Sandra Sevillano eta Jokin Garcia izan dira garaile UTT Erronkan

Alegian hasi eta bukatu, Tolosaldeko hamar herri lotu ditu probak (81 km eta 4.830 m+). Beroa eta hezetasuna dela eta, hainbat partaidek bertan behera utzi du lasterketa. EMFren ultra txapelketa ere izan da aurtengo bigarren ekitaldia.

Jokin Garcia eta Sandra Sevillano, Alegiako podiumean. ASIER IMAZ / ATARIA
Jokin Garcia eta Sandra Sevillano, Alegiako podiumean. ASIER IMAZ / ATARIA
Asier Imaz - Ataria
2026ko uztailaren 5a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezetasunak eta beroak nabarmen baldintzatu zuen atzo Tolosaldea Ultratrail Erronkaren bigarren ekitaldia. Alegian hasi eta bukatu, 105 partaidek ekin zioten lasterketari banaka, eta 25 bikotek erreleboka, 81 kilometroko ibilbideari eta 4.830 metroko goranzko desnibelari aurre egiteko asmoz. Berez, banakakoan 142 ziren izena emandakoak, eta erreleboka, 35 bikote, baina azken unean hutsune dezente izan zen. Egunean zehar ere, beroaren eta hezetasunaren ondorioz, hainbat partaidek bertan behera utzi zuen lasterketa. Azkenean, Sandra Sevillano santurtziarra (Bizkaia) eta Jokin Garcia aguraindarra (Araba) izan ziren irabazle, eta, horrenbestez, baita Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) ultra txapelketaren irabazle ere.

Izaskungo (Ibarra, Gipuzkoa) indarberritze gunea —otordu sendoa egiteko lekua— izan zen probaren erdibidea, eta bertan egin zen lekuko aldaketa errelebokako modalitatean. Banaka, Sandra Sevillano bera iritsi zen aurrena emakumezkoetan, eta Hodei Lujanbio hernaniarra gizonezkoetan. Emakumezkoetan, Sevillanok hasieratik bukaerara menderatu zuen proba (10.58.28), eta Eva Lizarraldek (Oiartzun, Gipuzkoa) egin zuen Alegiako helmugan bigarren. Gizonezkoetan, berriz, bigarren erdian Jokin Garciak aurrera egin zuen, eta garaipen handia lortu zuen Alegian (19.15.13). Ion Azpiroz berastegiarrak ere (Gipuzkoa) atzetik aurrerako lasterketa eginez bigarren postua lortu zuen (9.26.15). Julen Garmendia donostiarrak osatu zuen podiuma (9.34.45).

UTT Erronka proba
Yashira Navas eta Ainhoa Egiguren, erreleboka, emakumezkoetan irabazleak. ASIER IMAZ / ATARIA

Erreleboka, emakumezkoetan, Yashira Navas eta Ainhoa Egiguren (Areso/Irura) izan ziren irabazle (11.23.25). Bikote mistoetan, Noelia Lataburu eta Xabier Irazusta (Irura) izan ziren garaile (10.10.14), eta Leire Rajado eta Xabier Irastorza (Ibarra) bigarren (12.57.45). Gizonezkoetan, berriz, Iñaki Olano eta Amets Uzkudun (Altzo) izan ziren irabazle (8.31.58), Bruno Del Toro eta Daniel Martinez (Valentzia) bigarren (8.47.35) eta Julen Garaiburu eta Oier Garaiburu (Berastegi) hirugarren (8.48.25).

Helmugan, lasterketa «gogorra» izan zela adierazi zuen Jokin Garciak, bai ibilbideagatik eta bai hezetasunagatik. «Kirol hau gogorra da eta uztailean gaude. Bestelakoan, oso ondo atera da dena. Ondo nengoela banekien, aurrean ibiltzeko bai, baina aurkariak ere indartsuak dira, eta irabaztea zaila da beti. Ibilbidea gogorra izan da, gora eta behera une oro eta ordekarik batere ez, baina EMFren ultra txapelketa izanik, ezinbestean izan behar zuen gogorra». Ion Azpirozek, berriz, lehen erdian «bere erritmoa» hartu zuela adierazi zuen, itsutu gabe. «Bigarren zatian, hortzak estutu eta aurrera egin dut. Polita izan da. Berastegiko pasaeran hirugarren izan naiz, eta goraldia eman dit horrek. Asko gozatu dut azken zatian».

UTT Erronka proba
Erreleboka, gizonezkoetan irabazleak: Iñaki Olano eta Amets Uzkudun ASIER IMAZ / ATARIA

Pozik ziren Yashira Navas eta Ainhoa Egiguren ere, errelebokako irabazleak, emakumezkoetan. «Pozik, hasteko eta behin, atera eta bukatzeko gai izan garelako». Egigurenek lehen erreleboa egin zuen, eguraldi fresko samarrarekin goiz partean. Navasek, aldiz, bigarren zatian «asko sufritu» zuela adierazi zuen helmugan: «Hezetasun handia izan dugu, eta Otsabiora iristen latz sufritu dut. Baina ailegatu gara».

Informazio osatuagoa eta argazkiak, Ataria-ren webgunean.

Sailkapen guztiak kronoak.com webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA