Elgetako plaza jendez lepo. 1924ko maiatzaren 18a. Handik eta hemendik iritsitako 4.000 lagunak txaloka, mendi federazio sortu berria hauspotzeko. Irudi estatiko historikoa zenak mugimendua hartu du. Antxon Bandres lehen presidentea, bere federatu fitxako argazkitik irribarre eginez, egindako bideaz harro, «begira noraino iritsi garen» esanez bezala. Loli Lopez Goñi, Cervino eta Mont Blancera igo zen lehen euskal emakumea, Imanol Goikoetxea senarrak ateratako argazki gogoangarrian izotzaren ondotik mugitzen, pioleta eskuan duela. Izoztutako irudia desizoztu eta bizia harturik. Angel Landa eta Pedro Udaondo, Urriellu haitzaren gailurrean elkar besarkatzen, Tximist espedizioko kideak Everesteko Isiltasunaren Bailaran gora, pauso motelean baina mugimenduan...
Adolfo Madinabeitia Yosemiteko El Capitan hormako Jolly Roger bidean (2002), gora begira, Juan Miranda sokalagunaren mugimenduei jarraika; Felix eta Alberto Iñurrategi Kangchenjunga gailurrerako bidean (1996). Nafarrak 1981eko Jannuko espedizio gogoangarrian, gailurreko ertz zorrotzean behera tentuz jaisten; Edurne Pasaban, 2004ko uztailaren 26ko arratsaldearen azken hatsetan eta indarrak ahitzear, K2ko gailurrera heltzen... Eta, azkenik, 1955. urtean, Josu Altuna, Maritxu Bilbao eta Ignacio Ealo, Itxinako Atxa-Adarra gailurrera heltzen.
Euskal mendizaletasunaren historiako irudi ikonikoak dira, oso argazki ezagunak asko eta asko, adimen artifizialaren bidez biziberrituak. Emmoa Euskal Mendizaletasunaren Museoa IMMA Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoko kide gisa onartu duten honetan, Emmoaren patronatuko kideetako batek, Mendi Filmek, «ospakizun eta aitortza bideo hau» egin du opari, Jon Herranz dokumentalgilearen eskutik.