Astelehena ez zen egun erraza izan Mattin Iñiguezentzat eta lantalde osoarentzat. Aosta bailarara iristea zen asmoa, baina, Bourg Saint-Maurice bailara gurutzatzen ari zela, ekaitzak lurreratzera behartu zuen euskal selekzioko hegalaria, eta arratsaldean gauzak konplikatu egin ziren. Oinez Col du Le Petit Saint Bernardera igo zen Iñiguez, berriro hegaldatzeko asmoz, baina han mendebaldeko haize zakarra sartu zitzaion, eta baldintzak «oso arriskutsu» ikusi zituen hegan egiteko. Ondorioz, bertan geratzea erabaki zuten, atzo goizean handik aireratzeko.
Astelehen goizean Celine Lorenz kanporatu zutenetik, Iñiguez da orain azken hegalaria lasterketan jarraitzen duten 23en artean —33 abiatu ziren—, eta bihar beste kanporaketa bat izango da. Euskal selekzioko hegalaria, ordea, prest da azkenera arte borrokan jarraitzeko.
Atzo goizean, hego haizeak zakar jotzen zuen Le Petit Saint Bernard lepoan, baina, hegorantz orientatutako aurpegi bat bilatu ondoren, lortu zuen aireratzea. Nolanahi ere, Aosta bailarako zeharkaldian dezenteko beldurra igaro zuela aitortu du Iñiguezek. «Iragarpenak aldatu egin dira, eta Aosta bailara nahikoa arraro zegoen. Ez dakit Foehn efektua zen edo zer zen, baina mendebala oso zakar zegoen geruza batean. Hortik gora, berriz, oso ondo».
Aosta bailara atzean utzita, haize babesean joan zen, askoz hobeto. «Cervinia aldera sartu naiz. Sekulako gogoa neukan Cervinoren hegoaldean hegan egiteko. Monte Rosa, Matterhorn bera, Dufourspitze, mendi horiek guztiak, glaziar guztiak, gainetik pasatu ditut, 4.000 metro hartu ditut. eta gero beste aire masa batean sartu naiz, laino guztien gainetik, eta zoragarria izan da. Ahaztu egin zait karrera batean nengoela, nire bizitzako hegaldirik politenetako bat izan baita, eta gauza hauek betirako geratzen dira».
«Hamaika egunen ondoren bihar kalera botatzen bagaituzte ere, irribarre batekin joango gara, oso-oso abentura polita izan baita. Mila esker hor babesa ematen aritu zareten guztioi»
MATTIN IÑIGUEZParapentelaria
Guztira 150 kilometro pasatxo aurreratu zituen atzo Iñiguezek, eta 30-40 kilometro murriztu zuen Sebrand Warren holandarrak ateratzen dion tartea. Orain, 50 kilometro eskasen aldea dago bien artean, eta ea zer ematen duen gaurko egunak. Locarnoko 11. mugarritik hogei bat kilometrora egin dute lo bart. Gaur goizean igaroko dira handik, eta Bellinzonako 12. mugarria ere gertu samar dago. «Gustatuko litzaidake gutxienez Saint Moritzera iristea», adierazi zuen Iñiguezek atzo gaueko azken komunikazioan.
Gertatzen dena gertatzen dela, BERRIAren bidez abenturaren berri izaten ari diren guztiei esker ona adierazi nahi izan die Mattin Iñiguezek: «Bihar, igual, kalera botako gaituzte, ez baditugu gauzak oso ondo egiten eta ez badugu Sebrand Warren holandarra harrapatzen. Saiatuko gara, saiatuko gara horretan, nahiz eta erraza ez izan. Baina tira, 11 egunen ondoren bihar kalera botatzen bagaituzte ere, irribarre batekin joango gara, oso-oso abentura polita izan baita. Mila esker hor babesa ematen aritu zareten guztioi. Besarkada bana!».