Hala idatzi zuen Fritdjof Nansen esploratzaile norvegiar entzutetsuak 1890ean: «Zer ederragorik neguko goiz hotz batean eskiak jarri eta basora ateratzea baino? Non aurkitu askatasun eta poz handiagorik eskiatzailearen irristada isilean baino?». Nansen eta beste hainbat esploratzaile aitzindariren oinordeko, ia oinez baino lehenago ikasten dute norvegiarrek eskiatzen, odolean daramate. Euskal Herrira ere haien eskutik heldu zen kirol hau, duela mende bat baino gehiago. Egundaino iraun duen arrasto baten lehen aztarnak izan ziren. Eskiaren historia zirraragarri hori bildu du orain Unai Jauregibeitiak (Bilbo, 1974) Tras la huella noruega dokumentalean. Filma Mendi Filmen estreinatu bazen ere, gaur zortzi, hilaren 21ean, Tolosan emango dute (Leidor, 19:00), Euskal Herrian kirol hau jaiotzen ikusi zuen herrian.
1906an, Gjovik herrian (Norvegia) arrantzarako amuak eta ferratzeko iltzeak egiten zituen Mustad enpresak familiako kide bat bidali zuen Gipuzkoara, Hafdan Mustad, eginkizun jakin bat egitera: Iberiar penintsularen iparraldean fabrika bat eraikitzeko kokagune on bat aurkitzea. Tolosa (Gipuzkoa) iruditu zitzaion leku egokia Mustad gazteari: industria tradizioa eta azpiegitura egokiak, trenbidea gertu... Lantegi hartara etorri ziren lanera lehen norvegiarrak, eta 1908ko urtarrilean, Tolosaldeko mendi bazterrak elurrez jantzi orduko, eskiatzera atera ziren. Bertakoak harri eta zur geratu bide ziren iparraldetik iritsitako atzerritar haiek egurrezko ohol haien gainean irrist egiten ikusita.

Harrituta asko eta probatzeko gogoz beste batzuk, batez ere Tolosako burgesiako hainbat kide. «Tolosan jende irekia eta saltsero samarra aurkitu zuten norvegiarrek. Ixaka Lopez Mendizabal —Xabiertxoren sortzailea bera—, Ramon Irazusta, Polikarpo Elosegi, Jenaro Ruiz de Arkaute... Eta 1908ko negu hartan bertan animatu ziren haietako batzuk, norvegiarren laguntzarekin, lehen eskialdia egitera. Taldetxo hori bera izan zen, norvegiarren koloniarekin batera, 1909an Ski Club Tolosano elkartea eratu zuena. Beste esparru askotan bezala, horretan ere aitzindaria izan zen Tolosa», azaldu du Francisco Tuduri Esnalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1945). Ondo ezagutzen du Tudurik eskia eta Tolosa lotzen dituen historia, eta datu zehatzez eta argazki zoragarriz bikain jasoa du ...cuando el esqui comienza liburuan.
Azken norvegiarraren bilobak
Markus Kildal 1924an heldu zen Tolosara Mustaden lan egitera, eta Tolosan bertan hil zen 1991. urtean. «Azken norvegiarra» izan zen Kildal. Haren bilobak dira Anate eta Susana Iturralde Kildal, historia honen beste katebegi bat. «Aitonak Tolosan ezagutu zuen amona, Juliana Armendariz. Berez, Elduaingoa zen amona, baina Mustad lantegiko txaletean aritzen zen neskame, eta han ezagutu ziren», azaldu du Susanak. Sei anai-arreba dira Iturralde Kildaltarrak. Haien amak ere urtebeteko egonaldia egin zuen Norvegian, gerraosteko urte zailetan, 15 urte zituela, eta oso barneratua ekarri zuen kultura nordikoa. «Hemen geunden moduan geunden, eta han, berriz, sukalde elektrikoak zituzten, emakumeek galtzak janzten zituzten, askatasun handiagoa zuten... Kultura hark beste irekitasun bat eman zion, eta horrek guri ere asko eragin zigun», nabarmendu du Anatek.

«Norvegiako kulturak beste irekitasun bat eman zion [amari], eta horrek guri ere asko eragin zigun»
SUSANA ETA ANATE ITURRALDE Eskiatzaileak, norvegiarren ondorengoak
Unai Jauregibeitiak, Tras la huella noruega dokumentalaren zuzendariak, Susana Iturralderen eskutik jaso zituen norvegiarren eta eskiaren historiaren berri, telebistarako beste saio bat grabatzen ari zela. «Harrituta utzi ninduen hain gertu bizi eta historia horren arrastorik ez jakiteak. Iaz, Susana eta Anaterekin geratu nintzen, eta bizkotxo norvegiar baten eta kafe baten beroan, familiaren historian sakondu genuen: kontatu zidaten eskia belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dela Tolosaldean, Tuduriren liburua ere utzi zidaten, eta konturatu nintzen ehun urtetik gorako historia eder bat zegoela kontatzeko». Eta halaxe heldu zion norvegiarren arrastoari. Hari bati tira eta besteari tira, hainbat eskiatzaile belaunaldi eta aditu elkarrizketatu ditu: Josu Iztueta, Txiki Plazas, Angel Ortiz, Jose Luis Lekuona Gorri, David Hernandez, Miren Lopez Mendizabal, Juan Ignazio Elosegi, Anate eta Susana Iturralde, Alaia Juaristi, Joseba eta Imanol Rojo, Andoni Aizpuru, Jose Luis Rodrigo eta Paco Grande kazetariak... Eta behin lana eginda, ikusi du eskia «pasio handiarekin» bizi dela Tolosan, «eta belaunaldien arteko lotura estua sortzen duela pasio horrek».
Eskiaren lehen garaia norvegiarrak iritsi zirenetik 1914ko Gerla Handira bitartekoa izan zen. «Hastapeneko urte haietan, Tolosa inguruan eskiatzen zuten, Aralarrera ez ziren igotzen. Baraibartik aurrerakoa misterio hutsa zen. Eta garai hartan egiten zen eskia, batez ere, jauziak ziren; hura zen norvegiarren kirol nazionala», azaldu du Tudurik. Hala, 1910eko apirilaren 4an, Berastegiko muino elurtu batean, eski jauzien lehiaketa bat antolatu zuten. Hafdan Tollerud norvegiarra izan zen garaile nagusien kategorian, 12 metroko salto bat eginda; hasiberrien kategorian, berriz, tolosar bat, Jenaro Ruiz de Arkaute. «Berastegiko hura izan zen penintsula osoan antolatutako lehen eski txapelketa», nabarmendu du Tudurik.

«Hastapeneko urte haietan, Tolosa inguruan eskiatzen zuten, Aralarrera ez ziren igotzen. Baraibartik aurrerakoa misterio hutsa zen. Eta garai hartan egiten zen eskia, batez ere, jauziak ziren; hura zen norvegiarren kirol nazionala»
FRANCISCO TUDURI ESNAL Eskiatzailea eta eskiaren historian aditua
Francisco Tuduriren aita, hura ere Francisco, katebegi garrantzitsua izan zen historia honetan. «1924an, aita urtebetez egon zen Norvegiako paper fabrika batean lanean, eta eskiarekin erotu beharrean itzuli zen handik. Tolosara etorri orduko, Mustadera joan zen, norvegiarren bat lagun hartu eta eskiatzera ateratzeko», jakinarazi du semeak. Garaitsu hartan hasi ziren Amezketatik eta Ondarretik barna Aralarrera igotzen. 1927ko neguan, Tudurik, Andres anaiak eta Joxe Labaienek Aralarko lehen zeharkaldia egin zuten eskien gainean: Amezketatik atera eta San Migeleraino joan ziren. «Guardetxera iritsi zirenean, guarda atera zitzaien, Migel Zufiaurre, eta harri eta zur geratu zen haiek ikustean. Ea penitenteak ziren galdetu zien», oroitu du Tudurik pasartea. Hurrengo urtean, 1928an, egin zuten Aralarreko zeharkaldi entzutetsuena lehen aldiz: Lizarrustitik Baraibar artekoa.
Urte haietan, Ski Club Tolosanoko antzinako kideekin harremanetan jarri zen Tuduri, elkartea berpizteko. Garai bertsuan deskubritu zuten Candanchu (Aragoi, Espainia), Canfranceko estazioan lan egiten zuen tolosar baten bidez. «Urrezko garaia hasi zen orduan, Espainiako Gerra lehertu zen arte. Garai horretan eraiki zuten Candanchu Hotela ere», oroitu du Tudurik.

«Eskia pasio handiarekin bizi da Tolosan, eta belaunaldien arteko lotura estua sortzen du pasio horrek»
UNAI JAUREGIBETIA Dokumentalaren zuzendaria
Orduan eski osoa egiten zuten, gaur egun mendiko eskia litzatekeena. Ez zegoen estaziorik, ez zegoen igogailurik eta halakorik, eta foka larruekin igotzen ziren, eta ondoren jaitsi. Garaitsu hartan hasi ziren iraupen eski hutseko lehen lehiaketak ere. «1931tik 1935era Espainia-Frantziako Txapelketak jokatu ziren han, Candanchu inguruetan. Frantsesak, Peñalarako madrildarrak, tolosarrak... leku askotako eskiatzaileak biltzen ziren. Ski Club Tolosanokoak pare bat urtez garaile izan ziren taldeka».
Aralarko lasterketa haiek
Espainiako Gerrak dena eten zuen. Eta gerraostean, Ski Club Tolosano pixkanaka ahituz joan zen. «Jatekoa eskuratzea zen orduan lehentasuna; jendea ez zegoen eskian pentsatzeko moduan», dio Tudurik. 1959an desagertu zen elkartea, eta garai berean indarrez sortu zen Alpino Uzturre taldea. Orduan hasi zen hirugarren garaia, iraupen eskiari lotuagoa. Orduan hasi ziren Juan Laredo, Antonio Lobo, gerora David Hernandez, Jose Luis Lekuona Gorri eta beste hainbat. «Iraupen eskiko proben garai loriatsua etorri zen orduan. Hor Jose Sasieta zen Alpino Uzturre taldearen eta Aralarko proba haien arima», azaldu du Tudurik.

«Aralarren ikasi dugu eskiatzen, mendiaz gozatzen... Leku gozagarria da. Ea aurten ere igotzen naizen; eskiak jarrita Pagomariraino behintzat iritsiko gara»
JOSE LUIS LEKUONA 'GORRI' Eskiatzailea
Jose Luis Lekuona Gorri (Tolosa, 1941) soldaduskara joan baino lehen hasi zen eskiatzen, Aralarren, Sancheski etxeko egurrezko eski zahar batzuen gainean. «1961 edo 1962 ingurua izango zen. Autobusez igotzen ginen jende pila bat Guardetxera, eta handik abiatzen ginen, batzuk oinez, beste batzuk eskiatzen... Horrela hasi ginen lardaskan», oroitu du Gorrik. Soldaduskatik itzultzean, Tolosako arotz batek, makal egurrez eski batzuk egin zizkien, eta beraiek jarri zizkieten hala moduzko lotailu batzuk. «Haiekin hobeto moldatzen ginen. Gero, Nafarroako zapatagin batek Poll Puig eski batzuk eskuratu zizkigun, eta haiekin parte hartzen genuen lasterketetan».
Aralarko lasterketa haietan Euskal Herri osoko eskiatzaileak biltzen ziren: Errenteriako Urdaburukoak, Donostiako Amaikak Bat taldekoak, Tolosako Alpino Uzturrekoak, Oargikoak, nafarrak... «Aurreko egunean Guardetxera igo eta han egiten genuen lo. Bezperan bertan markatzen genuen ibilbidea banderatxoen bidez, askotan alferrik, gauean elurra egiten baitzuen gainetik. Lasterketa ederrak eta ondo antolatuak izaten ziren, epaileekin eta abar», dio Gorrik. Zazpi urtean, berak irabazi zituen Aralarko proba haietako asko.
1974an, Aralartik eskiaren sorburura joan ziren Tolosaldeko eskiatzaileak, Laponiara, 600 kilometro inguruko eski zeharkaldi bat egitera. Jose Luis Lekuona Gorri bera, David Hernandez, Antxon Bandres Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izandakoa, Mikel Zabala, Jose Mari Rebollar eta Alfredo Feliu izan ziren Laponia 74 espedizio hartako kideak. Zeharkaldi haren uberan etorri dira gerora beste batzuk, hala nola Dina Bilbaok, Nekane Urkiak, Josu Iztuetak, Angel Ortizek eta Txiki Plazasek 1984an Groenlandian kostalde batetik bestera eginikoa, noiz eta Nansenen zeharkaldiaren mendeurrenean.

«Urte asko dira eskiari emanak, baina gustuko dudalako egiten dut, pasio hori dudalako. Hiru Olinpiar Jokotan izan naiz, aukera izan dut munduan barrena leku askotan eskiatzeko...»
IMANOL ROJO Eskiatzailea
Urteen joanean, Marcialonga, Vassaloppet eta beste hainbat proba egin ditu Gorrik, beteranoen munduko txapelketetan parte hartu izan du Suitzan, Austrian, Italian... 72 urte bete arte jarraitu du lehiatzen, baina gogoa Aralarrera joaten zaio aldiro. «Han ikasi dugu eskiatzen, mendiaz gozatzen... Aralar leku gozagarria da. Ea aurten ere igotzen naizen; eskiak jarrita Pagomariraino behintzat iritsiko gara».
Aralar, beti Aralar. Eskiaren historia honetan beste kate maila bat izan zen Anate Iturraldek, Jose Luis Areizaga Txuri senarrak eta Mikel Arrastoak 1979an Tolosan zabaldutako kirol denda. Aralar Kirolak, izen hori jarri zioten dendari, ezinbestean, eta zabaldu eta berehala, iraupen eskiko materiala merkaturatu zuten. «Penintsulan beste inork ez zeukan iraupen eskiko materialik; bazter guztietatik etortzen ziren bezeroak Tolosara. Orain konturatzen gara dendak izan zuen garrantziaz. Lehen, egunerokoan, ez ginen ohartzen. ‘Zer zortea geneukan’, zenbatek esan ote digu hori», adierazi du Anate Iturraldek. «Izan ere, iaz bilobari eski batzuk oparitu nahi nizkion, eta ez nekien non erosi», esan dio ondotik Susana ahizpak.
Aralarren egin zituen lehen urratsak Imanol Rojo eskiatzaileak ere (Tolosa, 1990), bost urte zituela, eta Tolosan kirol hori gorenera eraman du geroztik. Neguko hiru Olinpiar Jokotan parte hartu du: 2014an Sotxin, 2018an Pyeongchangen eta 2022an Pekinen, eta oraindik ere badu aukera Milan Cortina d'Ampezzoko jokoetan aritzeko. Aurrez, beste tolosar batek, Haritz Zunzunegik, bete zuen amets olinpiarra. «Jendea, beste eskiatzaileak, lehiakideak, lagunak, harritu egiten dira itsas mailan dagoen herri batean, elurra 200 kilometrora izanda, nola dugun horrelako zaletasuna eta pasioa, nola daukagun maila hori», adierazi du Rojok. Gaineratu du «harrotasun handia» sortzen diola tolosarra izanik iraupen eskian hain urrun iritsi izanak. «Urte asko dira eskiari emanak, baina gustuko dudalako egiten dut, pasio hori dudalako, eta asko gozatu dudalako. Hiru Olinpiar Jokotan izan naiz, aukera izan dut munduan barrena leku askotan eskiatzeko, eta hori hartuko dut gogoan».