Konpromiso handiko lau jarduera saritu dituzte Urrezko Pioletetan

Ekialdeko Jannu (Nepal), Andeetako Yerupaja eta Karakorumeko Ultar Sar eta Aikache Chhok mendietan eginiko igoerek jasoko dute aitortza. Ibilbidearen Ohorezko Saria Peter Habeler austriarrari emango diote.

Ekialdeko Jannu (7.468 m) mendiaren eskalada
Ekialdeko Jannu mendiaren ekialdeko ertza. THIBAUT MAROT
ramon olasagasti
2026ko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakinarazi dute aurtengo Urrezko Piolet sariak nork jasoko dituen; hau da, iazko alpinismoko jarduera onenei dagozkien sariak norentzat izango diren. Lau igoera sarituko dituzte: Marc Toralles eta Bru Busom kataluniarrek eta Ruben Sanmartin espainiarrak Peruko Yerupajan eginikoa; Ethan Berman eta Maarten van Haeren kanadarrek eta Seba Pelletti argentinarrak Karakorum mendiguneko (Pakistan) Ultar Sar menditzarrean (7.388 m) eginikoa; George Ponsonby irlandarrak eta James Price britainiarrak Karakorumeko Aikache Chhok mendian (6.673 m) zabaldutako lerroa, eta Benjamin Vedrines eta Nicolas Jean frantziarrek Ekialdeko Jannun (7.460 m) eginiko eskalada harrigarria. Nepaleko jarduera bat, Andeetako beste bat eta Karakorumeko bi.

Sariak banatzeko ekitaldia urriaren 21etik 25era izango da, Frantziako Oisans-Veneon herrian. Aurten, hauek izan dira nazioarteko epaimahaia osatu duten alpinistak: Lise Billon, Jordi Corominas, Luka Lindic, Young Hoon Oh, Paul Ramsden eta Enrico Rosso. Ibilbidearen Ohorezko Urrezko Pioleta, berriz, Peter Habeler austriarrari emango diote. Reinhold Messnerrek eta biek Himalaiako jarduna goitik behera irauli zuten XX. mendearen bigarren erdialdean. Hala, 1978an erakutsi zuten ezinezkoa zirudien hori egin zitekeela, eta oxigeno botilarik gabe igo zuten Everest. Geroztik ere ibilbide oparoa osatu du Habelerrek.

Yerupaja, konpromisoaren esentzia

Peruko Huayhuash mendigunea Andeetako basatienetako bat da, eta hango mendi gehienak ikaragarri zorrotzak, hautsiak eta gogorrak dira. Yerupaja da mendigune hartako gailurrik garaiena (6.634 m), eta Peru osoko garaienetan bigarrena. Oso bakanak dira haren gailurrera iristea lortu duten eskalatzaileak. Marc Toralles eta Bru Busom kataluniarrak eta Ruben Sanmartin espainiarra Yerupajaren ekialdeko horman bide bat zabaltzeko asmoarekin abiatu ziren iaz, jakinik ezinaren hurrengoa izango zela izotzez, harkaitzez, glaziar eskegiz, pitzaduraz eta merenge elurrezko ertz zorrotzez osaturiko labirinto hartan gora ateratzea.

Marc Toralles, RubEn Sanmartin ETA Bru Busom Yerupaja mendiaren tontorrean
Marc Toralles, Ruben Sanmartin eta Bru Busom Yerupaja mendiaren tontorrean. M. TORALLES

Kaos bertikal hartan beren burua babesteko aseguru fidagarriak aurkitzea izan zen zailtasunik handienetako bat. Nola edo hala horma gainditu eta ekialdeko ertzera edo teilatura atera zirenean, jabetu ziren gainean zeramatzaten elurretako zortzi hesolak ez zirela nahikoa izango igotako horma hartatik rappel eginez jaisteko. Gailurrera iristea eta beste nonbaitetik jaistea zen aukera bakarra. Eskaladako bosgarren egunean, 600 metroko ertz hori zeharkatu zuten Hegoaldeko Yerupajaren gailurreraino, eta, gero, hego-ekialdeko aurpegitik egin zuten jaitsiera. Horrenbestez, mendiaren lehen zeharkaldi osoa egin zuten, ekialdetik.

Konpromiso handiko jarduera izan zen Yerupajakoa, eta alpinistek ere horixe adierazi nahi izan zuten bideari izena jartzean: L’essència del compromĂ­s (3.000 m, 6c+, M6+, 95º). Epaimahaiak harridura agertu du taldekideen jardunarekin, erakutsi baitute Himalaiatik kanpo eta hego hemisferioan badagoela aukera «halako lerro ausartak» zabaltzeko eta maila goreneko abenturak bizitzeko. «Zeharkaldia konpromiso handikoa izan da, goiko ertzera iritsita ez baitzegoen atzera-bueltarik, eta kanpoko laguntza jasotzeko aukerarik ere ez. Estilo bikainean lortu dute igoera» osatzea, gainera, epaimahaiak azpimarratu duenez.

Ultar Sar: arriskuei itzuri egiteko, gauez

Ethan Berman eta Maarten van Haeren kanadarrek eta Seba Pelletti argentinarrak Ultar Sar mendiko (7.388 m) hego-ekialdeko pilarearen lehen igoera osatu zuten iazko ekainaren 6tik 11ra. Shooting the Moon izena eman zioten bideari (3.100 m, M5, WI4). 1990eko hamarkadatik hainbat alpinistak gutiziatutako bidea zen pilare hori, 3.000 metrotik gorako bizkarrezur harritsu bat.

Ultar Sar mendia (7.388 m)
Ultar Sar mendia (7.388 m) eta zabaldutako bidea. ETHAN BERMAN

Berman eta Pelleti 2024an ere saiatu ziren, baina gehienez ere hormaren erdiraino heldu ziren orduko hartan. Iazko igoeran, berriz, gaueko eta goizeko txandetan aritu ziren eskalatzen, gaueko hamarrak eta hamaikak artean esnatu eta hurrengo eguneko eguerdira arte, eskalatzen ari zirela ez zedin harkaitz eta izotz blokerik erori beroaren eraginez. Beraz, ilargiaren argipean aritu ziren eskalatzen, arriskuei itzuri egite aldera. Hortik bidearen izena. Giltzarria 6.650 metrotik gora kokatutako pilare harritsua izan zen, mistoko pasarte tekniko eta gogorra. Gailurra jo ondoren, eguraldi txarraren eraginez, egun oso bat egin zuten atxikita 6.650 metroan kokatutako bibakean. Lurrera iristeko, 70 rappel baino gehiago egin behar izan zituzten.

Epaimahaiak alderdi hauek nabarmendu ditu: lerroaren edertasuna, eskaladaren zailtasuna altuera handian, konpromisoa, esplorazio espiritua eta talde lana.

Aikache Chhok (6.673 m), bi gazteren graduondokoa

Joan den urtean, George Ponsonby (Irlanda) eta James Price (Erresuma Batua) Alpinista Gazteen Erresuma Batuko Taldeko kideak ziren. Hiru urteko programaren ondoren, espedizio baterako proiektua aurkeztu behar zuten, graduondoko gisako bat. Pricek Batura Muztagh mendigunean (Karakorum, Pakistan) dagoen mendi ezezagun baterako egitasmoa aurkeztu zuen. Pricek ez zituen ezagutzen ez mendia eta ez lekua, baina besteei gustatu egin zitzaien ideia, eta hara jo zuten.

Aikache Chhok mendia (6.673 m)
Aikache Chhok mendia (6.673 m) eta zabaldutako lerroa. JAMES PRICE

Alpinistek oso gutxitan bisitatutako Baltar haranean saiatzea erabaki zuten, Aikache Chhok mendian; haren ipar-mendebaldeko aurpegi tentea erdibitzen zuen ezproi nabarmenetik, hain zuzen. Mendiak igoera bakarra zuen, 1983koa, hegoaldeko isuritik. Bi gazteek urriaren 12an heldu zioten eskaladari, eta zortzi egun oso behar izan zituzten ezproia zamalkatu eta gailurrera iristeko.

Epaimahaiak «jardueraren luzera eta konpromiso izugarria» nabarmendu ditu, baita Karakorumeko ingurune oso ezezagun batean izatea eta bi alpinista gazteek «agertutako espiritua» ere.

Ekialdeko Jannu, «bizitza oso bat alda dezakeen igoera»

Begien bistakoa zen Benjamin Vedrines eta Nicolas Jean alpinista frantsesek Ekialdeko Jannu mendian (7.468 m) eginiko igoera handiak ere aukera handia zuela Urrezko Pioleta jasotzeko. Vedrinesek eta Jeanek Nepalgo menditzar horren (7.468 m) lehen igoera osatu zuten iaz, ipar aurpegiari eta ekialdeko ertzari jarraituz, estilo alpino garbian. Le sommet des pieux (2.300 m, ED-) izena eman zioten bideari.

Ekialdeko Jannu (7.468 m) mendiaren eskalada
Ekialdeko Jannu mendian (7.468 m), Vedrinesek eta Jeanek zabaldutako lerroa.

2024an atzera egin zuten. Iaz ez, iaz azkenean gauzatu zuten beren asmo handia. Egiazko alpinismoaren adierazpide gorena. Tragediaz eta kondairaz umotutako mendia da Ekialdeko Jannu (7.468 m); 30 urte eta hamalau ahalegin behar izan ziren norbait haren tontorrera iristeko. Eta iritsi zirenak ez ziren edozein izan, gaur egun munduan diren soka indartsuenetako bat baita alpinismoaren mugarri hori jarri zuena: Benjamin Vedrines eta Nicolas Jean frantsesek osatutako uztarria. Izan ere, gailurrera iristea bat da, eta egin zuten moduan egitea beste bat. Estilo alpino garbian —aurrez kanpalekurik ezarri gabe eta sokarik finkatu gabe—, lau eguneko ahaleginean heldu ziren Jannuren erpinera, ipar horman gora hasieran, eta ekialdeko ertzeko erlaitzei jarraituz gero.

«Batzuetan, igoera batek bizitza oso bat alda dezake, eta uste dut hau igoera horietako bat dela», idatzi zuen Benjamin Vedrinesek hormatik jaitsi eta gero. Estilo alpinoaren etika eta minimalismo azkarraren mentalitatea izan ziren igoera harrigarri horren bultzada. «Hiru egun baino gehiago behar izan ditugu gailurra jotzeko, baina, berez, pasioz betetako bizitza oso bat behar izan dugu mendi mitiko horren ertz malkartsuak zeharkatzeko. Irudimena behar da amets egiteko, eta pazientzia, pasioa eta eromen dosi doia ametsak egia bihurtzeko», Vedrinesen arabera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA