Mendiko trailetan aitzindarietako bat da Manttale taldeak antolatzen duen Berako (Nafarroa) maratoi erdia, proba kutuna mendiko korrikalari askorentzat. Atzo jokatu zen XX. ekitaldia, ibilbide berrituan. Emakumezkoetan, Lide Urrestarazu ordiziarra (Arrastaka mendi taldea) izan zen irabazle (2.07.22), eta gizonezkoetan, berriz, Beñat Albisu gailendu zen, Beintza-Labaiengo korrikalari (Nafarroa) eta Manttale taldeko kidea (1.51.15)
Gizonezkoetan, nafarrak izan ziren bigarrena eta hirugarrena ere: Aimar Otxoteko (Beti Gazte) lesakarra izan zen bigarren, eta Jokin Arretxea (Manttale) narbartearra hirugarren. Emakumezkoetan, berriz, Ainara Alkuaz (Hiru Herri) izan zen bigarren, eta Leire Elola hirugarren (Soronea Amma CMO Valves K.K.).

Guztira 430 korrikalarik parte hartu zuten atzoko proban, eta 425ek, hau da, ia guztiek lortu zuten helmugara iristea. Ibardingo tarteko helmugan —150 euroko saria zuen—, Iñigo Macias korrikalaria izan zen aurrena.
Berako maratoi erdia, aldi berean, Nafarroako banakako txapelketa ere izan zen. Gizonezkoen kategorian Beñat Albisu bera izan zen txapeldun, eta emakumezkoetan, Ainara Alkuaz.
Gazte Trail
Gazte Trailean, Leire Zestau izan zen irabazlea emakumezkoetan; gizonezkoetan, Ekhiotz Irazoki eta Andoni Apezetxea eskutik sartu ziren helmugara, biak irabazle.
Taldekako sailkapenean Hiru Herri izan zen lehenbizikoa, eta Manttale bigarren, etxeko taldea alegia.
Berako maratoi erdiko sailkapen guztiak, esteka honetan.
Leire Uribe eta Iraitz Legorburu garaile Kilimon Trailen
Kilimon Trail lasterketaren XIV. ekitaldia jokatu zen larunbatean Mendaron (Gipuzkoa). Euskal Herriko Kopa osatzen duten zortzi probetan bigarrena ere izan zen Kilimon, Bediako Kolazino Egunaren ondoren. Lasterketa luzean (23 km), Leire Uribe otxandiarra (2.30.50) eta Iraitz Legorburu getariarra (2.05.44) izan ziren irabazle. Lasterketa laburrean, berriz, Garazi Alzola Gurendez gasteiztarra, 14 urteko kadetea, eta Ibai Angulo azpeitiarra gailendu ziren.

Lasterketa luzean, Eider Zubeldia Albeniz izan zen bigarren (2.34.17) eta Miren Bastida Zabala hirugarren (2.38.00). Gizonezkoetan, berriz, Ibai Cebrian Garcia (2.06.49) eta Ander Jauregi Martin (2.08.04) igo ziren podiumaren bigarren eta hirugarren mailetara.
Proban, Gaintxipia tontorrerako igoera kronometratuan, Kiara Angulo Alberdi (0.04.20) eta Iñigo Legoburu Azkue (0.03.38) izan ziren azkarrenak.
Lasterketa laburrean, Norah Muzas Ayerdiu gaztetxoa izan zen bigarren (1.10.29) eta Libana Taboada Moran hirugarren (1.10.36). Gizonezkoetan, berriz, Iñaki Goenaga Aristi (0.53.33) sailkatu zen bigarren, eta Asier Juanbeltz Astiz (0.56.41) hirugarren.

Kilimon Trail gazteen mailako EMFren txapelketa ere izan zen, kadete, gazte eta junior mailatan hain zuzen. Kadeteetan, lasterketa laburraren irabazlea izan zen txapeldun: Garazi Alzola. Haren atzetik sailkatu ziren Araia Artola eta Lide Lizeaga. Mutiletan, berriz, Beñat Iraola izan zen txapeldun, Eki Beobide bigarren eta Manez Azumendi hirugarren.
Gazte mailan, lasterketa laburrean bigarren sailkatutakoa izan zen txapeldun, Norah Muzas. Elaia Izagirre izan zen bigarren, eta Udane Barrondo hirugarren. Mutiletan, Xabier Arranz gailendu zen, eta Arnaitz Kortajarena eta Koldo Basterretxea igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren kosketara. Junior mailan, azkenik, Peio Ziarsolo izan zen irabazle, Josue Martin bigarren eta Anartz Azpiroz hirugarren.
Kilimon Trail probako sailkapen guztiak, esteka honetan.
Kilimon Traileko emaitzen ondoren, Leire Uribe eta Ander Jauregi dira Euskal Herriko Kopako liderrak. Hurrengo lasterketa maiatzaren 10ean izango da: Kanpezu-Ioar maratoi erdia.