Junko Tabei, poliki baina amore eman gabe

Duela 50 urte justu Everest igo zuen lehen emakumeari buruzko biopic-a aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiatik kanpo: 'Climbing for life'. Garai hartako Japoniako aurreiritzi eta muga askori aurre egin behar izan zien Tabeik.

'Teppen no mukou ni anata ga iru - Climbing for life' filmeko fotograma
Junko Tabeiri buruzko filmaren fotograma bat: senar-emazteak Fuji mendian. ©2025 'CLIMBING FOR LIFE' FILM PARTNERS
ramon olasagasti
Donostia
2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ona naiz horretan, poliki joaten», esaten du une batez Junko Tabei alpinista japoniarrak (Miharu, Fukushima, 1939 – Tokio, 2016) Teppen no mukou ni anata ga iru - Climbing for life filmean. Poliki, bai, baina urratsari urrats, munduaren gailurrera iritsi zen Tabei 1975eko maiatzaren 16an. Lehen emakumea izan zen, aurten 50 urte. Baina doi-doi metro eta erdira iristen zen emakume txiki haren balentriarik handiena ez zen izan, ausaz, Everest erraldoira igotzea, 1975ean Japoniako gizarte hertsi hartan hamabost emakumez osatutako espedizio bat antolatzeko kuraia izatea baizik. Tabeik, ordea, gogoan iltzatua zuen 9 urte zituela eskolatik Nasu sumendira eginiko lehen irteera hartan barneratu zuen lezioa: «Mendiko txango hartan, nire lehen sentipena izan zen, beste kirol batzuetan ez bezala, mendian ez zegoela lehiarik; ez ziola axola azkar edo poliki zoazen: pauso bat bestearen atzetik emanez, gailurrera irits zaitezke».

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu dute Junko Tabeiri buruzko biopic-a, Junji Sakamotok zuzendua, eta pelikularen muinean erabakigarritasun hori jariatzen da tantaka: poliki, bai, baina amore eman gabe. Berdin mendian, berdin minbiziaren aurkako borrokan.

Neskatila itxuraz hauskorra izan zen txikitatik Junko Tabei. Fukushimako familia apal batean hazi zen, larre motzean, Bigarren Mundu Gerrako eta gerraosteko urte zailetan. Orduko Japonia hartan, kirol asko debekatuak zituzten emakumeek, alpinismoa besteak beste. Hala, 1960ko hamarkadaren hasieran jaioterriko mendi elkarte batean izena eman nahi izan zuenean, zuzendaritzako kide batek argi utzi nahi izan zion: «Emakumeak tea zerbitzatzeko daude». Kikildu gabe, hala erantzun zion Tabeik: «Bi zango dituen edonork eskala dezake». Unibertsitateko ikasketak ere unibertsitate bakar batean egin zitzaketen garai hartan: Emakumeen Showako Unibertsitatean, Tokion. Han, literatura ingeleseko gradua ikasi zuen, eta ondoko urteetan bere pasioari heldu zion bete-betean.

1969an, Japoniako emakumeen lehen mendi taldea eratu zuen, eta urtebete geroago, 1970ean, Annapurna III mendiaren gailurra (7.555 m) jo zuen talde horretako beste kide batekin. Gorago joateko grina hauspotu zion igoera hark, eta Japoniara itzuli orduko, Everestera joateko baimena eskatu zuen Nepalgo Gobernuan. Agintari nepaldarrek, ordea, behin eta berriro ukatu zieten baimena emakumeei. Etsi gabe, hainbat ate jo zituzten Everestera joateko babesle bila, baina guztietan erantzun bera jaso zuten: «Zer, emakumez soilik osatutako espedizio bat? Everestera? Zoazte zuen seme-alabak zaintzera!», eta danba ixten zieten atea.

Junko Tabei mendizale japoniarra
Kontinente bakoitzeko mendi garaienetara igo zen Tabei, eta horretan ere lehen emakumea izan zen. 

NBEk Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu zuen 1975a, eta Nepalgo Gobernuak, ezustean, baimena eman zien Tabeiri eta taldekideei. Japoniako telebistaren eta Yomiuri Shimbun egunkariaren diru babesa ere jaso zuten azkenean, baina babesaren gainetik, askoren laidoa eta trufa jasan behar izan zituzten. «Komunikabideek, oro har, barre egiten zuten gure bizkar. Txantxatzat hartzen zuten gure espedizioa, eta ez gintuzten gai ikusten gailurrera iristeko».

Bestelako kritikak ere entzun behar izan zituzten hala Tabeik nola gainerako taldekideek: «ama txarra» izatea leporatu zieten hainbatek, sei hilabetez beren seme-alabak etxean uzteagatik, urte erdi inguru irauten baitzuten orduan Everesteko espedizioek. Aldiz, garai bertsuan, baita ondorengo urte luzeetan ere, Himalaiako espedizioetara joaten ziren gizonezkoak —japoniarrak, poloniarrak, euskal herritarrak...—, haiek ez, haiek ez ziren inoiz «aita txarrak» izan.

Senarraren sostengua

Masanobu Tabei, Junkoren senarra, alpinista bera ere, gaztetako espedizio batean izandako izozteen ondorioz hainbat behatz galdu ondoren, ez zen mendi handietara gehiago joan. Filmaren ardatzetako bat da senar-emazteen arteko harremana, eta nabarmentzekoa da elkarrekiko agertzen duten begirunea eta errespetua. Junko Tabeik hala idatzi zuen bere autobiografian: «Beti hunkitu ninduen nola babestu zuen familiak nire Everesteko ametsa. Irudi bat datorkit burura: senarra etxera bidean, erosketak esku batean eta gure 3 urteko alaba bizkarrean, nenneko batean —haurrak eramateko Japoniako motxila—. Zorteduna izan nintzen kaosa kontrolatzeko gai zen senar bat aurkitu nuelako». Pelikulan ere, biak zahartuta Fuji mendira igotzen ari direla, hala aitortzen dio Junko Tabeik senarrari: «Edozein mendi baino garrantzitsuagoa da niretzat zure ondoan bizitzen jarraitzea».

Kritika eta laido guztiei aurre eginez, hamabost emakume japoniar haiek erakutsi zuten baietz, gai zirela Everestera igotzeko. Ang Tsering xerparekin batera igo zen gailurrera Tabei, baina beti nabarmendu zuen ez zela bakarrik igo, «talde osoaren lana» izan zela hura.

NEPAL SIR EDMUND HILLARY MT.EVEREST
Edmund Hillary, ezkerrean, eta Junko Tabei, eskuinean, 2003an Katmandun, Everesteko lehen igoeraren 50. urteurreneko ospakizunetan. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Munduko mendirik altuenak argi itsugarria du, ordea, eta, aldi berean, itzal luzea sortzen du. Hala, Everestetik bueltan, Junko Tabei, tontorrera iritsi zen bakarra, aldarera igo zuten komunikabideek, heroitzat hartu zuten, gainerako taldekideak itzalean utzita. Eta horrek haserrea eta haustura sortu zuen hamabost emakume haien artean. Ospearen alderdi ospelei buruz eta horren ondorioz sortzen diren giza harremanei buruz ere hausnartzen du filmak. Shintaro semeak, esaterako, gazte garaian, errebeldiaz erantzun zion «Junko Tabei handiaren semea izateak» sortzen zion itolarriari. Giza harremanen sokatira horiek bideratzeko moduari dagokionez, Japoniako kulturaren printzak ere argiro azaltzen ditu pelikulak.

Junko Tabeik mendiak igotzen jarraitu zuen bere denboran. Besteak beste, Shisha Pangma gailurrera ere igo zen, Elurretako Lehoinabarren titulua eskuratu zuen —Sobietar Batasuneko 7.000 metrotik gorako bost mendiak igotzen dituztenei ematen zaien ohorea—, zazpi kontinenteetako zazpi gailur garaienak igo zituen —lehen emakumea izan zen horretan ere— eta, guztira, 76 herrialdetako 76 mendirik altuenak jo zituen. 2012an urdaileko minbizia diagnostikatu ziotenean ere, mendian bilatu zuen suspertzeko arnasa. Hasiera batean, hilabete gutxiko bizialdia iragarri zioten, baina Everesteko edo Fujiko aldapei bezala, gaitzari ere modu berean egin zion aurre, poliki baina amore eman gabe, lau urte geroago hil zen arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.