neuzkan sartuta, eta ukitu hutsarekin izarrak ikusten nituen. Beraz, eroriz gero eta ukondoarekin lurra joz gero, uf! Beraz, txipa aldatu eta korrika hastea erabaki nuen». Asteburu honetan bertan, La Palma uharteko Transvulcania ultramaratoian parte hartuko du (73 km, 4.350 m). «Lehen aldia dut halako proba luze batean, baina uste dut ondo iritsiko naizela». Aurtengo negua berezia izan da Camposentzat, baina, normalean, apirilean amaitzen du mendiko eskiko denboraldia, apirilaren amaieran ere bai noizbait, Mezzalama egin izan duenetan. «Eta udaberriko lehen helburuaren arabera hasten naiz korrika. Zegama baldin bada helburua, martxoan hasi beharra dago, gutxinaka, gero trantsizioa ez dadin hain gogorra izan. Eta hala ere gogorra da, batez ere giharrentzat».
Giharrak egokitzea
Lehen asteetan «zuhurtzia handiz» ibiltzen direla azaldu du Camposek. «Zenbaitetan, aurreneko korrika saioak zintan ere egiten ditugu, inpaktua txikiagoa izateko. Baina, lehen asteetan, minak alde guztietatik hasten dira, egia esan. Batzuetan gertatu izan zaigu entrenatzaileak jarritako saioak bete ezinik ibiltzea ere. Horregatik, hasieran funtsezkoa da gorputzari entzutea, entrenamenduak unean uneko egoerara doitzea eta pixkanaka aritzea».
Aitor Ajuria (Leintz-Gatzaga, 1998) ere bietan aritzen da edo aritu izan da, mendiko eskian eta trailean, nahiz eta azken denboraldi pare honetan eskiak alde batera utzi eta korrika dabilen batez ere. Iaz, besteak beste, garaile izan zen Gorbeia Suzien lasterketan, eta azken hilabeteotan Zegama-Aizkorrirako prestatzen ari da buru-belarri,«esperantza handiz». Orain bi aste mendian jausi eta saihetsetan eta belaunean kolpea hartuta egon da, korrika egin ezinik, baina azaldu du kalterako beharrean onerako izan dela. «Saio luzeak egiten ibili naiz bizikletan, eta sasoi hobea hartu dut. Bizikletan, azkenean, korrika baino ordu gehiago egin daitezke, eta onerako izan da nire prestakuntzan».
Bizikletako saioen abantaila hori bera du mendiko eskiak ere: inpakturik eza. Uxue Fraile (Donostia, 1974) da bi denboraldiak uztartzen dituzten beste kirolarietako bat. Trail denboraldian, urte askotan lehiatu da Zegaman, UTMBn, Ehunmilietan eta abarretan, eta haietarako prestatzeko, neguan eskiatzen egindako saioak «oinarri sendoa» izan ziren, nabarmendu duenez. «Batetik, alde fisiko hori dago, inpakturik gabeko orduak metatzea, eta bestetik, alderdi psikologikoa: kanpora ateratzea, mendira joatea, eskiatzea, kirolez aldatzea, gustuko zerbait egitea... Gainera, mendiko eskia, lasai hartuta, metabolikoki prestatzeko oso jarduera egokia da niretzat, eta ondoren egin izan ditudan arnasa luzeko probei begira, oso ona izan da lan hori».

«Abiadura ere lantzen dut urte garai honetan. Korrika ez naizenez gai kilometro aldetik bolumen handia sartzeko, kalitatea lehenesten dut. Negutik hauspoa badugu, eta goraka sentsazioak onak dira, baina abiadura puntu hori falta dugu»
ASIER LABAIRU Mendiko eskiatzailea eta korrikalaria
Neguan, mendiko eskiatzaileek hainbat ordutako saioak egin ditzakete, inpakturik gabe eta artikulazioei estresik eragin gabe, eremu aerobikoan bihotz taupada maiztasunari eutsiz, eta, lan horri esker, erresistentzia, gaitasun kardiobaskularra eta eraginkortasun energetikoa landu ditzakete, baita oreka eta teknika ere. Horregatik, traileko korrikalari gero eta gehiagok baliatzen dute mendiko eskia entrenatzeko. «Nik, negua amaitzean, indartsu sumatzen dut neure burua fisiologikoki, metabolikoki, kardiobaskularki. Oinarri horrekin, giharrak eta zangoak korrikarako egokitzea izaten da gakoa», azaldu du Labairuk.
