Juan Mari Feliu eta Felix Isasa hainbatetan izan ziren Euskal Herriaren erdigune geografikoan, herri mendizale honen bihotzean. Hain zuzen, ingeniaria izanik, Felix Isasak berak zehaztu zuen, duela 25 urte pasatxo, non duen gure lurraldeak erdigunea, eta horretarako, barizentroaren kontzeptuan oinarrituta, masa zentroaren propietatea erabili zuen. Hainbat neurketa eginda, zehaztu zuen Andia mendilerroan (Nafarroa), Beriain tontorretik Goñiko gainetara bidean dagoela erdigunea, 1.236 metro inguruan. Olibesarioko saroia da lekuaren izena, sakonune bat da berez, eta Lezizagoa tontorretik gertu dago. 2004an zutarri moduko bat jarri zuen Isasak lekua adierazteko, eta monolitoak han eusten dio zutik.
Neurketa horiek eginda, gerta zitekeen erdigunea herri edo hiri bateko kale bat izatea, edo Sakanako autobideko galipotaren erdian galdutako puntu bat. Baina ez, mendi-mendian, mila metrotik gora dago, eta ederra da lekua. Mendi-mendian izanik, duela 22 urte, Irurtzungo Iratxo elkartekoak ibilaldi bat antolatzen hasi ziren erdigunera, eta lekua ezagutarazten. Ahalegin horretan, aurten panelak jarri dituzte hainbat herritan: Unanun, Uharte Arakilen, Irañetan, Ihabarren, Senosiainen eta Ollon, zehazki. Geroztik, Iratxo elkarteaz gain, beste hainbat talde eta eragile ere batu dira ibilaldiaren ekimenera: Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra, Mendi Federazioak, Sakanako Mendizaleak, Altsasuko Mendizaleak, Atarratze mendi taldea, Gure Esku, Gu Ere Bai taldea, Irañetako Udala...
Eguraldi iragarpenak lagun, igande honetan berrituko da ohitura. Aurten ez dira bertan izango Felix Isasa eta Juan Mari Feliu, baina bertaratzen direnek oso gogoan izango dituzte, erdiguneko ekitaldian omenaldia egingo baitzaie. Isasa pandemia aurrean hil zen, eta Feliu oraindik orain zendu da.

Igandean, bi irteera izango dira: 08:45ean Senosiaindik (Nafarroa) eta 09:30ean Irañetako bordatik, baina mendizale bakoitzak nahi duen abiapuntutik egin dezake txangoa. Erdiguneko ekitaldia 11:30ean izango da. Trikitilariek alaituko dute giroa, eta, ondoren, antolakuntzako hainbat eragilek hartuko dute hitza. Amaitzeko, bertaratuek omenaldia egingo diete Feliuri eta Isasari. Ondoren, Irañetako bordan, pintxo-potea, Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre bertsolariak, euskal selekzioaren aldeko argazkia eta bazkaria izango dira. Bazkarirako izen ematea ostiralera arte egin ahal izango da 620-19 02 77 telefonora deituta edo iratxomendi@gmail.com posta elektronikora idatzita.