Irati Cuadrado Espainiako txapeldun eta Imanol Rojo txapeldunorde

Llanos del Hospitalen jokatu dira probak asteburu honetan. Esprint kategorian, Maddalen Ruiz de Galarreta gailendu da eta Manex Salsamendi hirugarren izan da. Gaztetxoetan, Iradi Elvira bi modalitateetan izan da garaile, esprintean eta distantzian.

Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak Llanos del Hospitalen
Esprint modalitateko podiuma: Irati Cuadrado, Maddalen Ruiz de Galarreta eta Joana Puig. C. CASAL / RFEDI
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 29a
23:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak jokatu dira asteburu honetan Benasqueko Llanos del Hospital eski estazioan (Aragoi, Espainian). Ostiralean, esprint distantziako probak jokatu ziren, estilo klasikoan; larunbatean, distantziako probak, estilo librean, eta igandean taldekako probak ziren jokatzekoak, estilo librean horiek ere, baina eguraldi baldintza makurrengatik –elurra eta haize bortitza– antolatzaileek bertan behera utzi zituzten.

Larunbatean, distantziako probak jokatu ziren. Maila nagusikoek 10 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten (3 itzuli 3,3 km-ko zirkuitu bati); 16 eta 14 urtez azpikoek, 5 km zituzten (2 itzuli 2,5 km-ko zirkuitu bati); eta 12 eta 10 urtez azpikoek 2,5 kilometro (2 itzuli 1,2 km-ko zirkuitu bati). Lainoak eta ostarteak eta, martxoaren amaiera izateko, tenperatura nahiko hotzak izan zituzten eskiatzaileek.

Emakumezkoetan, Irati Cuadrado iruindarrak bezperako arantza atera zuen –esprinteko proban ezin izan zuen irabazi–, eta garaipen eroso samarra lortu zuen 10 kilometrokoan. Berta Guitart kataluniarra izan zen bigarren eta Angela Cajal aragoiarra hirugarren. June Aranburu gaztea zazpigarren izan zen.

Mutiletan ikusgarria izan zen Jaume Pueyo kataluniarraren eta Imanol Rojo Alpino Uzturre taldeko tolosarraren arteko lehia. Olinpiar Jokoetatik sasoi betean itzuli da Pueyo, baina Rojok ez zizkion gauzak batere erraz jarri. Azkenean, 17 segundo eskaseko aldearekin nagusitu zen Pueyo. Hirugarren Bernat Cadena kataluniar gaztea izan zen. Beste bi olinpikoak podiumetik kanpo geratu ziren: Bernat Selles, laugarren, eta Marc Colell, seigarren. Lander Martin hamargarren izan zen.

Iraupen eskiko Espainiako Txapelketak
Distantziako probako podiuma: Imanol Rojo, Jaume Pueyo eta Bernat Cadena. C. CASAL / RFEDI

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, hirugarren izan ziren Libe Curras Alpino-Uzturreko kidea eta Asier Galetx Erronkari taldekoa. Hamalau urtez azpikoetan, Iradi Elvira Irrintzi taldeko eskiatzailea nagusitu zen nesketan. Mutiletan, berriz, Iker Aranburu Alpino-Uzturreko eskiatzailea bigarren izan zen, eta Atxer Bescos Erronkari taldekoa hirugarren.

Ostiralean, esprinteko probak

Ostiralean, esprint distantziako txapelketak jokatu ziren. Nagusiek, 1,4 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, 16 urtez azpikoek 1,2 kilometrokoa; 14 urtez azpikoek kilometro batekoa; eta 12 eta 10 urtez azpikoek 800 metrokoa.

Gizonezkoetan, argi geratu zen Milan-Cortina d’Ampezzoko Olinpiar Jokoetan lehiatu diren eskiatzaileak koska bat gorago zeudela, areago distantzia motzean, horretarako prestatzen aritu baitira berariaz. Lau aurrenekoak olinpikoak izan ziren: Jaume Pueyo kataluniarra txapeldun, Bernat Selles –hau ere kataluniarra– bigarren eta Manex Salsamendi nafarra hirugarren. Laugarren Marc Colell kataluniarra izan zen, eta bosgarren Peio Añarbe arabarra.

Emakumezkoetan, estua izan zen Maddalen Ruiz de Galarreta eta Irati Cuadrado nafarren arteko lehia. Azkenean, Ruiz de Galarreta nagusitu zitzaion hats laburreko proban. Joana Puig kataluniarra igo zen podiumeko azken koskara. Finaleko seien artean izan zen June Aranburu ere, bosgarren azkenean.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, hala emakumezkoetan nola gizonezkoetan zilarrezko domina lortu zuen euskal eskiatzaileek, nesketan Libe Curras Alpino Uzturreko kideak eta mutiletan Annde Elizburu Ipar Irrintzi taldeko eskiatzaileak. Maila horretan, bi kataluniar izan ziren irabazle: Tana Hidalgo nesketan, eta Roc Albets mutiletan.

Hamalau urtez azpikoetan, berriz, Iradi Elvira Irrintzi taldeko nafarra izan zen txapeldun, alda nabarmen samarrarekin, gainera. Mutiletan, berriz, bigarren izan zen Iker Aranburu Alpino Uzturreko kidea, Felix Garzu aragoiarrak irabazitako proban.

Sailkapen guztiak, RFEDIren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!