Josu Urrestarazuk (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994) hirugarren aldiz irabazi du aurten EHMDZko txapela, eta laugarrenez Euskal Herrikoa. Irailetik azarora asteburuero lehian ibili ondoren, datozen bi asteetan ez duela kirolik batere egingo azaldu du.
Zazpi probatatik seitan parte hartu, eta lautan izan zara irabazle. Gehiago eskatzerik ez dago.
Egia esan, ezin nuen udazken politagorik imajinatu. Azken bi urteetan, kostata bezala ibili naiz mendi duatloietan. Behobia-Donostiarekin batera aritu naiz prestatzen, eta iaz anemia pixka batekin bukatu nuen denboraldia. Hori dela eta, aurten, abuztuan, arnasa eman diot neure buruari: entrenatu bai, baina ez dut lasterketetan parte hartu, mendi duatloietara freskoago iristeko.
Erlazionatuta
Beraz, mimoz prestatu duzu aurtengoa.
2012an egin nuen lehen mendi duatloia, eta 2017tik aurrera nire udazkenetako ekitaldi nagusiak mendi duatloiak izan dira. Gustatzen zait dagoen giroa. Lokatzak lotu egiten gaitu. Hala ere, ia bi urte ziren mendi duatloirik irabazi gabe, eta aurten beste aukera bat eman nahi nion neure buruari, berriro ere nire onena emateko. Asmoa ez zen, berez, Zirkuituko txapela irabaztea; gehiago zen mendi duatloietan berriro gozatzea. Asteasuko lehen proban, ordea, garaipena lortu nuen, ezuste samarrean, eta hor dinamika aldatu egin zen. Lasaitua hartu nuen, arantza bat atera nuen, eta ikusi nuen gainerako probetan ere garaipenaren bueltan ibiltzeko aukera izan nezakeela. Izan ere, Asteasun Paul Bereziartuari irabaztea lortu nuen, eta Paul, oraintxe bertan, Euskal Herriko triatloilaririk onenetakoa da.
Etxean ere, Idiazabaleko lehen maratoian, irabazle izan zinen. Berezia izango zen hori ere?
Berezia, bai. Neure buruari sarri errepikatzen diot kirol proba hutsak direla hauek, bizitzan gauza inportanteagoak badirela, baina gero, oso sakon bizi dugu hau, dena eman nahi izaten dugu, eta, azkenerako, presio ergel bat jartzen diogu geure buruari. Eta etxeko duatloian hala gertatu zitzaidan niri. Baina garaipena lortu nuen, eta, ondoren, Kanpezun berriro ere Euskal Herriko Txapelketa irabazi nuen, eta azkenean Zirkuitu osoko txapelarekin borobildu dut denboraldia.
Aipatu duzu lokatzak lotu egiten zaituztela. Aurtengo udazkenean, ordea, ez da lokatz askorik izan. Hori kalterako ala mesederako izan da zuretzat?
Niretzat helmugara ahalik eta azkarren iristea izaten da helburua. Teknika baino gehiago, errendimendu fisikoa lantzen dut entrenamenduetan, ahalik eta azkarrena izateko, eta, ondorioz, nire alde izaten da ahalik eta karrera garbiena izatea. Alde horretatik, aurtengo udazkena lehorragoa izateak lagundu dit erorialdirik edo matxurarik ez izaten... Fisikoagoak izan dira duatloiak, eta hori mesede izan dut. Arraunlarien artean esaten dute indartsuen ez dagoenak nahiago izaten duela itsaso mugitua, eta kontrakoa, indartsu dagoenak nahiago duela itsasoa bare. Ba, nire kasuan ere antzera: mendian nik nahiago dut ibilbidea garbiago eduki.
Aipatu duzu lehen Paul Bereziartua. Durangon hura izan zen irabazle. Azken bietan, Ibarran eta Adunan, Iker Eskibel gailendu da. Haiek proba guztietan lehiatu izan balira, garestiagoa izango zen txapela?
Zalantzarik gabe. Mendi duatloietan bi modalitate uztartzen dira, eta bietan ondo-ondo moldatzen direnak ez dira asko ere. Hala ere, daudenak oso onak dira, eta Euskal Herrian maila handia da, beti izan da. Aurrez ere hor ziren Jon Erguin, Eneko Llanos, Ruben Ruzafa eta beste hainbat. Maila on horrek aberastu egiten ditu probak, eta, ondoan jende ona daukazunen, horrek ere gehiago ematera, prestakuntza hobetzera behartzen zaitu. Ez dago proba errazik, eta aipatutako horiek eta beste batzuk egoteak zaildu egingo zituzkeen lortu ditudan emaitzak.
2012an lehen proban parte hartu zenuenetik 13 urte joan dira. Nolakoa izan da EHMDZren bilakaera zure ikuspegitik?
Herri mailako karrera masifikazio handia daukagu: asteburuero daude trailak eta bestelako probak nonahi, agian hamabost asteburu berean. Nik neuk ere, hainbat asteburutan, bost lekutan egon nahiko nuke aldi berean gustuko proba horietan egoteko. Hala ere, mendi duatloiek eman didatena ez dut topatu bestelako probetan. Asteburuero jende bertsuarekin elkartzea, lagunarteko giro hori, denboraldi amaierako afaria... Batasun hori ez dut beste inon ikusi, eta niretzat balioa ematekoa da. Aurrez ibilia naiz pistako txirrindularitzan, ziklo-krosean, mendiko bizikletan; ibili naiz eta ibiltzen naiz trailetan, kilometro bertikaletan, maratoian; ibili naiz asfalto gaineko lasterketetan, Behobia-Donostian... Proba askotan lehiatzen naiz urtero, eta ez dut beste inon ezagutu mendi duatloietako girorik. Mendi duatloietan gabiltzanak oso leialak gatzaizkio proba hauei, eta aurten esango nuke gorakada bat izan dela partaidetzan, eta asko poztu naiz. Espero dut joera horrek segida izatea. Herri mailako probak dira, pixka bat ibilitako edonork egiteko modukoak, eta denak animatuko nituzke probatzera.