Ibarrako (Gipuzkoa) Piparra mendi duatloiaren XV. ekitaldia egin zen larunbat arratsaldean. Kirolerako eguraldi egokia lagun, ehundik gora duatloilari aritu ziren lehian, 55 bakarkako proban eta 24 bikotean erreleboka; bikote horietatik bost mistoak ziren. Gaur egun, zirkuituko proba zaharrena da Ibarrakoa, Adunakoarekin batera.
Emakumezkoetan, lehia ederra izan zen Maddi Olaetxea usurbildarraren eta Mayi Mujika legazpiarraren artean. Olaetxeak Aian irabazi berri zuen, eta Mujika Euskal Herriko txapeldun izan zen Kanpezun, aurtengo zirkuituan orain arte parte hartutako proba bakarrean. Korrikako lehen saioan, Mujika izan zen azkarrena, eta Olaetxea harengandik minutu erdira heldu zen mendiko bizikletako trantsiziora. Bizikletan, ordea, usurbildarrak saio bikaina egin zuen, eta hiru minutu baino gehiagoren aldea atera zion legazpiarrari. Korrikako azken saio laburrean, Mujikak segundo gutxi batzuk jan zizkion berriro ere, baina ez garaipena kentzeko adina. Olaetxearen eta Mujikaren atzetik, hirugarren, Aiara Garaialde segurarra helmugaratu zen.
Olaetxeak hirugarren garaipena du 2025eko Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan, Asteasun eta Aian lortutakoen ondoren. Durangon ez zen atera, Idiazabalen hirugarren izan zen, eta Kanpezun bigarren. Azken proba, hau da, Adunakoa jokatzea falta den honetan, hura da zirkuituko azken garaipena lortzeko hautagai nagusia.

Gizonezkoetan, Iker Eskibel eskoriatzarra izan zen garaile Ibarrako Piparra mendi duatloian, joan den urteko garaipena berrituta. Iaz, Ibai Ormaetxea eta biak helmugaratu ziren lehen postuan, kirol legezko keinu eder bat eginda; oraingoan, berriz, bakarrik helmugaratu zen Eskibel. Korrikako lehen saioan, Aitor Regillaga tolosarra izan zen azkarrena, baina lortutako aldea ez zen nahikoa izan mendiko bizikletan Eskibelen joari eusteko. Eskoriatzarra bikain moldatzen da bi gurpilen gainean. Asier Aburuza adunarra izan zen hirugarrena.
Ibarrako proba azken-aurrekoa zen, eta gizonezkoetako aurtengo liderra, Josu Urrestarazu idiazabaldarra, ez zen atera. Nahiz eta azaroaren 15ean jokatzekoa den azken proba, Adunan, Urrestarazuk eskura du txapela.
Erreleboka, Aitor Aizkorbe goizuetarra eta Koldo Herrera sunbildarra izan ziren lehenengoak Ibarran, Endika Mantecon segurarra eta Iñigo Pradera mallabitarra bigarrenak, eta Jokin Askarai lazkaotarra eta Uxer Mozo tolosarra hirugarrenak. Bikote mistoetan, berriz, Maider Unanue eta Ander Agirre izan ziren garaile. Taldeka, Asteasuko Stern Factory Team nagusitu zen.
Ibarrako sailkapen guztiak Euskadiko Triatloi Federazioaren webgunean daude ikusgai.
Azaroaren 12ra arte aukera dago oraindik Adunako probarako eta ondorengo sagardotegirako izena emateko.