Lau euskal eskiatzaile ariko dira Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Olinpiar Jokoetan

Imanol Rojo kanpoan utzi du azkenean Espainiako Federazioak. Lau hauek ariko dira: Arrieta Rodriguez eski alpinoan, Lucas Egibar eta Alvaro Romero snowboard krosean, eta Manex Salsamendi brasildar-euskal herritarra iraupen eskian.

Arrieta Rodriguez eskiatzaile donostiarra
Arrieta Rodriguez eskiatzaile donostiarra eski alpinoan arituko da. RFEDI
ramon olasagasti
2026ko urtarrilaren 20a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau izango dira otsailaren 6tik 22ra Milanen eta Cortina d’Ampezzon jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetan ariko diren euskal eskiatzaileak: Arrieta Rodriguez donostiarra eski alpinoan, Lucas Egibar eta Alvaro Romero, hauek biak ere donostiarrak, snowboard kros modalitatean, eta Manex Salsamendi euskal herritar-brasildarra iraupen eskian. Lehen hirurak Espainiako selekzioaren ordezkari ariko dira, eta Salsamendi, berriz, Brasilgo selekzioarekin.

Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) bazuen itxaropena bere laugarren Olinpiar Jokoetara joateko eta kirol honetan osatu duen ibilbide oparoari amaiera dotorea emateko, baina Espainiako Neguko Kirolen Federazioak (RFEDI) ez dio aukerarik eman. Iraupen eskian hiru postu zegozkion Espainiako Federazioari, eta esprint modalitateko hiru eskiatzaile eramatea erabaki du: Jaume Pueyo, Bernat Selles eta Marc Colell. Gaur argitaratu du zerrenda ofiziala RFEDIk.

Imanol Rojo, beraz, kanpo utzi dute, beste behin. Gogoratu behar da 2023ko denboraldiaren amaieran Espainiako selekzioko egituratik kanpo utzi zutela Rojo, gaztetxoen alde eta esprint modalitate hutsaren alde eginda eta beste modalitate guztiak albo batera utzita, nahiz eta Rojo izan, nabarmen, onena beste modalitate horietan guztietan. Gurpil gaineko eskiko munduko txapeldun izan ondoren, hala adierazi zuen Rojok BERRIAri emandako elkarrizketan: «[Espainiako Federazioan] ez dute kontuan hartzen beste distantzia batzuk ere badaudela. Atletismoan, adibidez, 100 metroko esprintak edo 10 kilometroko probak daude, eta denak hartzen dira aintzat. Iraupen eskian, aldiz, erabaki dute dirua esprintera bideratzea eta gazteekin lan egitea, eta «zaharrak» [komatxoen keinua egin du hatzekin] kanpoan geratu gara». Horrela geratu da agerian Cortina d’Ampezzoko zerrendan ere.

IMANOL ROJO
Imanol Rojo Munduko Kopako proba batean, Kuusamo herrian (Finlandia). KIMMO BRANDT

Neguko Kiroletako Espainiako Federazioko zuzendari nagusiak, Olmo Hernanek, adierazi du Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko rankinga hartu dutela aintzat iraupen eskiko hiru postuak banatzeko: «Puntuen sailkapen hori atzo argitaratu zen, azken urte eta erdian Munduko Kopan lortutako emaitzak oinarri hartuta, eta, hartan, Imanolek atzerago bukatu du beste hirurek baino, nahiz eta badakigun distantziako probetan lehiakorra izan daitekeela. Pena da beste leku bat ez izatea; gainerakoan, beste egoera bati buruz arituko ginateke hizketan».

Beraz, iraupen eskian arituko den euskal ordezkari bakarra Manex Salsamendi euskal herritar-brasildarra (Rio Branco, Brasil, 2002) izango da. Salsamendi ere esprint modalitatean arituko da lehian, Brasilgo selekzioarekin. Ama brasildarra du Salsamendik, eta aita izabarra (Nafarroa). Salsamendi bera Brasilen jaio zen, baina 2 urte zituela Euskal Herrira etorri zen bizitzera familiarekin, hasieran Errenteriara (Gipuzkoa), eta, ondoren, 9 urte zituela, Erronkarira (Nafarroa). Han hasi zen Salsamendi iraupen eskia egiten, haraneko beste gaztetxoekin, eta geroztik, horretan dabil buru-belarri.