Uxue Fraile ez da inoiz berariaz prestatu mendiko eskirako. Donostian bizi denez eta astelehenetik ostiralera lan egin behar duenez, korrika egitea, gimnasioa, bizikleta eta mendia, horiek izan dira haren entrenamenduak, bai elur denboraldirako bai trailerako. Aitor Ajuriak ere bi jende klase bereizten ditu mendiko eskia egiten dutenen artean: elurretan maiz samar entrenatzeko aukera dutenak eta ez dutenak. «Ni korrika eginez eta bizikletan entrenatzen nintzen mendiko eskirako. Hau da, udan bezalaxe, inongo aldaketa barik. Aldea zen asteburuetan elurretan lehiatzen nintzela, eskiak askorik jantzi barik askotan».
Gimnasioko lanaren garrantzia
Eskiak eskegi dituenetik, progresio bati jarraitu dio Labairuk korrika saioetan: lehen astean 52 kilometro, hurrengoan 80… Kirolaria ez ezik, prestatzaile fisikoa ere bada, eta trantsizioko aste hauetan garrantzi handia ematen dio gimnasioari ere. «Astean bitan joaten naiz gimnasiora, korrikarako indar ariketa espezifikoak egitera, prebentzio moduan. Eta abiadura ere lantzen dut urte garai honetan. Korrika ez naizenez gai kilometro aldetik bolumen handia sartzeko, kalitatea lehenesten dut. Negutik hauspoa badugu, eta goraka sentsazioak onak dira, baina abiadura puntu hori falta dugu, eta hori lantzen saiatzen naiz orain».

«Egunean lauzpabost aldiz jaten dugu, eta jaten dugun horrek berealdiko eragina dauka osasunean, errendimenduan, aldartean, energian, digestioan... Zoratu gabe, baina elikadura oso-oso garrantzitsua da»
IGONE CAMPOS Mendiko eskiatzailea eta korrikalaria
Igone Camposek ere astean gutxienez bi saio egiten ditu gimnasioan, hala neguan nola udan, baina eskirako eta trailerako ariketak aldatu egiten ditu. Uxue Frailek ere «joan den mendetik» egiten du gimnasioko lana, babes moduan. «Duela urte batzuk, abenduan belauna puskatu nuen eskiatzen, eta ondoko urteetan aldapan gora egiten zitzaidan elurretan hastea. Orduan, udazkenean, asko erreparatzen nion eta diot gimnasioko lanari». Aitor Ajuria, berriz, duela urtebete hasi zen gimnasioko lan hori egiten. «Egia da, ordea, asko-asko ere ez naizela joaten. Azkenean, zortez edo, ez dut sekula min hartu, baina dakitenek diote lan hori oso garrantzitsua dela. Gimnasioko ariketei esker, igarri dut korrikan, bigarren, hirugarren edo laugarren igoeretan indar handiagoa dudala eta giharrak hobeto izaten ditudala».
Elikadura eta hidratazioa
Elikadura aldetik ere bada alderik kirol batetik bestera. Nutrizio Gradua amaituta, irakasle lanak utzi eta nutrizionista ari da Igone Campos gaur egun, eta pasioz mintzo da gaiari buruz: «Azken batean, gure energia iturria eta oinarria da elikadura. Egunean lauzpabost aldiz jaten dugu, eta jaten dugun horrek berealdiko eragina dauka osasunean, errendimenduan, aldartean, energian, digestioan... Zoratu gabe, baina elikadura oso-oso garrantzitsua da. Gauza jakina da, baina orain, nutrizioan sakondu eta gero, areago konturatu naiz».
