Azkenera arte borrokan ariko da Iñiguez

Proba amaitzeko bezperara arte lehian jarraitzeko asmo sendoa du euskal selekzioko hegalariak. Munduko eliteak zenbait maniobratan hartutako arriskuak aipatu ditu. «Gu ez gaude joko horretan».

Mattin Iñiguez eta lantaldea, Red-Bull X-Alps proban.
Red-Bull X-Alpseko euskal selekzioko kideak: Bittor Barquero, Aner Bueno, Mattin Iñiguez, Felipe Tudela, Jon Arruti 'Tuti' eta Nerea Beltran de Heredia. BERRIA
ramon olasagasti
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iritsi dira lehen hegalariak helmugara, astebete eskasean ia 1.300 kilometro eginda. Hegan heldu dira, haizearen abiadan. Aaron Durogati izan da garaile inoizko ekitaldi gogor eta estuenean. Alpeetako herrialdeetakoak dira orain arte iritsitako guztiak, ingurunea ondo ezagutzen dutenak eta eskarmentu handiko parapentelariak Red Bull X-Alps proban. Mattin Iñiguez, berriz, bidean da oraindik, «beste borroka batean», berak adierazitako moduan.

Gaur 08:00etan kanpoan geratu da azken sailkatua, Celine Lorenz alemaniarra, eta, beraz, oraintxe bertan Mattin Iñiguez bera da azken sailkatua. Ostegunean izango da azken kanporaketa, proba amaitzeko bezperan, eta amaierara arte borrokan jarraitzea da asmoa. Aurretik hurbilen duena, Sebrand Warren holandarra, 100 kilometro ingurura dago oraintxe, eta ez da erraza izango hura harrapatzea, baina proba amaitzeko bezperara arte abenturan bizirik eustea ere ez da lorpen makala. Oso ekitaldi gogorra izaten ari da aurtengo X-Alps: ekainaren 15ean Kirchbergetik (Austria) abiatu ziren 33 hegalarietatik bederatzi utzi beharrean izan dira, dela kaleratuak izan direlako, dela lesio edo istripuren bat izan dutelako, edo beste arrazoiren bat tarteko.

Iñiguezek garbi du aurrean dabiltzan horiek, elitea, beste liga batean daudela, haien presioa beste bat dela, eta, zenbaitetan, gehitxo arriskatzera ere behartzen dituela horrek. «Gu ez gaude joko horretan. Aurtengo ekitaldian eztabaida dezente izan da baldintza nahiko gogorretan aritu direlako hegan, maniobra arriskutsuen hainbat irudi ibili dira sare sozialetan, eta ni neu ere baldintza nahiko gogorretan aireratu nintzen, adibidez, Mont Blanceko ferrataren ondoren, baina azkenean lurreratu eta oinez jarraitzea erabaki nuen. Munduko eliteak, hegan ondo egiten jakiteaz gain, akrobaziak egiten ere kontrol izugarria eduki behar du, aireratzeko, lurreratzeko, eta gu ez gaude lepoa hauek jokatzen duten moduan jokatzeko».

«Munduko eliteak, hegan ondo egiten jakiteaz gain, akrobaziak egiten ere kontrol izugarria eduki behar du, aireratzeko, lurreratzeko, eta gu ez gaude lepoa hauek jokatzen duten moduan jokatzeko»

MATTIN IÑIGUEZEuskal selekzioko parapentelaria

Igandean Les Deux Alps mugarria jo ondoren, mendebaldeen dagoen turnpoint-a, ipar-ekialderanzko norabidea hartu zuen Iñiguezek, berriro ere Austria aldera. Igandetik astelehenerako gaua Méribel-Mottaret herrian, eski estazioan igaro zuen taldeak. Atzo, berriz, Aosta ibar alderantz hartu zuen, Locarnon (Italia) baitute hurrengo mugarria. Atzo, ordea, ekaitzak saihesten nahikoa lan izan zuten euskal selekzioko hegalariak eta lantaldeko kideek.

Goizeko ordu txikietan mendira abiatu ziren atzo. Goranzko desnibeleko 900 metro igo ondoren, La Petite Saulire ingurutik aireratu zen Iñiguez eguzkiaren lehen orduekin lehen planeatzea egin eta hankei kilometroak aurrezteko. Horixe da hike & fly: ahalik eta urrutien iristeko altuera igo eta planeatzea, goizeko lehen orduetan haizea eta baldintza termikoak esnatu gabe direnean ere. Lehen hegaldiaren ondoren, Champagny en Vanoise herri inguruan lurreratu zen. Handik, Grande Rochette gailurrera igo ziren (beste +1200m) eta handik bigarrenez aireratu zen hegalari zegamarra.

Atzo, lehen asmoa Aosta bailarara iristea bazen ere, Bourg Saint-Maurice bailara gurutzatzen ari zela ekaitzak lurreratzera behartu zuen. Oinez Col du Le Petit Saint Bernardera igo zen ondoren, berriro hegaldatzeko asmoarekin, baina han erabaki zaila hartu behar izan zuen Iñiguezek eta lantalde osoak: aurreikuspenek iragarritako mendebala zakar sartu zela ikusirik, eta horrek Aosta bailaran sortzen duen Foehn efektua aintzat harturik, bertan geratzea hobetsi zuten, segurtasunaren izenean. Le Petit Saint Bernard lepoan amaitu zen atzokoa. Gaurko beharko du Italiara iristeko asmoak!.

Red Bull x-alps
Red Bull x-alps

Asteburu gorabeheratsua

Ostiralean hegaldi ederrak egin eta gero, asteburua gorabeheratsua izan da Iñiguezentzat. Larunbatean, goizean goiz abiatu zen Niesenetik, zortzigarren mugarritik; aurretik zuen taldea harrapatzea lortu zuen, eta garai onean heldu zen Mont Blanceko ferrata bidea egiteko eta hango mugarrian sinatzeko. Alabbaina, arratsaldean haizeak zakartzera egin zuen, eta hor hasi ziren gauzak okertzen. «Halako batean aireratzea lortu nuen, baina oso nahasi zebilen haizea, eta tolestu egin zitzaidan hegala. Ondorioz, oinez jarraitzea erabaki nuen», azaldu zuen Iñiguezek. Horixe izan zen arestian aipatutako maniobra arriskutsua. Arratsalde horretan, dezenteko abantaila atera zioten Warren holandarrak eta Prochazka txekiarrak.

Igandean, Les Deux Alpsera bidean hautatutako aire lerroan, hegan egiteko baldintzak ez ziren onenak, eta, ondorioz, lurrera joan zen Iñiguez. «Berez, hegan egiteko kristoren eguna zegoen goian, baina hartutako lerroak ez zigun uzten sabairik hartzen. Oso hegaldi gogorra izan zen, oso teknikoa; haizearen kontra lau ordu eta erdi borrokan». Alpe d’Huezen parean, han lortu zuen airean 3.500 metrora igotzea eta Les Deux Alpeseko mugarrira iristea. «Hortik aurrera ondo joan zen, haizea alde genuen eta». Altuera hartu, eta, orduko 25-30 kilometroko aldeko haizearekin, kilometrotxo batzuk aurreratu ahal izan zuen mendebalderantz.

Gaurtik aurrera, behin Celine Lorenz kanpoan geratuta, azken postu horri ihes egitea izango da Iñiguezen helburua, eta ibilbidean ahalik eta urrunen iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.