Iñaki Aldaia hil da, 1979an Dhaulagirira igo ziren mendizaleetako bat

Euskal Herriko mendizaletasunaren historian igoera nabarmenak osatu zituen mendizale iruindarrak: 1976an, Shakaur (7.116 m); 1981ean, Jannu (7.710 m); Dhaulagiri bera; 1986an, Yukshin Gardan Sar (7.530 m)...

IÑAKI ALDAIA MENDIZALEA
Iñaki Aldaia, 'Mendiak 1976' filmaren harira poloniarrekin eginiko topaketan. LUIS ARRIETA
ramon olasagasti
2024ko urtarrilaren 16a
13:25
Entzun

Historikoetako bat joan da: Iñaki Aldaia Berroeta (Iruñea, 1950eko irailaren 30a - 2024ko urtarrilaren 16a), 1979an Dhaulagiri (8.167 m) euskaldunen lehen zortzimilakora igo ziren taldekideetako bat. Gaixorik zen azken urteotan, eta gaur hil da. Hura izan zen, Xabier Garaioa eta Gerardo Plaza nafarrekin, Jordi Pons kataluniarrarekin eta Ang Rita sherparekin, 1979ko maiatzaren 12an, Dhaulagiriren tontorra jo zutenetako bat, Martin Zabaleta 1980an Everestera igo baino urtebete lehenago. Euskal Herriko mendizaletasunaren historian mugarri nagusietako bat izan zen nafarren Dhaulagiri hura.

Aurten beteko dira 45 urte Dhaulagiriko igoeratik. Honela deskribatu izan du Aldaiak berak gailurreko unea: «Ez dut gogoan zer ordutan hasi ginen oinez, baina bai Gerardo [Plaza] zihoala aurrena. Oroitzen naiz nola eskalatu zuen eremu oso tente bat, eta elurretako malda batean ni atzeraxeago geratu nintzela. Elur korridore bertikalago bat etorri zen gero, eta han nire zain geratu zen Gerardo. Ondoren, malda apaldu egin zen, eta gailurrean ikusi nituen Garaioa eta Pons. Ezin nuen sinetsi. Haraino iritsiko nintzenik ere ez nuen uste: 50 metro falta ziren, baina mihiarekin inurriak biltzen nindoan. Puxika bat zulatzea bezala izan zen. Bat-batean, egina zegoen. Orduan, besarkada batean bildu ginen denok».

DHAULAGIRI'1979 - HIMALAYA
Dhaulagiri tontorreko argazkia: Jordi Pons, Xabier Garaioa, Gerardo Plaza eta Ang Rita, Iñaki Aldaiak berak ateratako argazkian. IÑAKI ALDAIA

Aurrez, 1976an Afganistango Hindu Kush mendikatean Shakaur mendira (7.116 m) igo zen espedizio historiko hartako kide ere izan zen Aldaia. Orduko hartan, taldekide guztiak iritsi ziren gailurrera. Beherakoan, ordea, istripua izan zuten Leandro Arbeloak eta Gerardo Plazak. Arbeloa bertan hil zen, eta Plazaren erreskatea mendian inoiz izan den elkartasun istorio gogoangarrienetako bat izan zen. Hurbileko mendi batean zen espedizio poloniar bateko kideek lagundu zieten nafarrei Gerardo Plaza kanpaleku nagusira jaisten. Shakaurreko erreskate horri buruz film hunkigarria zuzendu zuen Luis Arrietak 2021ean: Mendiak 1976. Bilboko Mendi Film jaialdian estreinatu zen pelikula, eta erreskate hartan parte hartu zuten espedizio poloniarreko kideak Euskal Herrira etorri ziren. Zirrara handikoa izan zen nafarrak eta poloniarrak berriro elkartu ziren unea. Han zen Iñaki Aldaia ere, eta hitz batzuk esan zituen taula gainera igota.

1981. urtean, beste igoera historiko baten protagonista izan zen: Jannu gailurrera (7.710 m) heldu ziren Mari Abrego, Josema Casimiro, Javier Muru, Xabier Garaioa, Patxi Senosian eta Iñaki Aldaia nafarrak eta Nima eta Kami sherpak. Zenbat mendizaleren geletan egon ote da Jannu gailurreko ertzaren poster ikusgarri hura.

1984an, aurrez inork igo gabeko Peak 43 mendia (6.769 m) igotzen saiatu ziren Aldaia, Antxon Arza, Alfonso Ballano, Lourdes Rodriguez eta Juanma Sotillos, baina zenbait taldekide gaixotu, eta ez ziren tontorrera heldu. 1986an, berriz, Yukshin Gardan Sar mendira (7.530 m) igo ziren Aldaia bera, Albredo Zabalza eta Alejandro Arranz, Hispar mendigunean (Karakorum, Pakistan) kokatutako zazpimilakora. Kideetako batzuek izozteak izan zituzten eskuetan eta hanketan.

Mendira ahal zuen guztietan joaten zen Aldaia, nahiz eta azken urteotan, gaixotasun baten ondorioz, gutxiago ateratzen zen. Mendiak 1976 filmean, horrela aurkeztu zuen bere burua: «Iñaki Aldaia naiz; Iñaki, besterik gabe, horrela esaten didate denek. Baratzean aritu naiz lanean, aterpe batean ere bai, kirol denda bat eduki dut, eta, azkenean, izan nuen aurrenekoarekin geratu naiz: baratzearekin. Aire zabalean den guztia gustatzen zait. Ezingo nuke kaxa baten barnean lan egin, industria nabe batean adibidez; ezingo nuke, hil egingo nintzateke, ia seguru, gainera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.