Bigarren Olinpiar Jokoak izango dira Salsamendirentzat. Pekinen eskiatzaile gazteenetako bat izan zen, 18 urte eskasekin lehiatu baitzen. Joko haietan esperientzia hartzea izan zuen helburu. Estilo klasikoko 15 kilometroko proban, 90. postuan amaitu zuen, eta 50 kilometroko proba nagusian, 58. postuan. Iltzatuta dauka proba horren ostekoa: «Probaren irabazlea, Aleksandr Bolxunov errusiarra, gerturatu egin zitzaidan, eta eskua eman zidan. Ez dut berehalakoan ahaztuko egin zuen keinua». Aurten, esperientzia handiagoa duenez gero, gorago ibiltzeko helburua du Salsamendik.

Arrieta Rodriguez eski alpinoan

Arrieta Rodriguez (Donostia, 2002) izan da azken orduan sailkatu direnetako bat. Rodriguez eski alpinoan ariko da lehian, eslalomean zehazki. 2025-2026ko denboraldian aurrerapauso nabarmenak eman ditu Rodriguezek, hainbat garaipen eta podiumeko postu lortu ditu Europan, eta «gose handia eta hobetzeko tarte handia» duela nabarmendu du Olmo Hernanek, Espainiako zuzendari nagusiak. Nazioarteko Eski Federazioaren esteka honetan kontsulta daitezke Rodiguezek lortutako emaitzak.

Munduko Txapelketan eta Europako Kopan 2023an hartu zuen parte lehen aldiz Rodriguezek, eta ondotik BERRIAri emandako elkarrizketan adierazi zuen munduko onenak «gero eta gertuago» ikusten zituela. «Frantziarren, austriarren, suitzarren, norvegiarren, kanadarren eta alemaniarren aurka aritu naiz lehian, eta gero eta gertuago ikusten ditut. Seinale ona da. Ametsa geroz eta gertuago ikusten dut». Ametsa zuen Olinpiar Jokoetan parte hartzea ere, eta betetzekotan da.

Eski alpinoan, lesio baten ondorioz, Olinpiar Jokoetako ametsa bete ezinik geratu da Ander Mintegi (Bilbo, 2003). Abenduan Val Gardenako Munduko Kopako erraldoian erori, aurreko lotailu gurutzatua apurtu, eta Jokoei agur esan zien Mintegik. Juan del Campo donostiarra ere atarian geratu da. Bi horiei buruz, zera adierazi du Olmo Hernanek: «Mintegiren kasua gogorra da, lesio batek geldiarazi baitu, eta hurrengo Jokoetara arte itxaron beharko baitu. Juan del Campo, berriz, oso gertu geratu da. Mirestekoa da lanerako zer-nolako gaitasuna eta irmotasuna duen».

Iñigo Martinez de Albornoz mendiko eskiatzaile donostiarrak ere aukera zuen Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko –mendiko eskia lehen aldiz izango da kirol olinpikoa–, baina atarian geratu zen. Abenduaren hasieran hamabigarren izan zen Solitudeko esprintean, eta, zorte txarra eta huts batzuk tarteko, ezin izan zen finalean sartu. Donostiarra penatuta agertu zen Olinpiar Jokoetako bide horretan kanpoan geratu ondoren, baina «harro» ere bai. «Prozesuari eta ikasitako guztiari ere eman behar zaie garrantzia», nabarmendu zuen Basque Teamen sare sozialetan.

