Irati Azkargortak eta Asier Labairuk garaipena eta errekorra lortu dute XX. Camille Extreme proban

Tolosaldeko T3T maratoian, Anartz Artola eta Eneritz Aramendi izan dira irabazle, eta T2T proban June Agirrezabalaga eta Josu Urrestarazu. Bertikalen Euskal Herriko Txapelketan, Ardibidepikua Bertikalean, Aitor Ugarte eta Garazi Abasolo txapeldun.

Irati Azkargorta 2026ko Camille Extrem probaren irabazlea
Irati Azkargorta izan da Camille Extreme probako azken hiru ekitaldietako irabazlea. PAUL SANCHEZ / TUIMAGENDELTRAIL
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 15a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat mendi lasterketa izan dira bero sapako asteburu honetan. Erronkarin, Camille Extreme probaren XX. ekitaldia (32 km eta 2.044m+) izan da, Izabako Kirol Elkarteak (IKE) antolatuta. Urteurren berezia izan da aurtengoa. Larunbatean, probaren atariko, ezusteko omenaldia egin zieten Aitor Perez eta Gorka Bueno lasterketaren bultzatzaileei, urteotan guztiotan IKEn egindako lanagatik. Ekitaldi hauetan guztietan irabazle izan diren korrikalariak ere gonbidatu zituzten larunbateko ekitaldirako, eta bertan bildu ziren, besteak beste, Nerea Amilibia, Aitziber Ibarbia, Irati Azkargorta, Tofol Castañer, Ander Unzurrunzaga eta abar.

Beroari aurre eginez, atzo 530 korrikalari lehiatu ziren Camille Extrem proban (434 iritsi ziren helmugara), eta guztietan azkarrenak Irati Azkargorta iturmenditarra (Nafarroa), aurreko bi ekitaldietako irabazlea, eta Asier Labairu iruindarra izan ziren. Azkarrenak atzoko lasterketan eta azkarrenak probaren historian; izan ere, biek ala biek ondu zuten orain arteko marka. Azkargortak 3.56.45eko denbora egin zuen, eta Labairuk 3.13.41ekoa.

Asier Labairu 2026ko Camille Extrem proban irabazle
Asier Labairu Izabako helmugan. PAUL SANCHEZ / TUIMAGENDELTRAIL

Azkargortak, gainera, orain arte inork lortu gabekoa lortu zuen: hiru ekitaldi jarraian irabaztea, eta emakumeen artean zegoen berdintasuna haustea. Aurten arte hiru emakume zeuden Camile Extremen bina garaipen lortuta: Laura Sola (2016 eta 2017), Oihana Kortazar (2015 eta 2022) eta Izaskun Zubizarreta (2011 eta 2013).

Azkagortak hasiera samarretik hartu zuen aurre, eta lau minututik gorako aldearekin ekin zion Ezkaurreko igoerari. Igoerako denbora onena, Ilargi Perez Oronozek egin zuen (45:50), baina Azkargortak ondo kudeatu zuen aldea, eta beherakoan areagotu egin zuen. Helmugan bigarren Uxue Loizu izan zen eta hirugarren Garazi Abasolo.

Gizonezkoetan Labairuk lasterketa sendoa egin zuen, Zegama-Aizkorriren atarian izan zuen lesioa atzean utzita. Iruindarrak bi minutuko aldearekin ekin zion Ezkaurreko igoerari, eta gailurrera iristerako ia 3 minutura igo zuen tartea. Iñaki Otxoa de Olzaren kronoigoerako sari berezia ere berak eskuratu zuen (37.50), eta Ezkaurre gainetik Izabara ondo eutsi zion aldeari. Bigarren Ibai Urrutia izan zen, 4:26ra, eta hirugarren Aritz Kortazar, 5.26ra.

Ezkaurre gainean eta goietan haize leuna ibili arren, bero zen atzo Erronkarin, eta 30 bat lagun erretiratu ziren. Helikopteroz bi lagun ebakuatu behar izan zituzten Ezkaurre inguruetatik, bat belauneko arazo baten ondorioz, eta bestea giharretako arazoen eraginez.

Camille Extrem eta Cannelle Traileko sailkapenak, esteka honetan.

Canelle Trail eta Ardibidepikua Bertikala

Cannelle Trail lasterketa laburrean (13 km eta 900 m+), berriz, 250 partaideko langa gainditu zen aurrenekoz, eta abiatu ziren 259 lagunetatik 232 heldu ziren helmugara. Garaileak Ainara Alkuaz Rodriguez (1.23.10) eta Iker Agirregabiria Beltran de Gebara izan ziren.

Larunbatean, berriz, Ardibidepikua Bertikalean (3,2 km eta 800 m+) bosgarren ekitaldia egin zen, Kilometro bertikalen Euskal Herriko Txapelketa. 123 lehiakide atera ziren, eta Leti Bullido espainiarra (42.03) eta Aitor Ugarte aramaioarra (Araba) (31.04) izan ziren azkarrenak. Emakumezkoetan bigarren Garazi Abasolo aretxabaletarra (Gipuzkoa) izan zen (42:38), eta hirugarren, Ruth Aldea Tonzan espainiarra (42.57). Gizonezkoetan, berriz, Aitor Ajuria (31.57) eta Aritz Unamuno (33.29) izan ziren bigarren eta hirugarren.