Neguan gastua handiagoa izaten dela azaldu du Camposek. Altueran, hotzean, eskien, boten eta motxilaren pisuarekin entrenatzeak eragiten du kaloria gehiago gastatzea. «Korrika, berriz, gastu kaloriko hori txikiagoa da, eta nutrizioa ere horren arabera moldatzen dugu. Hala ere, funtsezkoa da elikadura patroi orokor bat izatea».
Labairuk nabaritzen du mendiko eskiko probetan gorputzak karbohidrato gehiago onartzen dituela eta halakoak barneratzeko gaitasun handiagoa duela. Gainerakoan, urte osoan berdintsu jaten du iruindarrak. «Nutrizionista baten jarraibideei segitzen diet, eta nabaritzen dut korrikako denboraldian proteina gehiago hartzeko agintzen didala, giharrak gehiagotan minberatzen zaizkidalako-edo».

«Ni korrika eginez eta bizikletan entrenatzen nintzen mendiko eskirako. Hau da, udan bezalaxe, inongo aldaketa barik. Aldea zen asteburuetan elurretan lehiatzen nintzela, eskiak askorik jantzi barik askotan»
AITOR AJURIA Mendiko korrikalaria eta eskiatzailea
Hidratazioa izaten da eskiko eta traileko proben beste alde nagusietako bat. Traileko sasoian neguan baino askoz gehiago izerditzen denez, hidratazioari «garrantzi handia» eman behar zaiola nabarmendu du Camposek. «Kirolariei izerditze testak egiten dizkiegu, jakiteko zenbat izerditzen duten, eta horren arabera zehazten dugu bakoitzak nola hidratatu behar duen. Karbohidratoei buruz asko hitz egiten da, baina, hidratazioa zaintzen ez bada, errendimendua gehiago apaltzen da. Karbohidratoen faltan gorputzak gantzetatik har dezake erregaia, baina hidratazio faltak, errendimendua apaltzeaz gain, ondorio larriagoak ere ekar ditzake».
Laktatometroak, potentziometroak...
Testak, laktatometroak, potentziometroak, datuak… Teknologiak gero eta garrantzi handiagoa du bai mendiko eskiko eta bai traileko prestakuntzan ere. «Lehen, mendian orduak sartzea zen kontua, eta tarteka intentsitatea sartzea, baina prestakuntza geroz eta gehiago fintzen eta doitzen ari da teknologia berriei esker», azaldu du Labairuk. Adibidez, txirrindularitzan bezala, trailean ere potentziometroak erabiltzen hasi dira. «Azelerazioaren eta altueraren arteko erlazio bat kalkulatzen da, eta, horrekin, potentzia bat estimatu. Ez da zehatz-zehatza, txirringako bielak neurtzen duena bezalakoa, baina tira, eremu ez oso teknikoetan, pistetan adibidez, nahiko fidagarria da».
Aitor Ajuria, berriz, ez da gailu asko eramatearen aldekoa. Bera bihotz taupaden maiztasunean oinarritu izan da betidanik. «Jakin egin behar da gailu horiek guztiak erabiltzen, eta badakit nik ez nukeela berdin gozatuko mendiaz eta egiten dudanaz. Baina badago jendea gauza horiek erabiltzeko gaitasuna daukana, eta ezin da ukatu teknologia aldetik aurrerapauso handiak eman direla».
Uxue Fraile eskola zaharrekoa da alde horretatik, baina prestatzaile fisiko batekin ibili da beti. «Ezin dut beste era batera imajinatu. Hala ere, malgutasuna behar da, prestatzaileak ere jakin behar du gure egunerokoaren berri, gure gorputzaldiaren berri, eta zurrunegiak izan gabe, egokitu egin behar dugu, gustatzen zaigun horretaz gozatzeko aurrerantzean ere».