Irati Cuadrado eta Imanol Rojo izan dira irabazle gurpil gaineko eskiko Espainiako Txapelketan

Burlatarrak bi txapelak lortu ditu: irailean esprintekoa, Candanchun, eta orain distantziakoa, Salardun. Tolosarrak, berriz, erakutsi du indartsuena izaten jarraitzen duela. June Aranburu gaztea bigarren izan zen nesketan.

Gurpil gaineko Espainiako Txapelketako podiuma
June Aranburu, Irati Cuadrado eta Maddalen Ruiz de Galarreta, hiru aurreneko neskak. RFDEI
ramon olasagasti
2025eko urriaren 17a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irati Cuadradok (Burlata, Nafarroa, 2001) ez du itzal egingo dionik Euskal Herrian eta Espainian, ez eskiatzen eta ez gurpil gaineko eskian. Irailean, esprint modalitateko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Candanchun, eta joan den asteburuan beste horrenbeste egin zuen Salardun (Val d’Aran, Katalunia), distantzia klasikoko txapelketan. Imanol Rojok ere (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) nagusitasunez irabazi zuen Val d’Araneko distantziako txapelketa.

Partaideek 7,8 kilometroko igoera egin behar zuten, 500 metroko goranzko desnibelarekin, Salardu herritik Banhs de Tredos ingurura, Colomerseko aintziren zirkura ikuspegi ederrez gozatuz. Cuadradok 41:42.4ko denboran osatu zuen ibilbidea. Haren atzetik, lehia polita izan zuten Euskal Herriko beste bi eskiatzaile gaztetxok: June Aranburu tolosarrak (Alpino Uzturre) eta Maddalen Ruiz de Galarreta iruindarrak (Uharte). Azkenik, Aranburu izan zen bigarren, Cuadradorengandik 2.15era, eta Ruiz de Galarreta hirugarren, Aranbururengandik 22 segundora.

Gizonezkoetan, Imanol Rojok (Alpino Uzturre) beste behin erakutsi zuen indartsuena izaten jarraitzen duela. Ondo baino hobeto ezagutzen du zirkuitua, eta aise irabazi zien iraupen eskiko Espainiako selekzioko kideei, nahiz eta haiek baino atzerago atera. Izan ere, irteera RFDI puntuen arabera egin zen, 1 Formulan bezala, eta Rojo 9. ilaratik abiatu zen, iaz, mononukleosia zela eta, ez baitzen RFDIko probetan lehiatu. Eskiatzaile tolosarrak, ondorioz, 24 lehiakide aurreratu behar izan zituen errepide estuan, lasterketaren burua hartu arte. Hortik aurrera, nagusitasun handia erakutsi zuen Rojok, eta ordu erdi eskasean osatu zuen ibilbidea (30:51.3). Bigarren, ezustean, junior mailako Pau Molins kataluniarra izan zen, Rojorengandik +1.08ra, eta hirugarren, Jaume Pueyo Espainiako selekzioko kidea, +1:30era. 

Indarrez hasi da tolosarra denboraldi honetan ere: iaz munduko txapeldun izan zen leku berean, Val di Fiemmen (Italia), laugarren izan da aurten Munduko Kopako proban, Raimo Vigants irabazlearengandik bost segundo eskasera. Irailean jokatu zen proba hori. Iaz Alpe Cermisera igo ziren partaideak, eta aurten, aldiz, zirkuitu urbano batean egin da lasterketa, ia desnibelik gabe, eta Rojoren ezaugarrietako ibilbidea ez zen hain egokia. 

Gurpil gaineko Espainiako Txapelketako podiuma
Pau Molins gaztetxoa, Imano Rojo eta Jaume Pueyo, podiumean. RFDEI

Irati Cuadrado eta Imanol Rojo ez ziren garaile bakarrak izan. June Aranburu maila nagusian lehiatu zen, baina, tolosarra 18 urtez azpikoa denez, maila horretan bera izan zen txapeldun. Maila berean, Magali Lekue (Uzturre) laugarren izan zen. Eta gazteen mailetan, hamasei urtez azpikoetan Libe Curras tolosarra (Uzturre) izan zen irabazle nesketan, eta Asier Galetx erronkariarra (Roncal) mutiletan. Maila berean, Andde Elizburu hirugarren izan zen.

Hemezortzi urtez azpikoetan, Aranburuk lortutako urreaz gain, gizonezkoetan, Ibai Letona (Irrintzi) bigarren izan zen, eta Izei Irigoien hirugarren.

Hamalau urtez azpikoetan, Iker Aranburu tolosarra (Uzturre) bigarren izan zen, eta Inhar Rosado (Irrintzi) laugarren. Hamabi urtetik beherakoetan, Lur Elizburu (Irrintzi) bigarren izan zen nesketan.

Master mailan, azkenik, Master 1 kategorian, Harkaitz Labeaga (Uzturre) bigarren izan zen eta Koldo Rosado (Irrintzi) hirugarren.

Sailkapen guztiak Neguko Kiroletako Espainiako Federazioaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.