Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro eskalatzaile donostiarrek jaso dute aurten Joxe Takolo beka, Joxe Urbieta Takolo zenaren omenez Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak ematen duten 4.000 euroko diru laguntza. Aurten 27 urte beteko dituzte Murok eta Txintxurretak, gaztetasunari lotutako kemen eta ilusio hori dute, esploraziorako grina hori, eta, bekaren bitartez, Kirgizistanera joko dute udan, Djangart mendilerro ezezaguneko mendiren bat eskalatzera. Uztailaren 26an abiatu, eta abuztuaren 21ean egingo dute buelta.
Muro eta Txintxurreta txikitako lagunak dira, eta eskalatzen ere elkarrekin hasi ziren, duela hamar urte, etxekoengandik mendizaletasuna jaso ondoan. Hainbat eskalada egin dituzte hala udan nola neguan, Pirinioetako horma eta korridoreetan, Riglosen, Mont Rebein eta beste hainbat mendigunetan, eta Pirinioetan ez denean, Euskal Herriko eskoletan (Bi-Ahizpe, Ziordia, Etxauri, San Fausto...) zailtzen dituzte giharrak. Alpeetan ere egin dituzte hainbat eskalada: Kuffner ertza, Bionnassayko zeharkaldi integrala, Peutereyko orratzaren hegoaldeko ertza... Duela bi urte, berriz, hainbat bide eskalatu zituzten Peruko Mendilerro Zurian; nabarmenena, Pou anaiek irekitako Hanan Paccha, Ekialdeko Urus mendian.
Hurrengo jomugaren bila hasi zirenean, Google Earth-en arakatzen, Kirgizistango Djangart mendigunean egin zuten zooma. «Han eta hemen mendigune horri buruzko informazioa bilatzen hasi, eta konturatu ginen oso gutxi zegoela. Oso jende gutxi ibilitako tokia da: denera hamar-hamabi espedizio baino ez dira izan han. Gainera, espedizio gehienetan aurretik irekitako bideak eskalatu dituzte; beraz, uste dugu aukera handia dagoela mendigune hartan beste bide batzuk irekitzeko. Gu asmo horrekin goaz», jakinarazi dute bi donostiarrek. Takolo bekaren eta Azpeitiko Udalaren babesa ere gogotik eskertu dute, eta aitortu dute laguntza hori gabe «oso zaila» izango zutela Kirgizistanera joatea.
Google Earth-en behatxulotik begira «ordu asko» egin dituzte bi donostiarrek, baina ondotxo dakite satelitearen begiek erakutsitakoa ez bat etortzea han bertan aurkituko dutenarekin. Halaxe jakinarazi diete duela 11 urte han izan ziren kataluniar batzuek ere. Hori dela eta, «itsu samarrean» doazela aitortu dute Murok eta Txintxurretak, baina hain zuzen, horrek berak ematen dizkio gatza eta piperra proiektuari, zer aurkituko duten oso ondo ez jakiteak, glaziar eta mendigune ezezagunetan barneratzeak, abentura benetakoak. Eta hori hartu du aintzat Takolo bekaren epaimahaiak ere beka Kirgizistaneko proiektuari emateko.
«Oso jende gutxi ibilitako tokia da: denera hamar-hamabi espedizio baino ez dira izan han. Uste dugu aukera handia dagoela mendigune hartan beste bide batzuk irekitzeko. Gu asmo horrekin goaz»
IMANOL MURO ETA MIKEL TXINTXURRETAEskalatzaileak
Djangart mendilerroko gailurrak 5.000 metro ingurukoak dira, oso tenteak. «Pareta handiak dira gehienak», bi gazteen arabera. Hain zuzen, altuera apal hori izan da, inondik ere, orain arte hain jende gutxi joan izanaren arrazoi nagusia; izan ere, Lenin zazpimilako ezagunaren eta gertuko beste mendi handiagoen itzalean geratu dira Djangart mendilerrokoak. Duela hamabost urte eskas egin zen hara joateko lehen espedizioa.
Txintxurretak eta Murok hainbat mendi dituzte begiz joak. Asmoa dute Howard Bury mendiaren mendebaldean esploratu gabeko azpibailara batean ibiltzeko hasieran. Han, eskalatu gabeko bizpahiru mendi identifikatu dituzte, eta haietan bideren bat zabaldu nahiko lukete. Lateveta (5.285 m) da aurrez begiz joak dituzten beste mendietako bat. «Ipar-ekialdeko aurpegia eskalatu gabe dagoela baieztatu dugu, eta pareta hori igotzea izango da helburu nagusietako bat. Hormak 1.000 metro inguru ditu, eta, zailtasuna zehaztea oso zaila izan arren, uste dugu eskalada mistoa eta izotz bertikala aurkituko ditugula». Horiek dira hasierako asmoak, baina ez dute baztertzen «interesgarriagoak» izan daitezkeen mendi eta hormei heltzea behin hara iristean.
Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak jakinarazi zuen bi proiektu aurkeztu dituztela aurten Takolo bekara, eta oso parekatuta egon dira biak. «Epaimahaiarentzat ez da lan erraza izan erabakia hartzea. Oinarrietan jasotako irizpideak kontuan hartuta bakoitzari emandako puntuazioan, puntu bakarraren aldea egon da. Epaimahaiak proiektuaren originaltasuna hartu du kontuan batik bat». Era berean, adierazi zuen udalarentzat «oso pozgarria» dela Joxe Takolo bekaren bidez «gazteei proiektu eta erronka berriak egiteko aukera ematea».