ATZEKOZ AURRERA. Zigor Iturrieta. Mendi korrikalaria

«Ez naiz joan azkar egiteko asmoz, egiteko asmoz baizik»

Gaur bukatuko du Zigor Iturrieta mendi korrikalariak GR11 Pirinioetako ibilbidea, hamar egunen ostean. Mendia gustuko duenak bizitzan behin egin beharreko zerbait dela uste du.

ZIGOR ITURRIETA.
Iruñea
2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Uztailaren 20an abiatu zen Zigor Iturrieta mendi korrikalaria (Euba, Bizkaia, 1974) Gironako Cap de Creustik (Herrialde Katalanak), eta gaur iritsiko da Higer lurmuturrera (Gipuzkoa). Hamar egunean 800 kilometro inguru egin ditu, 40.000 metroko desnibelarekin. Horretarako, batez beste hamalau orduz ibili da egunero.

Zer moduz zaude?

Ondo, psikologikoki nekatu samar. Baina jada etxetik gertu egoteak indarra ematen dit.

Nola sortu zitzaizun ibilbide hau egiteko ideia?

2010ean Kilian Jornet korrikalariak Pirinioak zeharkatu zituenean, aurreneko etapa egiten lagundu nion. Orduan sartu zitzaidan txirrinta. Halere, hark zortzi egunean egin zuen; azkar egitera joan zen. Nire helburua beste bat zen. Ez naiz joan azkar egiteko asmoz, egiteko asmoz baizik. Hori guztia egitea bera ere bada nahiko erronka, baina ez dut izan errekorrik egiteko asmorik. Neuretzat bakarrik izango zen erronka bat egin nahi nuen. Azken finean, guztia autogestionatua izan da: gainean beharrezkoa zena bakarrik eraman dut, eta gero nik bilatu behar izan dut non jan, non lo egin eta abar.

Ezagutzen zenuen ibilbidea?

Ez. Pirineos aldizkariak prestatutako GR11ri jarraitu diot, eta gutxi gorabehera egunean horko hiruzpalau etapa egitea kalkulatu nuen, nahiz eta ez den beti horrela izan. Liburuari esker eta markei jarraituz egin dut dena.

Nola moldatu zara markekin?

Oso ondo. Aragoi inguruan [Espainia], markak zaharkituta daude, baina, bestela, ondo. Cap de Creustik bertatik marka zuri-gorriak hasten dira, eta horiek dira GRaren koloreak. Aldaera batzuk ere badaude, baina normalean ondo adierazita daude. Galdu banaiz, nire erruagatik izan da.

Zergatik?

Neure buruarekin bakarrik ordu asko pasatu ditut, eta hori da gozagarriena. Bakardadean zaude, ezer entzun gabe, inor entzun gabe, sekulako lasaitasunean. Maiz ibili izan naiz ezertan pentsatu gabe, eta, egoera horretan egonda, batzuetan markak ere galdu egin ditut. Halakoetan, buelta eman eta markak bilatu behar izan ditut. Ez zegoen besterik.

Gutxieneko arropa eraman duzu.

Bai, eta dutxatu ere arroparekin egin naiz aterpeetan, jantziak nirekin batera garbituz. Behin dutxatuta, bezperan garbitutako arropa jantzi izan dut, eta horrekin oheratu. Hurrengo goizean, jantzi horiekin abiatzen nintzen. Eta horrela egunero.

Jatekoa nola lortu duzu?

Barra energetiko batzuk eraman nituen, badaezpada ere. Horrez gain, egunero ordu biak aldera herriren batera jaitsi naiz ogitarteko bat edo bazkaltzeko zerbait erostera. Afaria, berriz, beti egin dut aterpe zainduetan edota ostatuetan.

Dena den, aurrez ez zenuen aterperik hartua.

Ez, baina astez normalean ez da arazorik egoten. Halere, gidak etapa bakoitzaren bukaeran lo egiteko toki batzuk gomendatzen ditu, eta horren arabera moldatu naiz.

Egunen batean gaizki sentitu izan zara?

Bai, pare bat aldiz. Andorran oso-oso gaizki pasatu nuen; oso etapa gogorrak ziren, bero handia zegoen, eta nekea ere handituz zihoan. Egunero-egunero horrenbeste kilometro eginda, azkenean gorputzak gelditzeko eskatzen dizu. Bigarren aldian etxera joateko zorian egon nintzen. Elur ugari topatu nuen, eta horrela gehiago nekatzen da. Horrez gain, beherakoarekin nengoen, eta ia ez nuen indarrik jarraitzeko.

Baina buelta eman zenion.

Bai. Hurrengo egunean, euria egiten zuen; etxeko klima sumatu nuen, eta horrek indarrak eman zizkidan. Burua aktibatu zitzaidan, eta neurekiko esan nuen: «Txikito, hasitakoa bukatu behar diagu».

Lagunek zer esan zizuten zure asmoa kontatu zenienean?

Ondo ezagutzen naute, eta ez dira harritzen. Gainera, lagun askok idatzi didate inbidiaz. Azken finean, mendian ibiltzea gustatzen zaion batek ibilbide hau egin behar du, bizitzan behin bada ere. Merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.