Euskal Herriko txapelketari dagokionez, beraz, Abasolok eta Ugartek jantzi zuten txapela.

Ardibidepikua Bertikaleko sailkapenak, hemen.

Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) probako hiru aurenekoak
Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) probako hiru aurrenekoak. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA

Eneritz Aramendi eta Anartz Artola irabazle T3T maratoian

Erronkarin bezala Tolosaldean ere une hunkigarriak bizi izan ziren probaren atarian; izan ere, irteeran, omenaldia egin zieten Jokin Uribetxeberria korrikalariari —legazpiarra Tolosako Alpino Uzturreko taldeko kidea zen—, eta urte hauetan guztietan T3T eta T2T proben antolakuntzan laguntzaile izan den Luis Mari Lasa boluntarioari.

Tolosaldeko proban ere bazen beroaren beldurra, eta egiaz beldurtzekoa izan zen. Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) eta 2 Tontorrak (T2T) probetan parte hartu zuten korrikalariek eguzki galdatan osatu behar izan zituzten ibilbideak, Erroizpe/Larte, Uzturre eta Hernio inguruetan elkartu zen jendetzaren animoen eta txaloen artean, eta ohikoa baino jende gehiagok utzi behar izan zuen proba bertan behera.

Lasterketa luzean, T3T maratoian (42,8 km eta 2.878 m+), Eneritz Aramendi azpeitiarra eta Anartz Artola hernaniarra izan ziren garaile. Aramendik lehen aldia zuen Tolosaldeko proban. «Gogoa nuen, eta aurten taldekako Euskadiko Txapelketa egokitu denez, horrek bultzatu nau», adierazi zuen helmugan. Atzetik aurrerako proba egin zuen azpeitiarrak, baina ez zuen irabaztea espero: «Atera naiz inongo aurreikuspenik gabe. Gainera, ikusita zer bero egiten zuen... Baina ondo erantzun dit gorputzak, eta pozik nago», adierazi zuen helmugan. Erroizpe/Larte tontorrean beste hainbat partaide zituen aurretik, baina indarrak ondo kudeatu, eta pixkanaka aurrean zituenak gainditu eta atzean uztea lortu zuen Aramendik. Bigarren Maddalen Jimenez beratarra (Nafarroa) izan zen, eta hirugarren Irati Ortiz de Anda lezamarra (Bizkaia).

2026ko Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) probako hiru aurenekoak
Gizonezkoetan hiru aurenekoak Tolosako Trianguloan. IMANOL GARCIA LANDA / ATARIA

Gizonezkoetan, Anartz Artolak «hasieran asko gozatu» zuela adierazi zuen helmugaratu orduko, baina erdi paretik aurrera, «buruaren aurkako lasterketa» izan zela gaineratu zuen. «Horrelako karreretan burua ez baduzu bere lekuan, kalitate asko izan arren, ez duzu asko egiten. Egia esan gaurkoa handia izan da; gutxi gozatu dut karreran, baina oso harro nago lortu dudanarekin». Beroa ondo eramaten duela baina asko sufritu zuela esan zuen: «Asko hidratatzen saiatu naiz, baina hala ere horrelako beroarekin gutxi izaten da. Denentzako egin du beroa, beraz, aitzakiarik ez dago alde horretatik». Bigarren Jon Durana orduñarra (Bizkaia) izan zen, eta hirugarren Ander Iñarra lezotarra (Gipuzkoa).

Taldekako Euskadiko Txapelketa ere bazen T3T. Talde bakoitzeko lau korrikalari onenen denborak hartzen ziren aintzat sailkapenari begira, eta, beraz, ezinbestekoa zen gutxienez lau taldekidek proba bukatzea. Emakumezkoetan Soronea-Ammma CMO Valves izan zen baldintza hori bete zuen bakarra, eta, beraz, talde txapelduna. Gizonezkoetan txapeldun Aiaramendi izan zen, bigarren Zanpatuz, eta hirugarren, etxeko taldea, Alpino Uzturre.

June Agirrezabalaga eta Josu Urrestarazu T2T lasterketan

T2T lasterketan (24,4 kilometro eta 1.600 m+), berriz, June Agirrezabalaga zarauztarra eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan ziren azkarrenak. Lehenengo aldia zuen Agirrezabalagak proba honetan, eta atzetik aurrerako lasterketa egin zuen. Nabaritzen zuen «oso indartsu» zihoala, jendea aurreratzen, eta helmugara iristerako denak aurrreratu zituen. Bigarren eta hirugarren eskualdeko bi korrikalari izan ziren, Eider Zubeldia amezketarra eta Leire Elola tolosarra, hurrenez hurren.

Gizonezkoetan, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak lortu zuen garaipena. Berozalea dela adierazi zuen helmugan, eta gozatu egin zuela. Erroizpe/Larteko lehen tontorrera iristerako hartu zuen lasterketaren burua, eta jaitsieretan giharrak babesten joan zela adierazi zuen, gero Belabieta eta Uzturre aldean korrika egin ahal izateko. «Lasterketa kudeatzen joan naiz, eta horri esker, helmugara indartsu iritsi ahal izan dut», adierazi zuen helmugan. Bigarren Xabat Maiotz segurarra (Gipuzkoa) izan zen, eta hirugarren Iñigo Leiza hernaniarra (Gipuzkoa).

Bi probetako sailkapen guztiak esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE