Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak antolatuta, XV. Hiru Mendizerrak ibilaldia izanen da larunbatean, hilak 11, Altsasun (Nafarroa). Aurten, Iñaki Otxoa de Olza zenaren omenez egingo dute. 2008ko maiatzaren 22an zendu zen Otxoa de Olza. Bost egun pasatu zituen hil edo bizi Annapurnan, eta han geratu zen betiko. 2009an, SOS Himalaia fundazioa sortu zuten mendizale haren hurbilekoek, Otxoa de Olzak hasitako bideari segida emateko asmoz.
Fundazioak Kalikako eskola berritu nahi du, Nepalen, Makalu mendiaren haranean hain zuzen. Proiektu hori diruz laguntzeko aukera izanen dute Altsasuko Hiru Mendizerrak ibilaldiko parte hartzaileek, mendi martxan izena emateko ordaindu beharrekotik (17 euro) bi euro bideratuko baitituzte eskola berritzeko. Hiru zirkuitu prestatu dituzte antolatzaileek: 26 kilometrokoa, 37koa eta 48koa.
Txuma Morcillo Altsasuko Mendigoizaleak elkarteko kideak jakinarazi du aurten aldaketa txiki bat izanen dela ibilbidean: «Lehen anoa gunea, orain arte Urbasako guardetxean egiten zena, Santa Marinan izango da aurten. Urbasa babesteko neurriak direla medio, ibilaldia lehen aldiz igaroko da Santa Marinatik». Nolanahi dela ere, hemendik aurrera ere «ibilaldia ederra» izango dela nabarmendu du Morcillok. Beste berrikuntzetako bat da aurten kontroletan ez dela edalontzirik izango, eta, beraz, partaide bakoitzak eraman beharko du berea.
Proba Euskal Herriko iraupen luzeko zirkuiturako puntuagarria izango da, baita Nafarroako zirkuiturako ere. Partaideak Altsasuko Burunda frontoitik abiatuko dira, 07:00etan. Izena zirkuituaren webgunean eman ahal izanen da.