Negu Kiroletako Espainiako Federazioak (RFEDI) joan den astean plazaratu zuen Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetan Espainia ordezkatuko duten eskiatzaileen behin betiko zerrenda, eta kanpoan utzi zuen Imanol Rojo iraupen eskiatzailea (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Erabaki hori dela eta, Rojok «ondoeza» agertu du prentsa ohar baten bidez, batez ere «hautaketa prozesu osoa gauzatzeko moduagatik». Rojok bazuen itxaropena bere laugarren Olinpiar Jokoetara joateko eta kirol horretan osatu duen ibilbide oparoari amaiera dotorea emateko, baina RFEDIk esprint modalitateko hiru eskiatzaile eramatea erabaki du: Jaume Pueyo, Bernat Selles eta Marc Colell kataluniarrak, hain zuzen.
Behin betiko zerrenda argitaratu bada ere, «hautaketa irizpideen berri oraindik ez dute eman modu argian eta eskuragarrian, nahiz eta prozesu osoan behin eta berriro eskatu izan ditugun», salatu du Rojok. Espainiako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioak (FEDME), esaterako, plazaratu zituen irizpide horiek mendiko eskiko ordezkariak hautatzeko, eta gauza bera egin zuen Izotz Kiroletako Espainiako Federazioak ere (RFEDH) patinajeko ordezkariak hautatzeko. «Ziklo olinpiko osoan, hasiera-hasieratik ez da esparru garden eta jakinik izan hautaketarako», jakinarazi du.
Iraupen eskian goi mailan hogei urtetik gora egin ondoren, Rojok «dezepzioa eta bidegabekeria sentimendua» agertu nahi izan du. «Nire ibilbidean era guztietako egoerak bizi izan ditut, baina inoiz ez naiz sentitu hain gutxi errespetatua eta gutxietsia nire kirolean».
Azken bost urteotan, 2019tik, Imanol Rojok bere kontura antolatu behar izan ditu bidaiak, logistika eta lehiaketak, hasieran beste herrialde baten laguntzarekin, eta azken hiru urteotan, talde pribatu baten eta familiaren babes bakarrarekin. «Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bi denboraldi hauetan, RFEDIren jolasa informaziorik ez ematea eta funtsezko datuak ezkutatzea izan da. Irizpide errealak zein ziren jakin gabe, ezinezkoa izan da prozesu honi berdintasunean aurre egitea», gaitzetsi du.
Negu Kiroletako Espainiako Federazioak FIS zerrenda olinpikoaren rankinga hartu du oinarri iraupen eskian Espainia ordezkatuko duten hiru kirolariak aukeratzeko, RFEDIko zuzendari nagusiak, Olmo Hernanek, jakinarazi zuenez. Zerrenda ofiziala argitara eman zuten egunean, hala adierazi zuen Hernanek: «Azken urte eta erdian Munduko Kopan lortutako emaitzak hartzen dira oinarri ranking horretan, eta, hartan, Imanolek atzerago bukatu du beste hirurek baino, nahiz eta badakigun distantziako probetan lehiakorra izan daitekeela».
Imanol Rojok azaldu du FIS zerrenda olinpikorako ranking hori «behin kirolariak erabakita zeudenean» aplikatu dela. «Berez, bi ranking daude, bat esprintekoa eta bestea distantziakoa, eta batean eta bestean aritzen den kirolari kopurua, indarrean diren puntuazio sistemak eta egutegiak oso desberdinak dira. Bi ranking horiek konparatzea atletismoko iraupen ertaineko probak —800 edo 1.500 metroak, adibidez— eta maratoia parekatzea bezala da. Bai, kirol bera da, baina proba bakoitzaren ezaugarriak oso desberdinak dira».
Gainera, «erabakia iraupen eskiko oinarri tekniko espezializaturik gabe» hartu dutela salatu du Rojok; «izan ere, diziplina honek jakintza oso espezifikoa eskatzen du modu bidezkoan ebaluatu ahal izateko».
Horren ondorioz, Espainiaren izenean ariko diren iraupen eskiko hiru kirolariak esprinteko proban lehiatuko dira, 1,5 kilometro eskaseko distantzian, estilo klasikoan. Distantziako probetan, beraz, ez da inor ariko, nahiz sei proba olinpikoetatik lau modalitate horretakoak izan. «Estilo klasikoko 50 kilometroko proban, adibidez, Olinpiar Jokoetako proba nagusietako batean, ez da Espainiako ordezkaririk izango lehen aldiz historian», deitoratu du Rojok. Pekineko Olinpiar Jokoetan, eskiatzaile tolosarra 21. izan zen 50 kilometroko proba horretan. Haize zakarragatik, gainera, 30 kilometrora laburtu zuten proba, eta horrek «kalte» egin ziola adierazi zuen. Nolanahi ere, ikaragarri postu ona lortu zuen, herrialde nordikoen nagusitasuna aintzat hartuta.
Arrangura pertsonaletik harago, iraupen eskia hartzen ari den norabidearen inguruan «kezka handia» agertu du Rojok, Espainian bederen soil-soilik esprint distantziaren aldeko apustua ari direlako egiten eta kirolaren esentzia galtzen ari delako. «Iraupen eskia izan da nire pasioa eta nire kirol bizitzaren ardatza. Beti amestu izan dut, nire ibilbidearen amaieran, kirol honek eman didan guztiaren zati bat eman ahal izango niola nik, gazteei lagunduz eta hainbeste urtetako sakrifizio, hutsegite eta lorpenen ondoren ikasitakoa transmitituz. Alabaina, gaur egun kirolak hartu duen bidea ez dator bat niri irakatsi zizkidaten balioekin. Triste eta nahastu samar nago bilakaera hori ikusita; irudipena dut funtsezko zerbait galtzen ari dela bidean».