Egibar eta Romero, snowboard krosean

Alvaro Romero snowboarder donostiarrak ere azken orduan lortu du Milanerako eta Cortina d’Ampezzorako sailkatzea. Igandean, Txinako Dongbeiya estazioan jokatu zen Munduko Kopako azken proba, eta hil ala biziko jarduna egin behar zuen sailkatzeko. 32. postua lortuta, bere lehen Olinpiar Jokoetarako ateak zabaldu zaizkio Romerori. Snowboard kros modalitatean lehiatuko da, Lucas Egibar herrikidearekin batera.

Alvaro Romero snowboarder donostiarra
Alvaro Romero snowboarder donostiarra. RFEDI

Milanera iristeko ez du bide erraza izan 22 urteko gazteak: iazko martxoan pubisa apurtu zuen, eta Jokoetarako puntuagarriak ziren proben erdiak baino gehiago huts egin. Min hartu aurretik, ordea, erakutsia zuen bere ahala. 2023an, 19 urte besterik ez zuela, podiumera igo zen Munduko Kopako proba batean, Suitzako Veysonnaz estazioan, eta, aste batzuen buruan, munduko junior txapelketa irabazi zuen Passo San Pellegrinon (Italia). Lesioa osatu ondoren, hiru probatan parte hartu du Romerok, eta onartu du emaitzak ez direla nahi bezain onak izan, baina uste du lehiatzeko moduan dagoela. «Azken asteotan, presio eta urduritasun handia izan dut. Orain, sailkatzea lortuta, pisu handia kendu dut gainetik. Gaur, munduko gizonik zoriontsuena naiz», adierazi zuen igandean, sailkatzea lortu berritan.

Federazioko zuzendari nagusiak adierazi du Romero talentu hutsa dela. «Zati askotan, munduko onena izan daiteke lasai asko. Orain dena lotzeko eta onena ateratzeko garaia du, aurrez junior mailako Munduko Txapelketan eta Munduko Kopan erakutsi izan duen hori erakustekoa. Hori lortzen badu, amets handiak egin ahal izango ditugu gazte honekin».

Dongbeiya estazioko proba berean (Txina), berebiziko sustoa izan zuen Lucas Egibarrek (1994, Donostia): final-laurdenetako lehian, erori egin zen saltoetako batean, eta airean txiribuelta osoa eman, baina sustoa baino ez zen izan azkenean. Biharamunean bidalitako mezu batean jakinarazi zuen orkatilak eta gorputza minduta zituela, baina kolpeak baino ez zirela, eta ez duela inolako arazorik izango Olinpiar Jokoetan lehiatzeko.

Ziklo olinpiko hau ez da erraza izan snowboarder donostiarrarentzat, 2024ko martxoan orpazurda apurtu baitzuen. Osatze prozesu luze baten ondoren, iazko urtarrilean hasi zen berriro lehian, oraintxe urtebete, eta aurreko denboraldian eta honen hasieran lortutako emaitzei esker sailkatu da Milanerako eta Cortina d’Ampezzorako. Olinpiar Jokoetan bertan beteko ditu Egibarrek 32 urte —otsailaren 9koa da—, eta, hauek izango ditu, seguruenera, azken Jokoak. Laugarrenak. 2014an Sotxin (Errusia), 2018an Pyeongchangen (Korea) eta 2022an Pekinen (Txina) hartu zuen parte, eta Sotxin eta Pekinen diploma olinpikoa lortu zuen, bietan zazpigarren izanda. Munduko Txapelketei dagokienez, 2017an zilarrezko domina lortu zuen bai banaka eta bai taldeka, Sierra Nevadan, eta 2021. urtean urrea, Idre Fjallen (Suedia). Egibarrek ibilbide olinpikoari amaiera dotorea emateko aukera izan dezake, beraz, Cortina d’Ampezzon.

«Lucasek merezi du Jokoek aurreko ekitaldietan eman ez dioten guztia ematea. Gorputzaldi onean joango da Italiara, zoriontsu, profesional eta baliabide askorekin. Niretzat hautagai sendoa da zerbait garrantzitsua lortzeko», adierazi du Olmo Hernanek, Espainiako Federazioko zuzendari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.