Egin du berea aurtengo Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak. Atzo jokatu zen zazpigarren eta azken proba Adunan (Gipuzkoa), zazpigarren ekitaldia han ere, eta Iker Eskibel Elorza eskoriatzarra (Gipuzkoa) eta Maddi Olaetxea Usabiaga usurbildarra (Gipuzkoa) izan ziren irabazle. Zirkuitua osoan, berriz, proba guztietako emaitzak kontuan izanda, Maddi Olaetxea bera eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan dira txapeldun.
Adunako mendi duatloiak hiru zati izan zituen: lehenik, 3,66 kilometro mendian korrika; ondoren, 14,5 kilometro mendiko bizikletaz; eta, azkenik, beste 1,83 kilometro korrika.
Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea tarte zabal samarrarekin gailendu zen Adunako proban (1:24:20), baina korrikako lehen zatian «erdi herren» aritu zela azaldu zuen. Gero, ohi duen moduan, mendiko bizikletan aurrera egin zuen, eta korrikako bigarren zatira «uste baino indartsuago» iritsi zela gaineratu zuen. Nekane Pradera izan zen bigarren (1:28:29) eta Aiara Garaialde hirugarren (1:29:14).

Gizonezkoetan, Iker Eskibel izan zen irabazle Adunan (1:05:27). Ibarrakoaren ondoren, bigarren garaipena lortu du Eskibelek 2025eko mendi duatloien zirkuituan. Aitor Regillaga tolosarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren (1:08:18) eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra (Gipuzkoa) hirugarren (1:08:25). Eskibel korrika baino hobeto moldatzen da mendiko bizikletan, eta hor saiatu zen tartea zabaltzen, «korrikako azken zatian, ahalik eta errenta handiena izateko».
Denboraldi osoa aintzat hartuta, Maddi Olaetxea eta Josu Urrestarazu izan dira EHMDZko txapeldunak bakarka.
Erreleboka, berriz Aitor Herrera Urroz eta Koldo Aizkorbe Jimenez izan ziren garaile Adunan, eta kategoria mistoan, berriz, Larraitz Rodriguez Garcia eta Jon Caballero Garcia (1:15:41). Errelebokako modalitate horretan, Herrera eta Aizkorberentzat izan da EHMDZko txapela.