Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatu zuten igandean Iruñeko Bihatz rokodromoan. Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra organoaren baitan, Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF) elkarrekin antolatu zuten hitzordua, eta bi-biek «historikotzat» jo zuten ekitaldia. Beraz, nahi izan zuten euskal eskalatzaile guztiak lehiatu ziren elkarren aurka Bihatzeko blokeetan. Guztira 160 partaide izan ziren Euskal Herriko egutegiko lehen proban.
Gorka Karapeto ―Bihatz rokodromoaren sortzaileetako bat―, Iker Arroitajauregi eta Urko Zabala aritu ziren ekipatzaile lanetan, eta eskalatzaileak giharrak ondo estutu beharrean izan ziren prestatutako blokeak gainditzeko. Nagusien mailan, Ines Allende oso sendo agertu zen sailkapen fasean, eta finalean ere bera izan zen indartsuena. Elur Arteaga izan zen bigarren, eta Sara Sanmartin hirugarren.
Gizonezkoetan, sailkapen fasea oso estua izan zen ―bost eskalatzaile puntu kopuru berarekin igaro ziren finalera―, baina finaleko saioan Eneko Carreterok hobeto irakurri zituen blokeak, eta zumaiarrak eskuratu zuen garaipena. Andoni Esparta izan zen bigarren, eta Mikel Linazisoro hirugarren.
Hemeretzi urtez azpikoak, berez, nagusiekin batera eta haien bloke beretan lehiatu ziren. Haien arteko sailkapenean, Sara Sanmartin eta Ander Beitia izan ziren irabazle. Bigarren, berriz, Enara Malo eta Haritz Urkiola, eta hirugarren, Nikole Bitorika eta Gorka Gardeazabal.
Hamazazpi urtez beherakoetan, Sofia Hernandez eta Eñaut Uson gailendu ziren. Usonek lesio bat izan zuen, eta denbora luzez aritu da osatzen; aurten itzuli da, eta hasi da sasoia hartzen. Emma Hernandez eta Lier Perez izan ziren bigarren, eta Libe Fernandez eta Unax Rodriguez, hirugarren.
Hamabost urtez beherakoetan, Maddi Mendiburu eta Lur Guenetxea izan ziren irabazle. Olaia Sagasti eta Markel Korta bigarren, eta Ihintza Gonzalez eta Iraultza Azkue hirugarren.
Beteranoen artean, azkenik, Eneka Guenetxea gailendu zitzaien Asier Leiza eta Iker Artolari.