Maddalen Ruiz de Galarreta eta Manex Salsamendi izan dira Euskal Herriko txapeldun patinatzaile modalitatean

Larunbatean jokatu ziren banakako probak Larra-Belaguako estazioan. Eguraldi makurragatik aldatu egin behar izan zuten zirkuitua, eta bertan behera utzi zituzten igandeko errelebokako probak.

Manex Salsamendi, larunbateko proban, elurpean eta laino itxiarekin. M. SALSAMENDIK UTZITAKOA
Manex Salsamendi, larunbateko proban, elurpean eta laino itxiarekin. M. SALSAMENDIK UTZITAKOA
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 18a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldi txarrak dezente baldintzatu zituen iraupen eskiko Euskal Herriko Txapelketak joan den asteburuan Larra-Belaguako estazioan. Otsailaren 21ean eta 22an klasiko modalitateko txapelketak izan ziren, hala esprintean nola distantzian, eta eguraldi bikaina egin zuen orduko hartan, baina asteburu honetan, patinatzaile modalitateko probetan, eguraldia makurra izan da oso. Larunbatean banakako probak ziren jokatzekoak eta igandean erreleboetakoak. Banakakoak egin ahal izan zituzten, baina, eguraldi txarraren ondorioz, antolatzaileek aldatu egin behar izan zuten hasieran aurreikusitako zirkuitua, eta estazioaren beheko partera mugatu behar izan zuten. Elurra egin zuen goiz osoan, eta, ondorioz, pista ez zegoen egoera egokian. Eroriko asko izan zen. Igandeko probak, berriz, bertan behera utzi zituzten, haize bortitzagatik eta Belaguako mendatea itxita zegoelako elurragatik.

Patinatzaile modalitatean, maila absolutuan, ezustekoa eman zuen Maddalen Ruiz de Galarretak (Uharte), Irati Cuadrado (Irrintzi) klasiko modalitateko txapeldunari aurre hartuta. Cuadrado pare bat aldiz erori zen, eta, horren ondorioz, ezin izan zuen irabazi modalitate horretan. June Aranburu (Alpino Uzturre) izan zen hirugarren. Gazteak indartsu datoz bultzaka. Gizonezkoetan, berriz, Manex Salsamendi Silva olinpikoak (Erronkari) lortu zuen garaipena, Izei Irigoien taldekidea izan zen bigarren eta Ibai Letona (Irrintzi) hirugarren.

Gazteen artean, 16 urtez azpikoetan, Libe Curras (Alpino Uzturre) izan zen garaile, Iradi Elvira (Irrintzi) bigarren eta Sara Eskisabel (CAEI) hirugarren. Mutiletan, berriz, Asier Galetx (Erronkari) gailendu zitzaien Inhar Rosado eta Annde Elizburu Irrintzi taldeko eskiatzaileei. 12 urtez azpikoetan, Lur Elizburu (Irrintzi) izan zen irabazle, Uxue Aramendia (Erronkari) bigarren eta Irati Garjon (Irrintzi) hirugarren. Eta mutiletan, Erronkari taldeko eskiatzaileak izan ziren hiru aurrenekoak: Maciek Aldaz Radontxonska garaile, Urtzi Aramendia bigarren eta Voytek Aldaz Radontxonska hirugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA